EAJ-PNV-ren sorreraren 120. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak “zortzigarren herrialdeko” euskaldunak omendu zituen, eta talde jeltzalea urte hauetan guztietan euskal gizartearen eta Euskadiren garapenaren zerbitzura egon dela gogoratu zuen.
Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren burua, Boisen izan zen atzo (Idaho, Amerikako Estatu Batuak) Euzko Alderdi Jeltzalearen 120. urteurrenaren ospakizunean. Grove enparantzan jendaurrean egin zen ekitaldian, Ortuzarrek euskaraz eta ingelesez azpimarratu zuen EAJ bere historia osoan egon dela euskal gizartearen eta Euskadiren garapenaren zerbitzura, eta euskal-amerikarren laguntasuna eskatu zuen, une honetan Euskadirentzat mundu globalizatu honetan toki propioa egiteko irekitzen den aukera paregabea baliatzeko. Euzkadi Buru Batzarraren buruak ondoan izan zituen ospakizunean Urkullu lehendakaria; David Bieter, Boiseko alkatea; EBBren barruan kanpo harremanetarako arduradun Iñaki Goikoetxeta; Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusi Unai Rementeria; Rafa Anchia, Alderdi Demokratikoaren kongresista Texas Estatuan; eta Euskaditik eta munduko hainbat tokitik Idahora bidaiatu diren alderdizale. Ekitaldia amaitzeko orduan, EBB-ren buruak argizaiola bat eman zion Boiseko alkate eta amerikar diasporaren ordezkariari, euskal kausaren garra piztuta mantentzeko egin zuten ahalegina eskertzeko.
Ortuzarrek, horren berezia eta ezberdina izan den uztailaren 31 honetan, EAJ-k euskal gizartearen zerbitzura egon den eta dagoen alderdi politiko gisa egin duen ibilbidea azpimarratu du: " Gaurko honetan 120 urte betetzen ditugu, eta horiek urte guztiak eman ditugu euskal gizartearen zerbitzura, euskal aberria eraikitzeko ahaleginaren zerbitzura, gure herriaren eta herrikideen alde, beti gure herriaren garapena finkatzeko helburuarekin".
EBBren presidenteak omenaldi hunkitua eskaini nahi izan zion diaspora osoari, eta bereziki Amerikan bizi denari eta "zortzigarren herrialdea" osatzen dutela esan zuen. "Guztion artean zortzigarren euskal herrialdea eraikitzen eta bizirik mantentzen jakin duzue. Bihotzez eskertzen dizuet" esan du Ortuzarrek. Zentzu berean gogoratu zituen Jon Bilbao eta Pete Cenarrusa "bidea egin zuten gizonak".
Jeltzaleen buruak euskal lurraldetik kanpo bizi diren euskaldunen laguntza aktiboa eskatu zuen. "Euskadik itxaropen momentua bizi du orain, zailtasun batzuekin, bai, baina aukera bikaina daukagu Euskadik mundu globalizatu honetan bere toki propioa izan dezan. Eta, horretarako, denok behar zaituztegu, itsasoaren beste aldean bizi zareten euskal emakume eta gizonak. Zuek ere Euskadi handiago egiten duzue, handiago egiten duzue gure kausa. Nazioarte mailan ditugun ordezkariak zarete". Aldi berean, Boiseko euskaldunek eta diasporako beste euskaldunek Euzko Alderdi Jeltzalearen garra piztuta mantentzeko egin duten ahalegina eskertu du: "Gure Alderdiaren historia poztasunez beteta dago, baina zailtasunak,mina, debekua eta erbestea ere pairatu ditugu. Inoiz ahaztu beharko ez genukeen denbora batean, gure herri eskubide guztiak kendu zizkiguten: ezin ginen euskaraz bizi, gure kultura isilarazi nahi izan zuten, gure eskubide guztiak kendu zizkiguten. Eta, une gogor haietan, Amerikan sortu zen euskal kausa defendatzeko ekimena. Jon Bilbaok esaten zuen moduan (aitzindaria eta euskaldun unibertsala), Boiseko eta Amerikako beste hainbat hirietako euskal emakume eta gizonak ziren garai haietako euskaldun aske bakarrak; gure hizkuntzaz mintzatzeko askeak ziren euskaldun bakarrak, euskaldun gisa pentsatzeko eta adierazteko askatasuna izan zuten bakarrak. Hemen aurkitu zuten askatasuna, lana eta bizimodu berria, euskaldun izateko modu berria".
Ortuzarrek gogoratu zuenez Amerikan babesa aurkitu zuen herrikideetako bat izan zela Agirre lehendakaria bera: Ordutik hona eta gaur arte, euskaldunok beti izan dute hemen "home sweet home" "etxe gozoa" eraikitzeko aukera, euskaraz bizitzeko, euskal nortasuna indartzeko eta altxor handi hori hurrengo belaunaldiei transmititzeko. Bihotz-bihotzez, gure eskerrik beroena Amerika osoari, milaka euskal herritar horren ondo hartu dituen kontinente osoari" aldarrikatu zuen, eta Obama presidenteak berak Boiseko euskal-amerikarrak gogoratzeko esan zituen hitzak azpimarratu zituen.
Zentzu honetan, Idahoko Kongresuak Euskadiren nazio eskubideen alde egin dituen adierazpenak ekarri zituen gogora: "Ez dugu sekula ahaztuko lur honek euskal herritarrak besoak zabalik hartzeaz gain, Idahoko Kongresua ere bihurtu dela euskal herriaren nazio eskubideen erreferentzi erreal eta paregabea".
Andoni Ortuzar Boisen. EAJ-PNVren sorreraren 120. urteurrena