Ibarretxe: “ETA kanpora”
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak urte amaierako mezuan ETAri zuzenduz zera adierazi du: “ETAri hitz bakarra esan behar diogu, hitz bakar hori nahikoa baita, “ETA kanpora”. Alde egin geure bizitzetatik, ez jarraitu gure bihotzak erdibitzen, eta herri honen izen ona zikintzen”.
Ibarretxek gaineratu duenez, “2008. urtea amaitzera doa, urte gogorra, baina 2009a oraindik gogorragoa izango da. Ez dut, hala ere, ezkorra izan nahi, esperantza mezua helarazi nahi dizuet”. “Esperantza, ez egoera erraza izango dugulako, baizik euskal gizartearengan konfiantza osoa dudalako. Zuengan sinesten dut, gure langileengan, gure enpresaburuengan, gure merkatariengan, gure autonomoengan… herri honetako gizon-emakumeek aterako gaituzte egoera zail honetatik. Aurrera egingo dugu, lehen ere orain bezain egoera zailetan, edo zailagoetan, aurrera egiten asmatu dugun bezalaxe”.
Lehendakariaren ustez, “horixe da behar duguna, geure buruarengan konfiantza, konpromisoa eta lan egitea. Konfiantza, konpromisoa, eta lana, bakea lortzeko, krisi ekonomikoari aurre egiteko, ekonomia suspertzen hasi orduko, egoera horretaz aprobetxatzeko”.
“Inork ez dio sekula ezer oparitu euskal herriari. Geureak eta bi behar izan ditugu politikan, ekonomian eta gizartean aurrera egiteko. Eta ez dut inolako zalantzarik etorkizunean ere hala izango dela, inork ez digu ezer oparituko. Egia da, eta hala aitortzen dute aditu guztiek, euskal ekonomia, europar edo espainiar ekonomia baino hobeto prestatua dagoela krisiari aurre egiteko. Egia da, baina hori ezin zaigu kontsolagarri gertatu, are gutxiago autokonplazentziara eraman”.
Amaitzeko, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak azpimarratu nahi izan du “errealismoz, gozagarriak albo batera utziaz, esan nahi dizuet 2009a urte zaila izango dela. Baina ez gaitezen gizartea gerarazten duen izu-ikaran erori. Prest gaude bidea egiteko. Euskal erakundeen kudeaketa nahiko ona da, baditugu ideiak, baditugu baliabideak arazoei aurre egiteko. Eta euskal gizarteak, gure enpresek, gure gizon-emakumeek badute indar nahikoa borrokarako, lanerako”.
Hain zuzen ere, zer zetorkigun ikusirik, eta egoera horri aurre hartzeko, onartu genuen Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioek, 2008ko ekainean, 12.800 milioi euroko Plana ekonomia dinamizatzeko; Espainian krisi hitza ozen esatea debekatua zegoen garaian.