Iritzia
28Ekaina
2010
28 |
Iritzia

Askatasunaren eta aldaketaren artean

Iritzia
Ekaina 28 | 2010 |
Iritzia

Politikaren krisiaz ikerketak eta iritziak hedatzen diren garaiotan, gure arteko gizon bat ekarri nahi dugu lerro hauetara: Jose Antonio Agirre, Euskadiko aurreneko lehendakaria. Bere politikagintzak zer argi egin diezagukeen ikusi nahi dugu, lidergo politikoa auzitan jarrita dagoen honetan.

Giro makurrean egokitu zitzaion Agirreri Euskadiren lema hartzea. Haatik, oinarri politiko indartsuen gainean jaso zuen gobernua. “Eusko Jaurlaritzak euskal herriaren ezaugarri nazionalak gorde eta zainduko ditu. Ezaugarri horiek guztiz aintzat hartzen eta babesten lagundu beharko du euskal nortasuna onartzeak horretara behartuta, Jaurlaritza hau euskal nortasunaren adierazpen eta bermea baita”. Horra aurreneko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren gihar politikoa, Gernikako Arbolaren gerizpean sinatua 1936ko urriaren 7an. Jose Antonio Agirre lehendakariak eta bere kabineteko sailburu guztiek izenpetu zuten: lau EAJkoak ziren, hiru PSOEkoak, eta sailburu bana zeukaten Izquierda Republicanak, Espainiako Alderdi Komunistak, EAE-ANVk eta Unión Republicanak. Horra hilabete batzuk lehenago lehertutako gerratean sortu zen Jaurlaritza bildua.

Hil zela berrogeita hamar urte betetzen diren honetan, bada Agirre lehendakariari buruzko aipamen bat baino gehiago. Desberdinen arteko akordioaren eta transbertsalitatearen eredutzat aurkezten dute batzuek. Ez dago ahazterik, ordea, haren ardatz politikoa Euskadiren naziotasuna eta bere herritarrak defenditzea izan zela, jeltzale gisa eta Jaurlaritzako lehendakari gisa, hasieratik bukaerara. Hura ez zen funtsezko printzipioak aldatzen, are gutxiago ukatzen zituena; aitzitik, oinarriei beti eusten zien tinko: Euskadik bere buruaren jabe izateko eskubidea zeukala konbentziturik, hura gauzatzearen alde gastatu zuen bere bizitza. Ez zitzaion musu-truk atera aukera hura. Haustura bat baino gehiago bizi izan zuen, besteak beste Gobernuan bertan gertatu zena PSOEko Santiago Aznarrek dimititu egin behar izan baitzuen Alderdi Sozialistaren aginduz, Industria sailburua lehendakariarekin bat zetorrela eta.

Oso gazterik piztu zitzaion Jose Antonio Agirreri herriaganako sugarra. Getxoko alkate zela, II. Errepublika aldarrikatu berri-berritan, han ageri zaigu Bizkaiko alkateen Ibilaldian 1931ko apirilaren 17an, Gernikako haritzpean Euskal Udalen Biltzarra egiteko ekimenaren buruan. Biltzarra ez zen gauzatu, ordea. Espainiar Errepublikaren behin behingo gobernuak eragotzi zuen. Guardia zibila eta oinezko soldaduak bidali zituen Gernikako sarbide guztiak ixtera. Alkateak ez ziren iritsi Juntetxera, baina denek sinatu zuten euskal herriari zuzendutako agiria. Hantxe ageri da lehen aldiz autodeterminazio eskubidearen aldarria.

Agirrek barne-muinetan sartua zeuzkan zuzentasuna eta gizalegea. Gizabanakoa izan nahiz herria izan, ahularekin eta zapalduarekin bat egiten duen kristautasunean errotutako gizona dugu eta sutsuki defendituko du euskal herriak bere burua gobernatzeko eskubidea. Fedeko gizona da eta, beraz, arnasa sakon eta itxaropen sendokoa, Euskadiren aldeko borrokan etsiko ez duena. 1931n lehenengo euskal Estatutuaren alde ariko da buru-belarri eta asper gabe. Sekulakoa izan zen herriaren erantzuna, 1933ko erreferendumean herritarren %84k baiezkoa eman baitzioten Estatutuari. Ez zuten, hala baina, berehalakoan onartu Madrilgo Gorteetan. Gerra zibilean jaio zen Euskadiren autonomia berria, 1936ko urriaren 1ean.

Sei urte horietan Euskal Herriaren esana betetzearen aurkako kolpe latzak ikusiko ditu Agirrek. Bere hitz zorrotzek erakusten digute: “Egiazki, deigarria da gure herriko indar ezkertiar eta eskuindar monarkiko españolistak nola bat etortzen diren ikustea euskal herria bere askatasunaren alde altxatzen denean. Orduan, zilegi dira kointzidentzia ukatzaileak, berez sortzen dira. Justifikagarriak gertatzen dira era guztietako itun suntsitzaileak.” Ez du ilerik mingainean, atzerrian idatziko duen honek erakusten duenez: “Euzkadin bizi ziren sozialisten artean oraindik badira Liga Monarkikoaren ordezkari eta oinordeko axolagabeki izan nahi dutenak. Gezurra dirudi. Izan ere, Liga Monarkikoak zera baitu bere egitekoa, Madrili jarraitzea gauza guztietan eta herriarentzat askatasun-izpi bat esan nahi zuen ekimen oro geldiaraztea. Herri gaixoa gurea, bere etorkizuna inoiz horien eskuetan eror baledi!”.

Agirre lehendakaria ez dabil duda-mudan euskal gatazkaren iturburuaz. Eguna jartzen dio: 1839ko urriaren 25a, esanez egun hartantxe ebatzi zutela Espainiako Gorteek euskal Foruak deuseztatzea, hauek onartuak zirela adierazi baitzuten baina «Monarkiaren batasun konstituzionalaren kaltetan ez izatekotan». Beraz, Agirrek zioen euskal abertzaletasunak eta harekin Euskadik ezin zutela ontzat eman ez adostasunik eskaini inoizko Konstituzio espainiarri 1839ko zuzenbide egoerari erdiz erdi erasotzen ziolako, hau da, Euskadiren subiranotasun-eskaeraren oinarri juridikoari. Irmo esango du: “subiranotasun-eskari hau betetzen ez den artean ez da amaituko protesta”.

Makina bat aldiz eztabaidatuko du auzi horien inguruan Jose Antonio Agirrek Diputatuen Kongresuan, elkarrizketarako beti prest eta zabalik baina inoiz ere ahaztu gabe zein den bere egitekoa: Euskadik herri aske izateko eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela defenditzea eta horri eragozpenak jartzea zorrotz salatzea. Hala egingo du nazioartean ere, artikulu honen hurrengo atalean jorratuko dugunez.

Konstituzio espainiarra eta Euskadiren burujabetza aurrez aurre jarriz eta bigarrenaren alde eginez utzi dugu Jose Antonio Agirre idazki honen lehen atalean. Arazoa ukatzen edo ezkutatzen dutenei, euskal gatazka nondik datorren eta nola konponduko den azalduko die behin eta berriz zalantzarik egin gabe: euskal herriaren askatasuna bermatzen zuen legedia baliogabetu ondoren, herri-eskubideak aitortu eta betez soilik amaituko da arazoa.

Euskadiren naziotasunaren oinarriak nabarmendu eta berrituko ditu Agirrek, hala nola euskara bultzatzea, indarkeriaren gaitzespena eta euskaldunen arteko batasunaren beharra. Aurreneko lehendakariaren aburuz, funtsezkoa da “gure ezaugarri nazionalen garapen praktikoa eta sendoa, eta horien artean, lehenenik euskararena, gure hizkuntzarena. Euskaldun izena eramateko duin izanik, gure hizkuntza ez dakien inortxo ere ez dadila euskara ikasi gabe geratu”. Bakea ere jarrera eta jokaera behinena du Agirrek. Honela mintzatuko zaio herriari 1939ko Gabon Mezuan, gerra galdu ostean: “Sufrituak sufritu, gure aurka egindako bidegabekeriak bidegabekeria... inoiz ezin izango dugu gure herria indarkeriaren eta gorrotoaren oinarrietatik eraiki”. Eguberri garaiko mezu honetan bertan euskaldun guztien batasunerako deia egingo du lehendakariak. Dei horixe bera aurkituko dugu 30 urte geroago, Euskadiri bidalitako azken Gabon Mezuan: “Herriak zailtasunetan ezagutzen dira eta uneotan jasaten ari garen zorigaitzari erantzuteko era bakarra dago: euskaldun guztion bategite hertsia. Ba al da bide hoberik gure borrokan aurrera egiteko?”

Herriari ez zion inoiz begirik kendu Jose Antonio Agirrek eta aldi berean adi-adi jarraitu zion munduan gertatzen zenari, Euskadiri nola eragingo erne. Kultura handiko gizona, bigarren mundu gerraren ostean Europako elkartearen sorreran esku hartu zuen. 1949 urtea zen Europar Federaziorako Nazionalitateen Arazoa deritzan agiria idatzi zuenean. Ohartarazi zuen Baltikoko, Balkanetako eta Iberiar Penintsulako herrien zapalketa konpondu beharra zeukala Europak, indarkeria lehertzeko arriskua iragarriz. Giza Eskubideen Agiria sortu berria zen eta han jasoa zegoen herri bakoitzak eskubidea zuela nahi zuen gobernu-moldea askatasunez erabakitzeko. Baina lehendakaria azkar konturatu zen han bazela hutsune juridiko bat, ez baitzen argitzen nola gauzatu eskubide hura Estaturik gabeko herrietan. Zazpi printzipio aletu zituen, non askatasun politikorako eskubideaz arau juridiko nagusi bat aldarrikatuko zen eskubide hori gauzatzeko borondate eta gaitasun politiko nahikoa zuen herri ororentzat, erabakitzen zuen formula erabakitzen zuela, Estatu izatera iristea barne; halaber, status juridiko-politiko berria zertu bitartean, alde guztien bakea bermatuko zuen Federazio Europarraren Erakundeak. Oinarri horiek gauzatuz bakarrik eraiki ahal izango zen bake sendo bat Europan, zioen Agirrek.

Europa baturanzko eraikuntzan herri-eskubideekin batera jokoan zegoen baita ere politika ekonomikoak eta gizarte-aurrerapenari buruzkoak erabaki ahal izatea. Ederki jabetzen zen lehendakaria horretaz. 1959an, Europako Merkatu Komuna abiatu berritan, gogor salatu zuen Agirrek erregimen frankista Espainia xoxik gabe aurkitzen zelako, bankarrotan, nazioartetik isolatua, eta Euskadi askatasunik gabe bere kabuz erantzuteko. Diktadurari garrazki leporatzen zion “zuzenketak berandu eta bat-batean erabakitzea, desesperatzeko moduko egoera ekonomikoak derrigortuta eta nazioarteak aginduta”, Diru Funtsak eta Europako Erakunde Ekonomikoak ezarritako “baldintza guztiak onarrarazi baitzizkioten Espainiari bere finantzen egonkortasuna berreskuratzeko”.

Azken batean, «askatasunaren eta iraultzaren artean» ikusten zituen Agirrek Euskadi eta euskal abertzaletasuna. Lehendakari haren eta EAJren begi-bistan dago beti Euskal Herriaren askatasuna, eskuinetik eta ezkerretik oztopatua: “Geurea dugulako, irabazi nahi dugun askatasunaren eta, helburu hori eragotziz, arrotza zitzaigun iraultzaren artean borrokatu gara”, idatzi zuen. Ia mende bat geroago, gaurko gure borroka askatasunaren eta «aldaketa demokratikoaren» artean ari gara burutzen. Izan ere askatasuna du helmuga erabakitzeko eskubideak eta oraingoan euskal herriak arrotza duen PSE-PSOEren eta PPren arteko «aldaketa demokratikoak» galarazi du, eta ETAren indarkeria iraultzaileak zaildu.

Beraz ba, bada garaia ETAk herriari entzun eta sufrimendua ereiteari utz diezaion, armak betiko isilduz. Garaia dugu gure herria giza eskubide guztiak errespetatuz eraikitzeko eta baita eskubide indibidualak zein kolektiboak ukatzen dituztenei aurre egiteko ere. Eta heldu zaigu ordua Euskadiren alde gure indarrak biltzeko eta herritarrei hitza eta erabakia emateko.

Komunikabideen, irudiaren eta merkatuaren zurrunbiloan lider politikoak bilatzen diren bitartean, guk Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta bere belaunaldiko hainbaten memoria oroitzen dugu. Haien konpromisoa, eskuzabaltasuna eta lana sustatu beharra daukagu, euskal izaeraren ezaugarri modernoak direlako, gaurkoak nahiz etorkizunekoak, nortasun bereziko lidergo politikoaren seinale direlako, areago ere balio unibertsala daukatelako. Gerrateko eta diktadurako urte gupidagabe eta anker haietan, gizatasuna izan zuten lege eta humanizatu egin zuten politika, begirunea izan zieten demokraziari eta giza duintasunari, arnasa eman zioten herri gurutziltzatuari, ahotsa jarri zioten egia isildu eta zapalduari. Aldarrikapen zuzen bat izan zuten motorra eta gaur, XXI. mendean, geure egiten dugu esaten dugun bakoitzean Gora Euskadi askatuta!

 

PARTEKATU