Datorren urritik aurrera indarrean jarriko den hitzarmenak estraineko bideratuko du euskararen erabilpena europar erakundeetan. Erabaki baikor honek, besterik gabe ere, euskararen eta beste hainbat hizkuntza gutxituren ezagupena, ospea eta balore sinbolikoa erakarriko ditu.
Hala ere, kontraesan samarra da gero euskarak lortu izana europar erakundeetan Espaniako Gobernuak bere ardurapeko erakundeen baitan ukatzen dion maila, euskarak ez baitu batere onarpenik eta erraztasunik aurkitzen Espainiako Gorte Nagusietan, hala Kongresoan nola Senatuan. Are salagarriagoa dira gero, demokrazia eta koofiazialtasuna indarrean jarri zenetik hona 25 urte joan arren Euskal Autonomi Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan Estatuak dituen ordezkaritzetan euskarari egiten zaizkion ukoa eta muzina.
Euskarak jendaurreko irudi, esne-berba eta hitz potoloak baino zertxobait gehiago behar du. Euskarak benetako konpromisoak behar ditu eta lege-erabaki zehatzak eskatzen dizkio espainiar Administrazioari. Baita ordezkari politikoen aldetikako konpromisoak ere, euskararen aldeko egitarau positiboak burutu eta indarrean jartzerako orduan. EAJ-PNVk bere egiten du konpromiso hau, erakundeetan jardun beharreko karguek euskaraz jakin eta erabili dezaten, beti ere hizkuntza-normalkuntzaren lagungarri eta suspergarri.