Bost urte, bost kausa

Gaur ospatzen dugu ETAk behin betiko `su etena´ iragarri zueneko bosgarren urteurrena. Bost urte baino ez dira igaro baina, han denbora laburrean, ematen du indarkeriaren fenomeno hura aurre-historiako zerbait izan zela, aspaldikoa, gizarte honen antzinako iraganekoa.

Bost urte, bost kausa 20Urriak
2016
2016 UrriaK 20 |
EBB

PARTEKATU

Denboran urrun geratzen delako hau da- eta horrekin batera, erailketak , bahiketak, estortsioak desagertu direlako sentsazioa- azken bost urteotako gauzarik esanguratsuena: gure hiritargoak arin baino arinago eta heldutasun osoz eman dio amaiera gure historiaren aldi ilun eta tragiko horri.

Baina, indarkeria horren hainbat ondoriok bizirik diraute oraindik gure artean, eta horiek ez dira beste barik itxi behar, behar bezala eta justiziaz amaitu behar dira. Behin eta berriz errepikatu dugu benetako bakea indarkeria eza baino askoz gehiago dela. Horregatik, indarkeria eza horretatik bake egoerara igarotzeko, nire ustez, erantzunak bost esparrutan eman behar dira:

-ETAren armagabetzea, bere disoluzio formalerako eman beharreko urrats gisa.Ez dauka zentzurik armak eta lehergailuak izatea, horiek erabiltzeko borondaterik ez badago. Eta, hori da, gainera, ETAk euskal gizarteari zor dion zerbait. Prozedura sinplea, segurua eta egiaztagarria bilatu beharko da hori berehala eman dadin. Estatuko Administrazioaren aldetik armagabetze hori eragozteko egiten ari dena ezin da helburu hori lortzeko oztopoa izan. Ameskerietan ere ez dugu erori behar, etorkizuneko negoziaketa prozesuetan "armak presoen truke" trukatu ahal izango direlako esperoan. Armagabetzea burutzeko aukerak egon badaude. Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduan plan bat aurkeztu zuen eta uste dut plan horrek bide bat eskaintzen duela.

-Memoria bidezko bat. Indarkeriaren biktimek eta, oro har, gizarte osoak, memoria bat merezi du 50 odol eta min urte horietan eragin diren zauriak orbantzeko eta gainditzeko. Oroimen eta pedagogia soziala behar dira halakoak ez errepikatzeko antidoto gisa.

-Iraganari buruzko hausnarketa kritiko eta autokritikoa. Besteek egingo dutenaren zain egon gabe eta, are gutxiago, bakoitzak egin behar duen autokritika besteek egingo dutenaren arabera baldintzatu gabe. Bakoitzak bere aurpegiari begiratu beharko dio herri honen historiaren ispiluan, eta beren ekintzek eta egin gabe utzitakoek eragin duten min bidegabea aitortu beharko du.

-Espetxe politika berria. Indarkeria terroristaren salbuespen egoera amaituta, lege antiterroristaren salbuespen egoera amaitu beharra dago. Bestelako espetxe politika behar da, gizalegearen araberakoa, adimentsua eta ETAren jardunaren ondoriorik agirikoena bideratzen lagunduko duena.

-Bizikidetzaren normalizazioa. Seguruenik, arestian esandako lau kausa horiek behar bezala burutzen baditugu, bosgarren hau errazagoa izango da. Baina, edozein kasutan, ezberdinen arteko bizikidetza balore gisa indartu beharko dugu, Euskadi berria bakean eta askatasunean oinarritzeko giza aberastasuna den heinean. Iraganeko traumak eta zauriak gainditzea, etorkizunari ezkortasunik gabe begiratu ahal izatea eta, batez ere, etorkizun hori gizarte ireki, anitz eta garatuarekin partekatzea. Abiapuntu ona daukagu horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza plana.

Bost urte igaro dira eta orain beste lau urteak hasten dira, esparru politiko eta sozialean baliatu beharko ditugunak. Euskadiko legealdi berria eta Espainiako legealdia ia batera hasiko dira. Apur ditzagun iraganeko joerak, amai dezagun gelditasunarekin, ken ditzagun eragozpenak eta alderdien arteko elkarrizketa abian jar dezagun, bost kausa on hauei aurre egiteko eta konponbidea bilatzeko. Euzko Alderdi Jeltzalea hortxe egongo da beti saiatzeko prest.

Eta, asmo horrekin joango gara Joseba Aurrekoetxea eta biok datorren larunbatean Aieteko Jauregian ospatuko den Foro Sozial Iraunkorraren bilerara.

Andoni Ortuzar Arruabarrena

Euzkadi Buru Batzarraren presidentea

Interesatu Zaitez