Iritzia
04Azaroa
2005
04 |
Iritzia

Nor du demokraziak izutzen?

Iritzia
Azaroa 04 | 2005 |
Iritzia

Harrigarria da, halere, batzuek ematen duten indarra Euskal Herriko biztanleak ez daitezen haien aferez ardura... Izan dira ez bozkatu duten auzapez batzuk, Biltzarrak antolatu kontsulta kari. Euskal Herriak Departamenduaz egiazki zer pentsatzen duen jakiteko ez dela biztanleria kontsultatu behar dioen papertxo baten sartzeko gutun-azal batean denbora hartzen duten hautetsi batzuk. Izan da baita ere tokiko senatari bat, auzapezen hautetsi bat beraz, beraiek demokratikoki antolatzea erabaki zuten barne kontsulta boikotatzera deitu duena. Auzapezen %80k, halere, bozketan parte hartu izanik, erraten ahal dugu beren hautesleek guztiz gaitzetsi dutela.
Alta, beste tokietan, hautetsiak kezkatzen dira herritarren engaiamenduaz, eztabaida politikoaren ahuleziaz. Abstentzioaren beldurra, politikoaren baztertzea, berekoikeria... Aitzinera ematen da gauza kolektiboen aldeko interesa sortzeko zailtasuna, herritar engaiamendua bultzatzeko zailtasuna, eztabaida instituzionalerako dena. Zikoizkeria, iritzi publikoen aldakortasuna, salatzen dira.Hemen Euskal Herrian, arrunt alderantzizko egoera bizi dugu: aspalditik, txalotzekoa den kemen batekin, gizarte zibila buru-belarri sartzen da herri honen etorkizun kolektiboari buruzko lan eta gogoetetan. Euskal Herria 2010 eta antolakuntza eskemaren gisako prozesuak aipatuak dira, eta kanpotik inbidiaz begiratuak. Bertako biztanleria, auzapezak, hautetsiak, garapen ekonomiko eta kulturaleko milaka eragile sozial etengabe mobilizatzen dira eta azpimarragarria den molde baketsu eta demokratikoan, bere baitan trumilka lantzen diren ideiak praktikan ezartzeko gaitasun handienak dituzten instituzio espezifikoen eskakizun gisako gai zail eta abstraktu baten alde.

Gizarte zibila buru-belarri

Eta hori argi gelditzen zaio hemendik pasatzen den edozein behatzaileri: 260.000 biztanleko txoko honetan esperientzia originalak, engaiamendu serioenak (Hemen-Herrikoa, GFA, Euskaldun Gazteria SZIa, ikastolak, Euskal Herriko Laborantza Ganbera...), gogoeta aberatsenak (Antolakuntza Eskema, ABren 34 proposamenak etxebizitzari buruz, CADEk garraioaz edo uraz argitaratu txostenak...), izangaitasun gutiziagarrienak (nortasun azkarra, mugaz gaindikoa, irauten duen laborantza bat...) eta bere egoera propioa kolektiboki kudeatzeko izugarrizko gogoa (Garapen eta hautetsien Kontseilua, Auzapezen Biltzarra, Udalbiltza, Euskal Herria departamendu baten aldeko aldarrikapena, Laborantza Ganbara...) pilatzen dira.
Alta, horrelako kasuetan fenomeno harrigarri bat gertatzen da, herritarren engaiamendua, demokrazia parte hartzailea, hurbiltasun beharrari buruzko diskurtso handiak entzuten direnean: tokiko hautetsi handiek, aparatu politiko paristarrak, Estatuak, dena abian jartzen dute eduki ugari eta engaiamendu gogo hauek hobeki balioztatzen lagunduko luketen tresna instituzionalen obratzen saihesteko.Azken hogei urteetan, aburu ikerketek eta kontsultek minoritarioak direla erakutsi arren, statu quo-aren aldekoak tematzen dira beraien gogorkerian, eta haien egoeraz kolektiboki arduratzeko ahalegin herritar txalogarri honen etengabeko sabotaje lana segitzen dute.Gaur egun, entseatuko dira dena egitera herritarrak ez kontsultatzeko haien iritzia eman dezaten gai honetaz, denei irekia izanen den eztabaida orekatu baten ondotik etorriko den erreferendum ofizial baten bidez.Hau guztia aski miserablea eta patetikoa da: jende horien eginkizun nagusia da herritarrei haien geroaz arduratzeko baliabideez baliatzen eta zehazten dituzten politikoak obratzen debekatzea. Debaldetan ari dira, parean usaiaz kanpoko kemena eta tema izugarria aurkituko dutelako, eta horrek erakusten duelako aldarrikapen honen funtsa.Iduri luke jende horien helburua dela demokraziari aurre egitea, biztanleriari hitza hartzeko eskubidea ukatzea. Baziren, alta, borroka emankor eta motibagarriagoak herri honetan eramateko.

PARTEKATU