IÑIGO URKULLU<br>
Bakegintza, normalizazio politikoa eta Kontzertu Ekonomikoa babestea
09
Otsaila
2006
Hainbat agiri

IÑIGO URKULLU
Bakegintza, normalizazio politikoa eta Kontzertu Ekonomikoa babestea

IÑIGO URKULLU<br>
Bakegintza, normalizazio politikoa eta Kontzertu Ekonomikoa babestea
09
Otsaila
2006
Hainbat agiri

Hainbat agiri


Eusko Alderdi Jeltzaleak, gaur egungo koiuntura politikoan, oraindik ere bi arazo handi konpontzeke daudela uste du; arazo horiei behin betiko erantzuna ematea euskal gizarteak oso ondo hartuko lukeela uste du.
 
 
         Arazo horietan lehenengoa bakegintzaren eta normalizazio politikoaren ingurukoa da.
 
-     Euskal gizartea bakearen irrikatan dago, indarkeriarik ez izatea exijitzen du, eta edozer akordio ona dela uste du; baldin eta akordioak lortzeko bitarteko hertsiki politikoak erabiltzen baldin badira.
-     Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuari eskaria egiten dion ebazpen bat dago; haren arabera, ETAk armak uzten dituela froga garbiak izan orduko, Gobernuak negoziazio prozesua hasi ahal izango du ETArekin politikoak ez diren edukiez.
-     Bada Anoetako Adierazpena deitzen dena, zeinetan bakea lehentasun gisa ezartzen da, eta Batasunak trapa zein oztopo guztiak gaindituak izan daitezen baliabide guztiak erabili dituela azaltzen duena. 
-     EAJk euskal gizartean den bake itxaropena partekatzen du, eta, era berean, ondokoa exijitzen du: egoera honek ez duela berandutze gehiago onartzen. Geure gain hartu behar ditugu przesu honetan izango ditugun erantzukizunak; izan ere, gure herriko sentsibilitateak adostu behar ditugu.
-     Inolako zalantzarik gabe, ETAren eta Estatuaren artean bakegintzaren alorrean izango den edozer akordiori laguntza emango diogu.  Leialtasun osoz lan egingo dugu, eta oinarri moduan joan den urte amaieran aurkeztu genuen dokumentua hartuko dugu; izan ere, oraingoz, bakegintzarako eta normalizazio politikorako prozesuan dugun ibilbide orri bakarra eta argia da.
-     Ondoko asteetan Euskadin bakearen alde urrats erabakigarriak eman ahal izango direla konfiantza dugu. Era berean, bai Batasuneko buruzagiek, bai Alderdi Sozialistakoek, Rodríguez Zapatero Gobernuko presidenteak berak barne, ulertarazitako zantzuak eta modu publikoan nahiz pribatuan eginiko adierazpenak egoera berriaren isla izango direla uste dugu, eta ez direla izango estrategia koiuntural hutsa; halaxe uste eta nahi du gizarte honek guztiak. 
-     Ezin dira onartu, ordea, PSE-PSOEren jokoak; gaur gauza bat esatea eta bihar beste bat, PPk egiten dion presioaren arabera. 31 hilabete hildakorik izan gabe egoteak egunetik egunera itxaropen handiagoz ikusarazten digu geroa; baina tentuz kargu publikoen mehatxuen aurrean den isiltasunarengatik eta enpresariei egiten zaien estortsioengatik. Egoera hau esperientzia huts bezala interpretatzeko den arriskua gainditu egin nahi dugu. Izan ere, esperientzia behar den urratsak eman gabe hel baitaiteke, usteltzeraino. Urrats horiek PSOEk berak ere eman egin behar ditu, asmoak adierazte hutsean geratu gabe.
-     Herritar gehienen borondateari errespetua izatearen inguruan eta Estatuaren zein Euskadiren arteko harreman politikoaren artikulazioan konponbidea topatu beharra dago; horretan, indar politiko gehienak eta ia gizarte osoa bat datoz. Erabakitzeko eskubide demokratikoa eta adostasunak lortzeko beharra da.
-     EAJ ekimena aurkeztu duen alderdi bakarra da bi konpromiso hartzeko; ekimena alderdiaren gobernu nazionalak (EEB) onartu zuen aho batez. Hartutako bi konpromisoak ondokoak dira: indarrean direnak baino onarpen txikiagoko akordioak ez inposatzea, eta orain artean indarrean direnak baino onarpen handiagoko akordioak ez galaraztea. Hori guztia inor baztertu gabeko negoziazio politikoko mahai edota foro batean; inolako indarkeriarik zein babesik gabe.
-     Proiektu berriak akordio zabala lortu beharko du Euskadin. 1979. urtean Gernikako Estatutuak izan zuen adinako sostengua edo handiagoa izan beharko du; hau da, erroldatuen %54rena.
-     Euskadi, bien bitartean, aurrera egiten du. EAJk konpromiso bat du: aurrera egitea. Askoz ere hobea izango den etorkizunerantz egitea baldin eta indarkeria amaitzea lortzen badugu eta egoera politikoa normalizatzen badugu. Era berean, etorkizun hobea izango da baldin eta Euskadiko biztanleok nahi duguna erabakitzeko ahalmena izatea lortzen badugu; zenbat eta azkarrago, orduan eta hobeto. Bizi dugun egoera politikorik eta indarkeriarik izan ez bagenu, noski, honezkero lortuta izango genuen. Euzko Alderdi Jeltzalearen ahalegin politiko eta instituzional guztiak helburu hori lortzera zuzenduta daude.
 
 
Bigarren kontu garrantzitsua, aurrerapen honekin lotuta dagoena, autonomia fiskalaren muinari dagokio, eta, bereziki, Kontzertu Ekonomikoa zorrotz aplikatzeari.
 
-     Euskal gizartearen ongizaterako funtsezko tresna da Kontzertu Ekonomikoa. Tresna horrekin zerikusi handia du azken urteetan  lana, errenta eta ongizatea hazi izanak. Hala ere, egun, Kontzertu Ekonomikoa bera arriskuan dago, eta haren gaitasunetako asko mugatuta daude.
-     Estatuaren ikusmolde jakobinoa dela-eta, Alderdi Sozialistako sektoreak Kontzertu Ekonomikoaren aurka agertu dira, zabal-zabalik. Juan Manuel Eguiagaray buru duen Fundación Alternativas erakundeak pribilegiotzat ere jo du.
-      Euskal politika fiskalak eta lurralde komunekoak berdindu egin nahi dituzte sozietateen gaineko zergei egindako helegiteen bidez: azken finean, Kontzertu Ekonomikoaren eta haren gaitasunak amaitu nahi dituzte.
-     Batzar Orokorretako araudi fiskala babestearen aldekoa da EAJ, bai eta gure Kontzertu Ekonomikoarekiko errespetuzko formula bilatzekoa ere, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan; betiere, aldebitasun printzipioa segurtatuz Estatuan. 
-     Estatuari dagokionez, Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Auzitegi Konstituzionalekoa aldatu egin beharko dira, Kontzertu Ekonomikoa helegiteetatik babestuta gera dadin; izan ere, egun, Kontzertu Ekonomikoaren garapena oztopatu egiten dute.
-     Edonola ere, egoera juridiko berrian, Estatutu berrian, azken batean, funtsezko gai izan beharko du Euskadiko normalizazio politikoaren hitzarmenetik sortuko den Kontzertu Ekonomikoaren behin betiko babes juridikoak; Euskadiren eta Estatuaren aldebitasunari errespetu osoa izan beharko dio.
-     Europari dagokionez, Luxenburgoko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiak duela gutxi egindako hausnarketetan, Azoreetako erregimen fiskal zehatza erregimen fiskal orokortzat jo zuen. Beraz, aukerak ematen ditu Kontzertu Ekonomikoa sistema fiskal orokor gisa esplizituki onartzeko. Euskadiren eta Estatuaren arteko negoziazioaren emaitza da, eta hitzarmen bat ziurtatu beharko du Europako instituzioekin, Europan Kontzertu Ekonomikoa juridikoki babesteko.
-     Beharrezkoa da Kontzertu Ekonomikoari zor zaion legezko errespetua, bai Estatuan bai Europar Batasunean; enpresei eta inbertitzaileei segurtasun juridikoa emateko eta tresna indartsu eta malgu gisa finkatzeko.
-     Kontzertu Ekonomikoa beharrezkoa da hurbileko etorkizunean gizarte dinamikoa izaten jarrai dezagun, lana sor dezan, herritarrei ongizatea eman dakien eta dagoeneko gure enpresentzat erronka diren munduko aktore ekonomiko berrien (Txinaren, Indiaren eta Erdiko eta Ekialdeko Europaren) erronkei arrakastaz erantzun ahal izan diezaien.
-     Aldaketa handiko munduan, agente ekonomiko berriak agertu diren honetan, euskal industria lehiakorra izateko –eta, beraz, datozen 5 urteetan kalitatezko lana sortzeko– nahitaezkoa izango da berrikuntzen eta teknologiaren aldeko apustua egitea, Euskadiko azpiegiturak behar modernoetara egokitzeko. Horretarako, Kontzertu Ekonomikoa behar dugu.
-     Halaber, ezinbestekoa da babes sozialaren sistemaren iraunkortasunari eustea. Geure behar sozialei egokitutako solidaritatea behar dugu, bai eta behar gehien dituztenenei egokitutakoa ere. Horretarako, geure-geurea izango den tresna behar dugu. Hori dela eta, Kontzertu Ekonomikoa behar dugu.
 
Sabin Etxean, 2006ko otsailaren 9an
 
PARTEKATU