EBB<br>Auzi fiskala dela eta EBE erabakiari buruzko EAJren jarrera
07Iraila
2006
07 |
EBBren agiriak

EBB
Auzi fiskala dela eta EBE erabakiari buruzko EAJren jarrera

EBB<br>Auzi fiskala dela eta EBE erabakiari buruzko EAJren jarrera
Iraila 07 | 2006 |
EBBren agiriak

EAJ pozik dago europak Itun Ekonomikoa babestu duelako
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Azoreetako gaiari buruzko epaia eman du eta, horrekin, egiaztatu egin da aitorpen juridikoa duten estatu azpiko erakundeek (eskualdeak, erkidegoak, länder...) zerga izaerako gaitasun osoa dutela. Horrek esan nahi du Europako erakunde judizial gorenak baztertu egin dituela Itun Ekonomikoaren kontra erabilitako argudio guztiak (enpresa batzuentzat beste batzuentzat baino abantaila handiagoa ekartzen duen zerga-erregimena dela esaten da) eta, azken finean, baztertu egin duela leporatzen zitzaion ustezko izaera diskriminatzailea.

Europako auzitegiak, bada, guztiz ezeztatu du Auzitegi Gorenak Sozietateen gaineko Zergari buruz eman zuen epaia. Izan ere, honakoa dio esplizituki: "estatu azpiko erakunderen batek neurriren bat burutzen badu lurralde batean, lurralde hori izango da eta ez lurralde nazional osoa erakunde horrek hartutako neurriak zenbait enpresari mesede egiten dien ala ez zehaztu behar duena". Azken finean, Errioxako erkidegoko enpresa baten zerga-neurriak Euskadiko enpresa batenekin konparatzea (zenbait enpresaren lagungarri direla esanez) zentzugabea dela adierazi du, aintzatetsitako zerga-sistema juridikoak guztiz ezberdinak direlako.

Zuzentzen dituen erakunde-eremuetatik PPk sustatu duen politikak, beraz, ez du inolako argudiorik Luxemburgeko Auzitegiaren jarrera hau ikusi ostean. Izan ere, praktikan, euskal zerga-sistema edo Azoreetako zerga-sistema Europako eskumen politikari lotuta egon behar diren zerga-sistema orokor gisa aintzatestea baitakar honek, estatu kideetako beste edozein zerga-sistema bezala. Praktikan, parekatu egiten ditu euskal zerga-sistemak edo Europako beste edozein estatuko zerga-sistemak Europarentzat duen aintzatespena, eskumen irizpideetarako errespetuari dagokionez.

Euskadiko ekonomia eta gizarte garapenerako oinarrietatik funtsezkoena izan da Itun Ekonomikoa, bai eta euskal gizarteak eta bertako herritarrek gaur egun duten ongizate eta bizi-kalitatearen oinarri nagusienetakoa ere. Era berean, oinarrizko tresna da geure ongizatearen etorkizunerako. Horrexegatik, EAJren iritziz, lehentasunezko helburua da Itun Ekonomikoa zerga-sistema oso gisa aintzatestea eta Itunari buruzko bermeak eskuratzea.

Gauzak horrela, Europako Justizia Auzitegiaren epaia gertaera garrantzitsua da, euskal erakundeek (zati handi batean EAJren bultzada politikoarekin) estatuak ez diren lurraldeetako zerga-erregimenak Europa mailan onartzeko burutu duten lana aitortzen duelako. Europak gure Itun Ekonomikoa aintzatesten du. Auzitegi Gorenak begirunerik gabeko politika eta euskal autogobernua hausteko politika zuzentzea espero dugu. Izan ere, geure zerga-erregimena zein den jakin gabe jardun du edo, bestela, motibazio politiko argiarekin, osaketa guztiz alderdikoi eta zentralistaren ondorio dena.

Gainera, EAJk, Konstituzio Auzitegiaren eta Botere Judizialaren Lege Organikoen aldaketetan lanean jarraituko du datozen asteetan, Konstituzio Auzitegiaren aurrean bakarrik ipini ahal izan daitezen Itun Ekonomikoaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onetsitako arauetatik eratorritako zerga-neurrien kontrako errekurtsoak, zerga alorreko gainerako legeekin gertatzen den moduan, eta ez jurisdikzio arrunten aurrean.

PARTEKATU