Iritzia
31Urria
2007
31 |
Iritzia

Beatificación de la Cruzada

Iritzia
Urria 31 | 2007 |
Iritzia

Eskuindarren buruak berotu eta militar faxisten gerra bedeinkatu eta gurutzada bihurtu zuen Eliza haren ondorengoek, Tarancon, bere gotzainak eta Kontzilioa hil eta baztertu direnean, aldaretara jaso dituzte gerra anker eta diktadura basa. Martirien koroa jantzi diete Vatikanoko plazan.
Tartean izango zen, noski, egiazko martiririk. Badakigu Vatikanoarentzat eta Erromako eta munduko gotzain gehienentzat martiri izateko ezinbesteko baldintza, gorriek hila izatea dela. Baina gorriek hildako guztiak ez dira martiri, besterik gabe. Hil zituzten guztiak ez baitzituzten Jesusen jarraitzaile zirelako hil. Jainkoarekiko gorrotoz hil bazituzten ere ez al zituzten elizgizon eta kristau askoren nolabaiteko jainkoarekiko gorrrotoz hilko? Eliza hura eskuinekin, dirudunekin, jauntxoekin, oso loturik agertzen zen. Eliza haren euskarri zelakoan hilko zuten bat baino gehiago, gorrotoaren erdian atxikia gertatu zelako. 498 horietan, Errepublika zikintzearren, eskuinak berak hildakorik ere izango zen, seguru aski. Errepublika ez zuritze arren anarkisten esku zen gotzainen bat salbatu gabe utzi zuten, behintzat. Goma kardinalak eta enparauek bazekiten eta maltzur eta zikin jokatzen.
Vatikanoarentzat, Erromako eta munduko gotzain askorentzat zuriek hilak ez dira martiri. Zuriek Jainkoagatik, beren irudiko jainkoagatik, hiltzen baitituzte. Ez dituzte fededunak direlako hiltzen, politikan sartu eta herria nahasten omen dutelako baizik. Horregatik ez dituzte Romero artzapezpikua, Ellakuria jesulaguna eta egiazko martiriak santu egingo. Ezta frankistek hildako euskal apaiz eta kristau zintzoak ere.
Ez gaitu harritu, beraz, martirien zerrendan frankistek hildako elizgizon eta kristauak martirien zerrendan ez sartzeak. Euskal Herrian gorriek ez zuten, jeltzale zintzoek herrietan egiten zituzten zaintza eta guardiei esker, elizgizon asko hil. Baina badira anarkistek hildako dozenerdi bat. Harrigarria, horietako inor ez dute Espainiako martirien zerrendan sartu. Gotzainentzat ere Euskadi ez da, nonbait, Espainia. Eskerrik asko.

PARTEKATU