Iritzia
21Azaroa
2006
21 |
Iritzia

Bere herriari atxikitako nafarra

Iritzia
Azaroa 21 | 2006 |
Iritzia

Bere memoriaren jabe den herriak nekez ahantz ditzake aurretik izan dituen aitzindarien nondik norakoak. Eta Manuel de Irujo hil zeneko hogeita bost urteurren honetan euskal abertzaletasunak behar du buruzagi nafarra gogoan izan.
Irujo abertzalea izan zen, bai, jeltzalea hain zuzen ere. Baina haren konpromisoa, gizalegea eta ikuspegi politikoa, Euzko Alderdi Jeltzalearen esparrua gainditzeaz gainera, han-hemenka zabaldu eta barreiatu dira, seguru asko XX. mendeak eman duen nafarrik handiena bilakatzeraino.

Hamazazpi urte besterik ez nuen nik On Manuel hil zenean eta arras sentitu nuen haren heriotza jelkide ninduen aldetik. Tamalez ez nuen, ordea, aurrez aurre ezagutzerik izan. Zer ez ote nuen nik emango bera ezagutu eta berarekin hitz-asperturen bat egin ahal izateagatik¡ Izan ere, gazte-gaztetandik estimu handitan izan dut nik Irujo. Beronen idazkiak, hausnarketak, burutapenak eta denetariko zertzeladak irakurri izan ditut irrikaz eta ikasminez, eta haren arrastoan sumatu izan ditut nik Irujoren hainbat giza-eremu eta lan-molde.

Heriotza-zigorraren aurka

Irujo legegizona eta Justizia Ministroa, gerra izan arren heriotza-zigorrak sinatu beharrik ez izateagatik dimisioa aurkeztu zuena. Katalunia eta Galiziako abertzaleekin batera Galeuzca sortu zuena. Gipuzkoako Diputatu zenez gero, gerra hasi bezain laster bertako Defentsa Batzordea antolatu zuena. Irujo ezin hobeki ohartu zen, ustekabean bere burua gerratan ikusi zuen jende xehea bakea baizik nahi ez zuen jendea zela, eta bakegintzaren zein justizia-nahiaren ildoan barrena ahalegindu zen gerrak iraun zuen artean.

Irujori jasangaitz egiten zaio guda. Izugarri krudela deritza gatazkari, eta berari zein bere belaunaldiari noizik behin sumatzen zaie gerra hura saihesterik izan ote zuten kezka, EAJk 1930 urtean San Sebastian Itunean parte hartu izan balu, ondorengo Autonomia Estatutuan Nafarroa ere sartu izan balitz, Mola jenerala Errepublikaren kontra Iruñean altxatu izan ez balitz eta, beraz, historiak beste norabideren bat hartu izan balu.

On Manuelen pentsamendu politikoa da, segurutik, bere arlorik miresgarrienetakoa. Askatasun-ideiaren defentsa sutsua egin zuen behin eta berriz, eta Euskadirik zor zaion askatasun-eskubidea aldarrikatu. Haren irizpide politikoaren oinarrian zeuden, ordurako, une honetan erabateko gaurkotasuna duten bi xede nagusi: Erabaki-ahalmena eta Estatuarekiko ituna.

Gizakia helburutzat

Irujoren abertzaletasun sendoak bi eremu jorratzen ditu nabarmen-nabarmen: Gizatasuna eta praktikotasuna. Batetik, Irujoren aburuz egiazko helburuak ez dira aberria edo herri-erakundeak, gizakia bera baizik. Zentzu honetan, abertzaletasunak, lehen eta behingoz, behar du gizakumearen beraren eskubideak defenditu, eskubide indibidualak nahiz kolektiboak izan. Bestetik, Irujo ez zen esentsialismoa aroletan erori, ezta abertzaletasun-norgehiagoka antzuetan alferrik galdu ere. Harez ustez ez da aski helburuak proposatzea, horrez gainera behar-beharrezko da helburu horiek lortzeko abiapuntuak zehaztea eta bideratzea. Alegia, ezer gutxirako balio dutela aldarrikapen kanpolarrosek, eguneroko bizimoduan sekula gauzatzeko urraspide zehatzik jorratzen ez baldin bada.

Eta ezin gero ahantzi Irujo europarzalea. On Manuel berehala ohartu zen Europaren eraikuntzan jartzen hasiak ziren oinarriez. Irujo eta Agirre lehendakaria hasiera beretik jabetu ziren, 1948an Hagako gailurrean, euskaldunek Herrien Europa amestu arren gorpuzten ari zen asmoa ez zela Herrien Europa, Estatuen Europa baizik, baina, hala eta guztiz ere, ilusio guztien azpitik eta aldarri guztien gainetik, egitasmo hura onartu zuten “noizbait osatuko den Europa batu horretan herriek asmatuko baitugu gure nazio-nortasuna indarrean jartzen”.

Sentitzeko momentuak

Amaitzeko, ez aipagarriago baina ez horratik baztergarriago, orobat azpimarragarria da On Manuel Irujo gizonezkoa, Lizarrako semea. Faszistek fusilatu zuten Fortunato Agirre adiskidearen heriotza zirraraz jasan zuen Irujo. Ministro izendatu behar dutela eta, etorkizunaz eta familiaz arduratzen den Irujo. Hainbeste maite zuen Lizarratik kanpo 41 urte egon ondoren, 1977an etxeratu eta San Pedro eta Montejurra begi bistan poesia egiteko gai den Irujo: “Hitzegiteko nahiz sentitzeko uneak izan badira. Hau sentitzeko momentua da”.

On Manuel Irujok ikaragarrizko ondarea utzi zigun. Hil zenetik hogeita bost urte joan diren honetan, bere irudia inoiz baino galantagoa da. Gerrak baldintzapetu zuen bake-gizona. Askatasuna eta demokrazia bere baitan buru-belarri bizi izan zituen euskotarra. Bere herriari atxikitako nafarra. Egundoko gizasemea. Manuel de Irujo.

PARTEKATU