IÑIGO URKULLU<br>
Egoera politikoari buruzko agiria
11
Urtarrila
2006
Hainbat agiri

IÑIGO URKULLU
Egoera politikoari buruzko agiria

IÑIGO URKULLU<br>
Egoera politikoari buruzko agiria
11
Urtarrila
2006
Hainbat agiri

Azken egunotan sarri entzun izan ditugu PSE-PSOEko ordezkari batzuen adierazpenak Euzko Alderdi Jeltzalearen zenbait jarrera edo iritzi baloratuz eta alderdi barruan diren ustezko sentsibilitate ezberdinak azpimarratuz.
  1. Euzko Alderdi Jeltzaleak bakegintzaz eta normalizazioaz plazaratu duen ekimena Euzkadi Buru Batzarrak joan den urriaren 10ean aho batez onetsi zuena bera da, urriaren 22an Aberri Batzarrean aurkeztu zena alegia.
  2. Euzko Alderdi Jeltzalea da egunera arte bakegintza eta normalizazioari buruz bere proposamena onetsi eta plazaratu duen alderdi politiko bakarra. Hain zuzen ere, Euzko Alderdi Jeltzalea da etxeko lanak egin duen erakunde politiko bakarra, normalizazio politikorako akordioa erdiesteko balizko foro batean edo alderdien mahai baten gainean jartzeko agiri zehatza baduena. Nolanahi ere, horixe da duela hilabete batzuetatik hona zenbait alderdi politikori eta gizarte-eragileri ekimen hori azaltzera bultzatu gaituen zioa.
  3. Aipatu ekimen horren funtsa euskal gizartearen erabakimena errespetatzea da, eta bere gain hartzen du honako konpromiso bikoitz hau: “ez inposatzea, baina aldi berean, ez galaraztea”; halaber, ekimenaren xedea da Gernikako Estatutuak 1979an lortu zuen babes bera edo handiagoa iristea, eta euskal gizarteak erabakiak hartzeko duen eskubideari eta itunak egiteko obligazioari dagozkien edukiak, Estatutu Politiko Berrirako Proposamenean biltzen direnak, alderdien mahaiaren gainean jartzea. Horrezaz gain, ekimen horrek euskal herritarren arteko eta Estatuarekiko itunaren balioa azpimarratzen du, foru tradizio egokiari kasu eginez, eta Lehendakariak bere inbestidura-hitzaldian agindu zuen kontsulta demokratikoaren baldintzak jasotzen ditu, kontsulta hori indarkeriarik eta bazterkeriarik gabe burutzea alegia.
  4. Begirune osoz, baina zorrozki, ez dira batere egokiak –eta are gutxiago leialak– buruzagi sozialista batzuk egiten ari diren balorazioak, Euzko Alderdi Jeltzalea balizko normalizazioa iristeko bide jakin batzuk urratzen edo urratzeari lagatzen ote dabilen adierazten dutenak. Euzko Alderdi Jeltzaleak bere betiko posizioari eusten dio, eta bere posizio hori ondokoa da: bide politiko eta demokratikoak soil-soilik erabiltzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, bai Nafarroako Foru Komunitatearentzat eta bai Akitaniako euskal lurraldeentzat ahalik eta burujabetasun-eskumenik handienak erdiesteko, euskal gizartearen kohesioa iristeko eta euskal nazioa eraikitzeko xedez, Euskal Herria erabakimena duen subjektu politiko kolektiboa delako.
  5. Normalizazioa iristeko bideak sumatzen hastekotan, zeharo nabarmena da PSOEk eta PPk geroz eta harreman hotzagoak dituztena, eta Espainiako gizarte osoak badaki hoztasun hori ez duena eragin PPk nonbaiteranzko mugimenduren bat edo beste egin izanak. PSOE da mugitzen ari dena eta oraindik ere gehiago mugitu beharko du, baldin eta Aznarren garaian terrorismoaren aurkako eta askatasunen aldeko itunaz, hots, Alderdien Legearen iturburu den itun horrezaz PPrekin egin zituen akordioak, Zuzenbide Estatu batentzat batere onuragarriak ez direnak, gainditu nahi baditu.
  6. Alderdi Sozialistak ondotxo dakienez, gaur egun gehiegi dira, alde batetik zein bestetik, bakegintzara eta “euskal gatazka” deritzona konpontzera eroango gaituen prozesua gauzatzearen aurkako interesak eta mehatxuak. Mahai baten inguruan eseri behar dugu, indarkeriarik eta bazterkeriarik ez izatea salbu aurretiaz inolako baldintzarik jarri gabe, horrela denon artean diagnostiko bateratua egiteko gai izan gaitezen. Eta hori ez dator bat, terrorismoaren aurkako Itunak nahi duenez, inork bere abiaburuei uko egitearekin, ez eta erakunde armatuen tutoretzarekin ere.
  7. Euzkadi Buru Batzarrak aho batez onetsi duen ekimenean, Euzko Alderdi Jeltzaleak alderdi politikoen arteko konfiantza-giroa berreraiki nahi du. Euzko Alderdi Jeltzalea arlo hori gauzatzen saiatuko da, baina ahalegin horiek egite aldera, Euskadi normalizazio bidean sartzea eta herri hau bakeratzea nahi duten gainerako alderdien laguntza eta zuhurtzia ere behar ditu. Aldi baterako baino ez balitz behintzat, informaziorik ez duten espontaneoak eta frankotiratzaileak isilik egoteak onura ederra ekarriko lioke denon artean erdietsi beharreko arrakastari.
  8. Euzko Alderdi Jeltzaleak, aurreranzko urrats ausartak ematea erabaki behar den aldietan, –inolako urratsik eman nahi ez dutenen kasuetan– inori begira aitzakia interesaturik bila ibili gabe norberaren burua justifikatzeko tentaldiari uko egiteko eskatu nahi dio orori, halako moldez non, beste batzuk, antza, iraganean iritsi ziren ondorioetara gu ere irits ez gaitezen, hots, prozesu hau ez zela porrota izan, eskarmentua baizik. Gizartearen desirei erantzuna emateko helburua da.
 
 
Sabin Etxean, 2006ko urtarrilaren 11an
 
PARTEKATU