Hala esan du Jone Berriozabalek, EAJ-PNVren izenean, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Hizkuntza-Hautaketaren Askatasunerako Plataformak izan duen agerraldian
¨Kontua ez da eskubide bat besteari gainjartzea. Bi eskubide bateratu nahi ditugu: gurasoen hautatzeko eskubidea, eta ikasleek bi hizkuntza ofizialak ikasteko duten eskubidea, hain zuzen ere¨. Hau adierazi die Jone Berriozabalek, Euzko Abertzaleak Taldearen izenean, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean agertu diren Hizkuntza-Hautaketaren Askatasunerako Plataformako ordezkariei. Platafoma honetako kideek euren analisiak eta proposamenak azaldu dituzte, 2010-2011 ikasturterako matrikulazio-sistema aldatzeko prozesuaren inguruan. Plataforma horrek salatu du, hainbat erakunderen aldetik bultzatutako kanpainak, D ereduaren aldekoak, beldurrezkoak¨ eta ¨desinformatzekoak¨ direla. Horren aurrean, EAJk defendatu du ¨D eredua sustatzea eta hatautzeko askatasuna ez daudela kontrajarrita¨. ¨Matrikulazio datuak erabat argiak dira. Euskal familia gehienek hautatzen duten hizkuntza-ereduen islada dira.¨
Jone Berriozabalek, Euzko Abertzaleak Taldeko legebiltzarkideak, azpimarratu nahi izan duenez, hiru Foru Aldundiak eta Udal abertzaleak ez dira D eredua sustatzen duten bakarrak. ¨ Sustapen argia eta garbia da, udal hizkuntza-politikaren barnean burutzen dena, Legebiltzar honek onartutako EBPNa, Euskararen Erabileraren Plan Orokorra garatzeko. Kontutan izan behar da A eredua, egun egituratua dagoen moduan, ez dela nahikoa ikasleen eskubidea bermatzeko; hau da, Euskadin dauden bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eskubidea bermatzeko; hori dela eta, ulertzen dugu D eredua sustatzea baikorra dela¨.
EAJk agerian utzi nahi du beti defendatu duela gurasoek duten erabakitzeko eskubidea, euren seme-alabek ikasteko eredua hautatzerakoan. ¨Gure taldeak ez du ahazten, gurasoen eskubidearekin batera, beste eskubide bat babestu beharra dagoela: ikasleek, ikasketak bukatzen dituztenean, euskara eta erdara jakiteko eskubidea, hain zuzen. Talde honek eskatzen die euren eskubideak erreklama ditzatela, baina erreklamazio hori errudunak bilatu gabe egin dezatela; euskara, D eredua eta erdara eta, euskara maila berean egoteko, euskararen aldeko estrategiak sustatzen dituztenak,ez dira erruduntzat jo behar", azaldu du Berriozabal jeltzaleak. Bukatzeko, Hizkuntza-Hautaketaren Askatasunerako Plataforma animatzen du ¨eraikitzera, gehitzera, eta ez aurka jartzera, ezta murriztera ere. Aurka jartzeak ez dio inori ezta ezerri mesederik egiten.¨