1.- Aurrekari historikoak.
Nazionalista euskaldun, galiziar eta katalanen arteko Aliantza aspaldiko kontua da: gure proiektu erkideak bide luzea jorratu du estrategia konpartituren definiziora eta jarduteko batasunera iristeko, zertarako-eta gure errealitate nazionalen aintzatespen juridiko-politikoa lortzeko.
XVIII. mendearen hasieran zentralismoan eta uniformismoan oinarritu zen estatu espainiarraren eredua nagusitu zen. Eredu hori XIX. mendean finkatu egin zen eta horrek estatu espainiar eta frantsesean kultura, hizkuntza eta nazio askotariko errealitateen narriadura sakona ekarri zuen.
Egineran ukatu egin zitzaizkigun gure errealitate nazionalak eta, ondorioz, Euskadi, Galiza eta Catalunyan identitatearen sentimenduaren kontzientzia hedatu zen: ospe handiko elkarte eta erakunde kulturalak sortu ziren; hizkuntza eta kultura nazionalen aldeko herritarren mugimenduak, eta baita talde politikoak, sindikatuak eta abar ere, guztiak nazioa eraikitzeko asmoarekin.
Testuinguru horretan Galiza, Euskadi eta Catalunyako talde abertzaleek estrategia hitzartua bilatzeko lan erkideri ekin zioten:
- 1923ko irailaren 11n, Catalunyako Díada Nazionalaren egunean, Bartzelonan Hiruko Aliantzaren Ituna sinatu zen. Ekitaldi horretan fede eta berme eman zutenak hauek izan ziren: Catalunyaren eskuordetzan, Francesc Maciá, Nicolau d’Olwer, Ventura Gassol eta Antoni Rovira i Virgili; Euskadiko ordezkariak Manu Egileor, Eli Gallastegi, Uribeetxebarria eta Manu Robles Aranguiz izan ziren, eta Galizakoak Alfredo Somoza eta Franciso Zamora.
- Hamar urte beranduago Compostelako Ituna sinatu zen Galizako Fonseca jauregian eta horrela sortu zen Galeuzca. Ekitaldi horretan, beste jeltzale ospetsu batzuen artean, Batista i Roca, Nicolau d’Olwer, Castelao, Suarez Picallo, Alonso Rios, Irujo eta Rezolak esku hartu zuten.
- Galeuzca Aliantza 36ko altxamendu militarrarekin hautsi zen. Baina gerrak, gerra galtzeak eta amaierarik gabeko diktadurak ezin izan zuten demokrazia eta askatasunekiko konpromiso sendoa zuten pertsona haien belaunaldi osoaren konpromisoa garaitu. Erbesteko urte gogorretan ere Agirre lehendakariak, Castelaok eta Pi y Sunyerek hitzarmena bizirik mantentzeko lan egin zuten eta, batez ere, Galiza, Euskadi eta Catalunyako errealitate nazionalen oroimena bizirik mantentzeko.
Horregatik guztiagatik iraun egin du eta gaur egun ere bizirik irauten du gizarte galiziar, euskaldun eta katalanen arteko anaitasunaren sentimenduak. Hori ez ezik, egon dago frankismoaren urterik gorri eta gogorrenetan ere mantendu egin zen gure arteko nolabaiteko konplizitate sozial eta politikoa, oso garbi adieraziz eta frogatuz irmotasun demokratikoa eta herrien asmoak eskubide indibidualen eta talde eskubideen ukapena eta askatasun eta kulturaren aurkako duintasunik gabeko erasoak baino indartsuagoak direla.
1998ko ekainean Bartzelonako Adierazpena izenpetu zuten, Bloque Nacionalista Galego, Convergencia Democrática de Catalunya, Unió Democrática de Catalunya eta Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco alderdiek. Adierazpen honen bidez berriz ere helburu zahar eta iraunkorrari ekin zitzaion, hain zuzen ere ekintza koordinatuen bidez gure nazio errealitateen aintzatespen juridiko-politikoa eskuratzeko lan egitea.
Bartzelonako Adierazpenarekin etapa berria hasi genuen, lana era koordinatuan egiteko aukera berria, Galeuzka zaharrak izan zuen esparru eta testuinguru erabat desberdinean, egituraketa ekonomikoaren prozesuan murgilduta zegoen eta epe ertainean botere politikoaren banaketa berrirantz abiatzen den Europak ezartzen duen agertokian.
Gaur, ia zortzi urte igaro ostean, horren indarra aldarrikatzen jarraitzen dugu eta horregatik:
· Dei egiten diogu gizarte espainiarrari elkarren artean kultura politiko berriari buruz hitz egin dezagun eta nazio askotarikotasunean erkidegoa kontzientziatzea sustatu.
· Europari askotarikotasunaren aldeko gure eskaintzen berri ematea, seguru gaudelako zilegi dela elkarbizitza positibo eta oparoa.
· Aldi berean, herritarren arteko arlorik aktiboenen arteko lankidetzaren aldeko konpromisoa hartu dugu, hots, esparru intelektualean, kulturalean, hezkuntzan, profesionalean eta enpresan, gure proposamenei buruz hitz egiteko eta horiek zabaltzeko.
Konpromiso hauek hartu ditugu, abiaburua norberaren nazioaren berezitasunekiko derrigorrezko begirunea eta alderdi bakoitzak, bere diagnostiko, azterketa eta gogo-oinarri politikoaren arabera, hartu behar dituen erabaki estrategikoekiko begirunea direla.
2. GALEUSCATen erronka politikoa: bidegurutzean gaude eta, beraz, aukera dugu.
Euskadi, Catalunya eta Galizaren nazio gertakarien osoko onarpenak akordio politikoen sare konplexua eskatzen du eta, aldi berean, herritarren erabakien aldeko begirune demokratiko zorrotza.
Bidegurutzean gauden aldi honetan Estatu espainiarra mehatxua eta aukera da GALEUSCAT eratzen dugun talde politikoontzat:
- Alde batetik Estatu espainiarra gure naziotasuna ukatzen digun erakundea delako, gure nazio eskubideak onartzen ez dituena. Estatu horrek ez daki askotarikotasuna zer den eta praktikan ez du aniztasuna onartzen –nazio askotarikotasuna-, nahiz eta maila erretorikoan baietz adierazi eta bere berariazko ikuspegi politikotik interpretatzeko ahalegina egin.
- Estatua, aldi berean, gure ekintza hitzartuaren lehentasunezko esparru politikoa da.
Estatuko indar politiko nagusienen estrategia, gure eskubide nazionalekiko, oso ondo egituratuta dago. Horren adibide moduan:
- Sistema autonomikoaren homogeneizazio artifizialaren aldeko apustua, helburutzat gure erakundeak eta nazio errealitateak ezkutatzea eta indarrik gabe uztea duena.
- Gure eskabide demokratikoak beti bitxikeria edo pribilegio moduan aurkeztea, jokabide horrek estatutuetan eragiten dituen atzerakuntza eta/edo blokeoekin, nazionalismoa “ase ezinaren” irudia sustatuz.
- Espainian gizarte mailan nazionalismoari aipua kentzeko eta gure ospea galarazteko diskurtsoa (Euskadiko indarkeria, katalanen presio ekonomikoa, Galizaren aurrerakuntza Estatuak burutzen duen elkartasunik gabe ezinezkoa izatearen gezurra zabaltzea,...).
- Gure erakunde nazionalek EBean eta, orokorrean, nazioarteko foroetan izan behar duten esku hartzea ukatzea. Ezaugarri horrek eragin zuzenak ditu Euskadi, Catalunya eta Galizako nazio proiektuen garapenean.
Bada, egoera hori dela, GALEUSCAT-en ekintza politiko bateratua behin betiko sendotzeko eta bultzatzeko gure erabakiak ondoko konpromiso eta atazak daramatza lotuta:
1. Nazio askotarikotasuna balore demokratikotzat aintzatesten duten eta nazioak errealitate bizitzat eta, ondorioz, estatuek horrela aintzatetsi beharrekoak, jotzen dituzten gainerako alderdi politikoekiko harremanak sustatzea.
2. Estatuen nazio askotarikotasunaren arloan egokienak diren politikei eusteko egitarauetan batera jardutea azterketa lanetan, horien egokitzapen iraunkorrean eta baita jarduketaren fasean ere.
3. Gizarte osoan planteamendu berriak zabaltzea eta aurrea hartzea, baina guztiok batera eta arretaz gurekiko erasokorrak diren jarrera politikoak gainditzea lortzeko.
4. Komunikazioa, elkarren arteko ezagutza eta lankidetza lortzeko antolatutako gizarte elkarteekin ditugun harremanetan sakontzea eta, aldi berean, elkarte horien arteko harremanak bultzatzea.
5. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko politiken koordinazioan aurrera egitea, eta gauza bera Estatuaren erakunde bilbaren aldarazpenari batera bultza egiteko ahaleginean.
BNG, CiU eta EAJ-PNVren arteko GALEUSCAT Aliantza Estatua-Nazioa ideiari aurre egiteko alternatiba politiko bakarra da. Batuta Estatuko hirugarren indar politikoa gara. Hori argi edukita gure jarduketaren lehentasun eta eragingarritasunari buruzko hausnarketa zintzoa eta jatorra egin ostean jardungo dugula baieztatzen dugu eta berba ematen dugu Galiza, Euskadi eta Catalunyako gizartearen bizitzan eta jardun politikoan gero eta indar gehiagorekin arituko garela, beti ere Madril eta Europako gainerako foroak ahaztu gabe.
Espainiar Estatuaren historiak erakutsi egiten digu, berau osatzen duten nazioen aniztasuna onartzean aurrera egitea eta demokraziaren kalitatearen hobetzea pareko prozesuak izan direla.
Uste horretatik abiatuta, Galiza, Euskadi eta Catalunyako indar abertzale handienak garenok gure aldetik jarri nahi dugu beste Estatu eredu bat izan daitekeela erakusteko, eta GALEUSCAT-en eskaintza politikoak Espainiar estatua osatzen duten herri ezberdinen arteko bizikidetzan, demokrazian sakontzean eta Estatuaren egituren modernizazioan aurrera egitea esan nahi duela.
Gure nazioetan aurrez aurre ditugun agertoki eta erronka berriek agerian uzten dute Benetako Estatu anitza eraikitzeko dugun helburuak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela eta hasitako estatutu berriztatzeak arrazoitzen dituela.
Testuinguru honetan, 2006 urteak urte eraginkorra izan behar du Espainian eredu estatu anitza proiektatzeko eta sustatzeko dugun konpromisoa sendotzeko, PP eredu zentralista eta PSOEren neoautonomistaren arteko hirugarren bidea alegia.
Inolako konplexurik gabe hasten dugun ataza gogor baina ederra da. Gure aliantza politiko honen asmoa etorkizunari ekitea da. Jakin dakigu gure helburu hauetan aurrera egingo dugula, ondore horretarako nahitaezkoak diren hiru esparru garatuz:
- CiU, BNG eta EAJ-PNVren arteko ekintza bateratua finkatzea.
- Bidezkoak diren alderdien interesak gaindituz, gainerako indar politikoekin berba egitea, eztabaidatzea eta adostasunera iristea.
- GALEUSCAT 2006 Jarduteko Egitaraua abian jartzea.
Zorretan gaude, egungoak baino garai askoz ere zailagoetan GALEUSCAT-i eusteko gauza izan ziren pertsona haien zordun garelako. Azken finean Galiza, Euskadi eta Catalunyako herritarrekin zorretan gaudelako.
Madrilen, 2006ko urtarrilaren 25ean