Iritzia
03Abendua
2006
03 |
Iritzia

Hatz salataria

Iritzia
Abendua 03 | 2006 |
Iritzia

Hatz salataria, "dedo acusador" salgai omen dago batzokietan. Kutxatilan sarturik dago Egunberrietan etxekoei eta lagunei opari egiteko. Etxetik atera ditu marrazkilariak kontuak, lapurrak beste guztiak lapur direla uste izaten omen du eta. Batzokietan ez da inor salatzeko inor zelatatzen. Beste batzuk ibili ohi dira horretan. Batzokietan inor ez da ibiltzen inoren egoitzak odolez margotzen, beste batzuek jarduten dute batzokiak hori-gorriz zikintzen. Marrazkilariari buru zokoan zeukana atera zaio, beraz, ustekabean.
Prozesuak porrot egiten badu ere, omen dago batzokietan "hatz salataria" salgai. Ezker abertzalea aspalditik ari da errua EAJri egozten. Galgatzen eta geldiarazten omen duelako ez omen du prozesuak aurrera egiten. Ez al zuten, bada, "luzea, gogorra eta zaila" izango zela esan zuten eta errepikatzen duten Zapaterorekin eta sozialistekin hitzartu? EAJk baino hobeto jakingo du ezker abertzaleak bidean zenbat geldialdi, arnasaldi, ika-mika eta denbora-pasako luzapen dituzten hitzartuak bi aldeek.

Prozesua helburura iristen bada ezker abertzaleak ospatuko du. Bide-erdian geratzen bada, berriz, berak ez beste gzutiek izango dute erantzukizuna. Eta sekulan ez du onartuko kale borroka eta abar bidean aurrera egiteko eragozpen direnik. Sekulan ez du aitortuko ETAk alderdien mahaian muturra sartzea eragozpen denik.

Indarraren arrazoian sinesten dutelako ez dute eragozpen hori salatzen. Herritarrok egin eta erabaki dezakegunarekin ez dira fidatzen. Herritarron burubidean eta ekinbidean ez dute sinesten. Ez dute arrazoiaren indarrean sinesten. Eta horregatik jotzen duten beharrezko indarraren arrazoia, indarraren babesa. Hor da koska. Hori da egiazko arazoa. Hori da prozesua pikutara botako duena.

Besteren egoitzak txikitzen eta zikintzen dabiltzanak dira "hatz salatariak". Baina ezker abertzaleak besteri deitzen dio "ipurbeltz". Orain ere lehengo lepotik burua.

PARTEKATU