"Urtarrilaren 15ean bertan Sailaren ordezkarien eta sindikatuen ordezkarien arteko negoziaketarako egin zen mahaia bat batean eta inolako akordiorik gabe amaitu ondoren, alde ezberdinek eginiko balorazio kontraesankorrak entzun ditugu eta sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte egoeraren geldiuneari erantzuteko nahirik" adierazi du Mikel Martinez legebiltzarkide jeltzaleak.
"Gai honetan Sailak garatzen duen jarduera ikusita, beste behin ere ikusi dugu Lopezen Exekutiboak ez duela Ertzaintzarako inolako eredurik, Madrilen menpe egotera eramaten duen harremana onartzeaz gain" azaldu du.
Egoera honen aurrean eta negoziaketen oraingo egoera eta gatazka nagusienak eragiten duten gai zehatzak ezagutu aldera, EAJ-PNVk honako galdera hauek aurkeztu dizkio Rodolfo Ares Barne sailburuari:
- Zein egoeratan daude gaur egun Ertzaintzarako lan baldintzak arautzeko akordioa erdiesteko negoziaketak?
- Zeintzuk dira gaur egun Ertzaintza barruko sindikatuekiko akordioa ixtea eragozten duten gai nagusiak?
- Zein da Herrizaingo Sailaren ordezkariek ezadostasuna eragiten ari diren arlo bakoitzean defendatzen duten irizpidea?
- Zer egitea pentsatu du Herrizaingo Sailak egoerari berriz ekin eta akordioa erdietsi ahal izateko?
- Sailburuak aurreikusita ote dauka negoziaketa hauetan era zuzenean inplikatzea, negoziaketetan dagoen egoera eta gatazka maila kontuan hartuta ?