Iñigo Urkullu
22Urria
2010
22 |
Hitzaldia

Donibane Lohitzuneko batzokiaren inaugurazioa

Iñigo Urkullu
Urria 22 | 2010 |
Hitzaldia

Egunon denei eta ongi etorriak.

"Euskotarren aberria Euzkadi da " eta gaur gure aberriarentzako egun handia da.

Gaur aurrera pauso berri bat ematen dugu Euskadiren ibilbidean.

Agirre Lehendakariak esaten zuen moduan "errijak ez dira egun batetan egiten ". Gaur hemen gure "errrija", gure aberria, egin egiten ari da.

Batzoki berri honi esker, Euzko Alderdi Jeltzalea barrutik eta kanpotik berritzen da. Barrutik indartu egiten gara. Alderdikide askoren lanari esker Batzoki berria dugu, euskotar berri asko erakarriko duena.

Eta kanpora begira, gizarteari ate berri bat irekitzen diogu.

Iparraldeko gizarteak ate berri bat dauka hemen, Iparralde eta  Euskadiren alde lana egiteko, gure hizkuntza, gure kultura, gure herria bultzatzeko.

Hori da gure lehen helburua, gizarteari ate bat irekitzea.

Batzoki hau hori da, ate zabal irekia, Iparralde eta Euskadiren alde elkarlana egiteko.

 

Bigarrena.

Batzokia gertuko helburu batekin irekitzen dugu. Lan asko daukagu aurrez-aurre, baina gaurko lehentasuna "lurralde kolektibitatea lortzea da ("colectividad territorial").

Hau da gure epe laburreko helburua. Gure "errija" egiten jarraitzeko egun egin beharrekoa. Hau da egungo pausoa, pausoz pauso Euskadiren katea indartzen jarraitzeko.

Euzko Alderdi Jeltzaleak argi erakutsi du bide malkarrak gainditzen jakin badakiela.

Zergatik? Gure helburua eta nahia hemen dagoelako, hemen bakarrik dagoelako.

Gure helburu eta nahi bakarra Iparralde da, Iparraldeko interesak defenditzea.

Ibili dabilenak daki bidearen berri, eta Hegoaldeko bideak lagunduko digu Iparraldeko bidean aurrera egiten jarraitzea.

Bide horretan gaur Batzoki honetan biltzen gara, arnasa hartu eta indar berriz aurrera jarraitzeko.

 

Eta hirugarrena.

Garai berri baten aurrean gaude gure aberrian.

Garai berri hori landu eta lortu egin behar dugu.

Aurrez aurre daukagu eta gure esku dago.

Politikaren bidea da. Azkeneko mende luze honetan gure bide bakarra izan dana. Orain indarkeriaren zuloan egondakoak, politikaren bidera ere badatoz. Horrela bada, ongi etorriak izango dira. Hori baita gure herriak behar duena.

Politika garai honek Iparralde eta Hegoalde uztartzeko aukera berri bat ematen digu, eta aukera hori gauzatzen, egiaztatzen,  asmatu behar dugu.

Hori da gaur gure erronka eta erantzukizuna.

Horretarako irekitzen dugu Batzoki berri hau, gure herri bakarra, Iparraldean eta Hegoaldean,  elkartzeko, indartzeko eta zabaltzeko.

 

Batzoki berria dugu Iparraldean.

Alderdikide askoren lanari esker alderdikide askoren ametsa betetzen da.

Aitaren etxean gaude, "errija" egunez egun egiten, ateak eta leihoak zabaltzen.

Katea ez da eten. Garai berri baten aurrean gaude.

Egin dezagun bada aurrera. 

 

Gora Euzko Alderdi Jeltzalea! Gora Euskadi Askatuta!

PARTEKATU