Argia
Paradisuan bizi omen gara nafar euskaldunok, eta ez ginen ohartuak. Euskara erkidego honetan «normalizatutzat» jotzen du PSNk. Orain, bizikidetzan «perfekzioa» lortzea da kontua. Bi huskeria eta tira, bertze hogei urteren buruan mintzatuko gara berriz. Erran gabe doa zenbat poztu dituen UPNkoak PSNren jarrerak. Baina Foru Jauregiko maizterrek, Chivitek eta enparauek ez bezala, ez dute errealitatea edertu beharrik. Euskara normalizatua? Adar jotzerik ez. Argi eta garbi erran dute asteburuko kongresuan: «euskararen normalizazioa normalizazio politikoari lotua da». Bizkartzainekin dabiltzan bitartean, beraz, jai. Eskertzekoa da lotsagabekeria. Batzuk aspaldi jabetuak ginen bi gaiak, tamalez, ez zeudela elkarrekin hain urruti. Ez, ordea, inoren doktrina idatzia bilakatzeraino: biolentzia, hizkuntz politika jakin baten berme. Irrikitan nago jakiteko zer iritzi duten hau guztiaz Zapaterok eta Lopezek.