EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente den Andoni Ortuzarrek adierazi duenez, “adi egongo gara” Estatuari dagokionez. “Euzko Alderdi Jeltzalea adi egongo da. Adi, lege dekretu uniformizatzaileen bidez inposatzen ari diren berdintze lanen aurrean. Ez gaude horrekin ados. Diseinatzen ari diren mapa instituzionalarekin. Ez gara inoiz ados agon. Espainiak estatu zentralista izan nahi badu, egin dezala. Baina bide horretan ez du Euskadi eta euskal abertzaletasuna aurkituko”.
Buruzagi abertzaleak azpimarratu duenez, “Euskadi eta Estatuaren arteko elkarbizitza ituna nahi badute, ezer baino lehenago, euskal hiritarren borondatea errespetatu beharko dute. Izan ere, elkarbizitza ezin da inola ere inposatu, askatasunez erabaki behar da”.
Etxe barruari dagokionez ere hitz egin du Ortuzarrek eta azaldu du “Euzko Alderdi Jeltzaleak bere konpromisoa beteko” duela. “Eusko Legebiltzaren bilkura aldi berrian, XXI.mendeko Euskadiko estatus politikoa ekarriko duen ponentzia bultzatuko dugu. Jantzi juridiko-politiko berria, gure gizartearen autogobernu nahia islatuko duena”.