Nazio Batuen Batzar Nagusiaren erabakiz azaroaren 25ean ospatuko den “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” izenekoaren kariaz, EAJ-PNVren aldetik, beste behin ere, emakumeen kontra eta bere dimentsio guztietan (fisikoa, psikikoa, sexuala, zuzena eta zeharkakoa...) eragiten diren indarkeria adierazpen guztien kontrako gaitzespenik sendoena eta erabatekoena adierazi nahi dugu.
24Azaroak Indarkeria hauen artean sartzen ditugu begi-bistan identifikatzeko zailen izan ditzakegunak edo gizartean nahiko onartuta daudenak, besteak beste, estereotipo eta rolak eta bizitzako hainbat esparrutan emakumeei ematen zaien ikusgarritasun eskasa. Era berean, emakume izate hutsagatik, emakumeen kontra eragiten den indarkeriaren kontrako konpromisorik sendoena berretsi nahi dugu, indarkeria hori delako desberdintasunaren eta genero diskriminazioaren adierazpenik larriena.
Emakumeen kontrako indarkeriak gizartearen egiturarik sakonenetan ditu bere sustraiak, erakundeetan, elkarteetan eta, oro har, gizartean, gero eta gaitzespen erabatekoagoa eta argiagoa jasotzen duen arren. Zentzu honetan azpimarratu beharra dago gizarte zibila eta erakundeak egiten ari garen lana, herritarren artean emakumeen kontrako indarkeriak dituen alderdi guztiak eta berriz ere ez gertatzeko hartu behar diren neurriak ezagutzeak duen garrantziaz ohartarazteko eta sentiberatzeko.
Eraso eta jokaera sexistak ez dira isolatuta agertzen diren jarrerak, umezarotik eta bizitza osoan emakumeen kontrako indarkeria baimentzen duen sistema baten parte dira eta emakumeen segurtasuna, askatasuna eta gaitasunak erasotzen dituzte. Oraindik ere, zoritxarrez, asko eta asko dira gure gizartean giza eskubideen urratze argi horiek baimentzen eta legitimatzen dituzten jarrerak eta jokaerak.
Desberdintasuna dago emakumeen kontrako indarkeriaren oinarrian eta, beraz, indarkeria hau desagerrarazteko borroka eraginkorrari ekiteko orduan, berdintasun eta parekidetasun politikatik ekin behar zaio. EAJ-PNVren aldetik, aurrerako urratsa emango duen gizartearen aldeko apustua egin nahi dugu, emakumeen kontrako indarkeria arbuiatzeaz gain, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bultzatuko duena, eta horretarako ezinbesteko dugu balore aldaketa sakona burutzea. Horretarako, generoaren araberako rol eta estereotipoetatik libre egongo den gizartea eraiki behar dugu, zeinetan, emakume eta gizonen arteko harreman afektibo eta sozialak eraikitzeko prozesuan aldaketa sakonak egin beharko diren.
Beste behin ere adierazi nahi dugu oso kezkatuta gaudela emakumeen kontrako indarkeriak gazteen artean daukan eraginagatik, eta egoera hori aldatzeko behin eta berriz ahaleginak eta baliabideak jarri behar ditugu harreman ez hierarkikoak eraikitzeko, gazte guztien arteko errespetuan, askatasunean eta autonomian oinarrituta. Gazteen alde eta gazteekin lanean segitu behar dugu emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko lanean, indarkeria horren dimentsio ezberdinak ezagutarazi behar diegu eta pertsona guztien berdintasun eskubidearen eta duintasunaren kontrako jarrerak salatzeak duen garrantziaz ohartarazi behar diegu.
Azken finean, EAJ-PNVren aldetik onartzen dugu eta geure egiten dugu emakumeen kontra eragiten den indarkeriaren aurrean dagokigun erantzukizun sozial eta politikoa, gure eguneroko jarrerak eta ohiko jokaerak gero eta gizarte berdintzaileagoa lortzeko bidean jarriz. Ez dugu onartuko emakumeen kontrako erasoei edo jarrera diskriminatzaileei garrantzia kentzeko edo indarkeria horiek justifikatzeko diskurtsorik.
Emakumeen kontra eragiten den indarkeria desagerrarazteko lana gizarte osoaren eta erakunde guztien erantzukizun partekatua delako, EAJ-PNVren aldetik halako jarrerak salatzen segituko dugu, emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazlerik handiena delakoan.