Jende horrentzat, euskaraz esaten den guztia erdaraz errepikatzea da elebitasuna. Ez alderantziz. Erdaraz esaten dutena ez baitute euskaraz laburtu beharrik ere izaten. Horrela, elebitasun mota asko daude: aspergarriak, gutxiesgarriak, lasaigarriak, afertzaileak, inozoak.
Euskaraz esandako guztia erdaraz errepikatzen denean, erdaraz ere badakien euskaldunarentzat aspergarri eta nekagarri gertatzen da. Erdaldunentzat, berriz, lasaigarri eta alfertzaile, euskara ikasi beharrik izan ez dezaten erdarara itzuliko baitiete. Bada elebitasun gutxiesgarririk ere: huskeriak, euskaraz; funtsezkoak, erdaraz, meza, hitzaldi, bilera eta komunikabide elebidun izenekoetan gertatu ohi denez. Eta bada erdaldunak tontotzat hartzen dituenik ere: "egun on/ buenos días", "jaun-andreok/señoras-señores", "Manterola kalea/calle Manterola" eta abar. Gizartean ezezik, ospakizun eta ekitaldi ofizialetan ere, oro har, gaztelania nagusi den herri honetan ez al daitezke, tontoenak ere ulertzen dituen gauzatxo batzuk euskaraz bakarrik egin? Ezta agurrak, diosalak, seinaleak, kale izenak, zinak eta abar ere?
Bi hizkuntzak ofizialak diren herrian nahi duenak euskaraz eta nahi duenak erdaraz hitz egiteko eskubidea ezezik aukera ere beharko luke. Baina beti erdaraz bakarrik ari direnek jarduten dute inoiz euskaraz mintzo direnei bazterketa eta zapalketa egozten. Elebitasun lotsagabea.