EBBko presidentea eta Mexikoko agintari gorena elkartu ziren eta ia hiru orduko batzarra egin zuten herrialde hartako Exekutiboko buruaren egoitza ofizialean. Agintari biek elkarren artean partekatu zuten bakoitzaren nazioko egoera politikoari buruzko ikuskera
OHARRA: Topaketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Andoni Ortuzarri, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari, Mexikoko agintari gorenaren egoitza den Jauregi Nazionaleko ateak ireki zizkion Mexikoko gaur egungo presidente Andrés Manuel López Obradorrek. López Obrador eta Ortuzar ia hiru orduz batzartu ziren adeitasun giroan, eta agintari biek elkarri azaldu zioten bakoitzaren nazioko egoera politikoaz duten ikuskera; izan ere, nazio biek harreman afektibo zahar eta estuak partekatzen dituzte aspalditik,eta horiek ere izan zituzten hizpide. López Obrador eta Ortuzar 2018ko martxoan ezagutu zuten elkar, jeltzaleen buruak Mexikora egin zuen bisitan. Orduko hartan AMLO (Mexikoko gaur egungo presidentearen izenaren akronimoa) Mexikoko presidenterako hautagaia izan zen Morena (Movimiento Regeneración Nacional) alderdiaren ordezkari gisa, urte bereko uztailean egingo ziren hauteskundeetan. Lopez Obrador garaile irten zen 30 milioitik gora botorekin eta herritarren %53ko babesarekin.
López Obradorren eskutik Ortuzar izan zen atzo Mexikoko Estatuko Gobernuaren Aretoa bisitatu duen lehen agintari politikoa. Areto hau aurreko urte bukaeran inauguratu zen eta ‘Sala Daniel Cabrera y los olvidados’ izena eman zitzaion. Mexikoko agintari gorenak euskal agintari erakutsi zizkion Jauregi Nazionaleko hainbat gela eta areto, presidenteak bertan bere bulegoa eta egoitza ezarri dituelarik (Mexikoko aurreko presidenteak Los Pinos-en bizi ziren, gaur egun Museo bilakatu dena). Ondoren, bazkaltzera gonbidatu zuen. Bazkarian, López Obrador eta Ortuzar Mexiko eta Euskadiko egoera politikoaz mintzatu. Ia hiru orduren buruan topaketari amaiera jarri zioten XIX. mendean hainbat alditan Mexikoko presidente izan zen Benito Juárezen erretratuaren ondoan argazki bat eginaz.
“Presidente baikorra aurkitu dut, erronka latzak eta aurkari gogorrak dituela ulertzen duena”, esan zuen Ortuzarrek. “Irmo ikusi dut, oso konbentzituta egiten ari denarekin eta egin behar denarekin, bereziki ustelkeriaren kontrako borrokan eta segurtasun alorrean. López Obrador ahalegin handi-handia egiten ari da horiek biak, ustelkeria eta segurtasunik eza, Mexikoko bizimodutik desager daitezen”. Ortuzarrek gaineratu zuenez “Euskadiko eta Espainiako egoera politikoaz hitz egin dugu . Gure hurrengo hauteskundeez interesatu da, Kataluniako egoera politikoaz eta Pedro Sánchezen gobernu berriaz”. EBBko presidenteak López Obradorri eskertu zion bere adeitasuna eta eskaini zion tratu hurbila, baita bere nazioan bizi den euskal komunitate handiaz eta Mexikon dauden euskal enpresen egoeraz erakutsi duen interesa ere, bereziki Querétaro inguruan kokatuta daudenei dagokienez.