EUSKO JAURLARITZA
Lehendakariak Batasunarekin biltzeagatik zabaldu zioten auzi bide penala bert

EUSKO JAURLARITZA<br>
Lehendakariak Batasunarekin biltzeagatik zabaldu zioten auzi bide penala bert
14
Abendua
2006
Hainbat agiri

Lehendakariaren ordezkaritza legalak Lehendakariari Batasunarekin biltzeagatik Auzitegi Nagusiak zabaldu dion auzi bide penala Auzitegi berorri bertan behera utz dezala eskatu diola ezagutzera eman nahi du Jaurlaritzak.
Lehendakariaren legelarien idazkiak auzi bidea bertan behera eta artxibatzea eskatzen du, Batasunarekin biltzea ez dela delitu argudiatuz, Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiaren argitan.

Jakin dakizuen moduan, Auzitegi Gorenak bere erabakian Lehendakariak Auzitegi Nagusiaren aurrean auzi bideratzearen aurka aurkeztu zuen helegitean erabili zituen arrazoi berberak erabili ditu:

Gorenak dio, Lehendakariaren argudioak zioten moduan, Batasunarekin biltzeagatik ezin dela desobedientzia deliturik egin ez baitago elkarrizketa eta hartu eman horiek debekatzen duen inongo agindurik.

Zein legeren baitan epaitu daiteke Lehendakaria edo beste edozein herrialdeko Presidentea elkarrizketa eta hartu eman politikoak egiteagatik?

Auzitegi Gorenak dio, Lehendakariaren legelariek bere defentsan zioten moduan, Konstituzioari iruzur egitea litzatekeela Gobernuei dagokien agintea epai bideen bitartez zuzendu nahi izatea.

Auzi bide penala erabiltzen bada gobernuen jardun politikoa urratu edo zuzentzeko, nola erabaki daiteke kereila jartzen duenak edo epailetzak berak ez ote nahi duen esparru politikoko norabidea zuzendu auziaren aitzakiarekin?

Arrazoi hauek, demokraziaren muin muinekoak, ez ditu, orain arte, kontuan hartu Auzitegi Nagusiaren Zibil eta Penaleko Aretoak.

Nahi genuke, orain, Areto honek inoiz zabaldu behar ez zuen eta Justizia Administrazioaren kalterako izan den auzi bide hau ixteko aukera berri hau aprobetxatuko balu.

Pozten gara Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiaz, hitzez hitz bat datorrelako Lehendakariaren defentsa legalak Epaitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztu zuen helegitearekin. Bide batez, helegitea lehenbailehen erabakitzea gustatuko litzaiguke.

Auzitegi Nagusiak Lehendakariaren oinarrizko eskubideak urratu ditu, mugatu nahi izan baitizkio eskubide politikoak eta hori jada zuzentzea exijitzen diogu.

Auzi bidea zabalik den bitartean Lehendakariari zor zaion politika egiteko funtsezko eskubidea urratua baitago

Lehendakariaren aurka zabaldu den auzi bide penala bertan behera uzten ez den bitartean, Lehendakariaren oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, demokrazia bera erasotzen da, aniztasun politikoa eta erabaki askatasuna mugatzen direlako eta horrekin Demokraziaren funtsezko balore eta oinarriak.

GALDERA ERANTZUNETARAKO

BADUZUE DEKLARATZEKO LEHENDAKARIAK EGIN ZUEN ESKAERARI BURUZKO BERRIRIK?

Lehendakariak ez du jaso auzi bide penalaren instruktorearen inongo erantzunik.

Lehendakariaren deklarazioa izan beharko luke auzi bidearen lehen pausoetako bat, hori egin ordez orain gertatutakoa ikertzeari ekin diote.

Hau da, lehendabizi Lehendakaria auzi bidean jarri dute eta ondoren jakin nahi dute gertatukoa. Hau da marka!

Auzitegi Nagusiak bereak egingo ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren arrazoiak?

Auzitegi Nagusiko Zibil eta Penaleko Aretoak ez badio Auzitegi Gorenari kasu egiten bere burua agerian utziko du eta argi geratuko da, beste behin, adierazi izan duguna:

Lehendakariaren aurkako auzi bidea ez da Zuzenbidean oinarritu aldiz beste gisako arrazoiak, Justizia Administrazioarekin zer ikusia ez duten arrazoiak, eragin dute.

Bestelako gaiak:

De Juanaren osasun egoera:

Iristen zaizkigun albiste guztiak txarrak dira.

Zein iritsi duzue unibertsitate irakasleek aipatu duten Pase Foralari buruz?

Gai konkretu horri buruz ez dugu zer esanik. Galdetzen badidazue, galdera bada beraz, zein iritsi dugun unibertsitateetako 400 irakaslek aurkeztu duten adierazpenari buruz, esango dizuet oro har adierazpen ona eta onuragarria dela.

Bake prozesua onbidean jartzeko balio du eta lagungarria da.

Jaurlaritzak babestuko du Ezker Abertzaleak abenduaren 20rako deitu duen mobilizazioa?

Jaurlaritzak ez du zer ikusirik deialdi horrekin. Jaurlaritzak bakea du xede eta bat gatoz asmo eta nahi horretan herritarren gehiengo zabalarekin; herritarrak bezala guk ere indarkeria kaleetatik betirako atera nahi dugu, elkarrizketa bultzatzen ari gara bakearen oinarri eta nahi genuke guztiok horren alde ekitea, Madrilgo Gobernua barne.
PARTEKATU