EBBren adierazpena Vox-ek EAJ-PNV ilegalizatzea bultzatzeko egin dituen mehatxuen aurrean

Euzkadi Buru Batzarrak aztertu ditu Vox-ek Euzko Alderdi Jeltzalea ilegalizatzea bultatuko duela esanez behin eta berriz egin dituen mehatxuak

EBBren adierazpena Vox-ek EAJ-PNV ilegalizatzea bultzatzeko egin dituen mehatxuen aurrean 04Azaroak
2019
2019 AzaroaK 04 |
EBB

PARTEKATU

Gaiaren larritasuna aintzat hartuta, ondorengo adierazpenak egin nahi ditugu:

-Alderdi Politikoen askatasuna da sistema demokratikoen ezaugarririk nagusienetakoa. Demokraziaren handitasunetako bat da sistema politiko bakarra dela bere baitan onartzen dituena sistema bera aldatzea helburu duten erakundeak, legeak errespetatzen badituzte, betiere.

-Alderdi politiko batek beste alderdi bat ilegalizatu nahi izatea berez da aldrebeskeria larria eta demokraziaren kontrako erasoa, batez ere ilegalizatzeko mehatxua jaso duen alderdiak bere sorreratik egin dituen 125 urteetan ibilbide orbangabea eskaintzen duenean, bereziki azken berrogei urteotan. EAJ-PNVk aldi honetan funtsezko eginkizuna bete du euskal autogobernuaren erakundetze prozesuan, baita Espainiako estatuaren esparru politikoan ere, Trantsizio izenekoa egin zenetik gaur egunera arte. Ibilbide eredugarria egin du indarrean dagoen lege esparrua errespetatzeari dagokion aldetik, baita Espainiako Konstituzioari dagokionez ere, gure babesa jaso ez zuen arren.

-Euskal gizarteak, hauteskundez hauteskunde, gure proiektu politikoa babestu du, eta hainbatetan eman digu lidergoa erakundeen gobernuan eta ganbera legegileetan.

-Bereziki mingarria da ikustea demokraziara iritsi berri den alderdi batek demokraziaren esentziaren babeslearena egiten duela eta bere gain hartzen duela nor eta zer ilegalizatu behar den erabakitzeko ahalmena. Are mingarriagoa da halakoak bilatzen dituenak Europako edozein demokraziaren oinarrizko printzipioen beste alderdian kokatuta dauden jarrera politikoak defendatzen baditu. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu iraganean sistema demokratikoa asmo txarretarako erabiltzeak dakartzan ondorio larriak pairatu ditugula, besteak beste Adolf Hitlerren Partido Nazionalsozialista Alemanaren aldetik edo Mussoliniren Alderdi Faxista Italiarraren aldetik. Kasu bietan boterera iritsi ziren hauteskundeak irabazi zituztelako, baina gero beren errepublika biak diktadura anker bilakatu zituzten.

-Harrituta eta minduta ikusi dugu alderdi politiko bakar bat ere ez dela irten Vox-en planteamendu onartezin hau salatzera. Gainerako indar demokratiko guztien aldetik eskatzen dugu adierazpen argia egin dezatela Vox-en mehatxuek erantzun argi baino argiagoa jaso dezaten aniztasun politikoaren eta demokraziaren alde. Jabetzen gara Hauteskunde kanpainan gaudela, baina argi daukagu gai hau hauteskundeen gainetik dagoela, politikaren gainetik ere, eta erantzun arina jaso behar duela Vox-ek zalantzarik gabe uler dezan gauza bat dela sistema demokratikoan parte hartzea eta beste gauza, oso bestelakoa, sistemaren jabe egitea ahultzeko eta suntsitzeko.

-Amaitzeko, EAJ-PNV eta Geroa Baiko hautagaiak egunotan jasotzen ari diren mehatxuak, irainak eta presioak salatu nahi ditugu. Guztiz onartezinak dira eta bitxia bada ere (edo ez horrenbeste), Vox-eko buruek EAJ-PNVren kontra hasi duten erasoaren aldi berean egin dira.

Interesatu Zaitez