Abertzale baten helburua bere buruaren jaun eta jabe izatea da. Hala ere, Espainian jarraitzeko egitasmo bat onartu dugu Eusko Legebiltzarrean. Euskaldun askok, joan deneko 200 urteotan, Espainiarekin dugun ondoeza sendatzeko egitasmoa eskaini dugu. Euskal Herria Herri dela onartzea eskatzen dugu horretarako. Hain zuzen, horixe ukatzen zaigulako da 200 urteotako gatazka. Espainiak euskaltasuna ukatu eta espainoltasuna ezarri nahi digulako, irentsi egin nahi gaituelako, dugu ezinkonpondua. Berdinetik berdineko harremanak nahi ditugu. Eta hori lortzen ez den bitartean alferrik ukatuko da Eusko Legebiltzarrak onartu duen egitasmoa. Onez oneko konponbiderik nahi baldin bada Estatu Politiko Berriaren bidetik abiatu beharko da.
Legeak gauza asko debekatu eta ukatu ditzake. Baina debekatu eta ukatu arren ez dira desagertzen eta hiltzen. Harrigarria da, PPk eta PSOEk Espainiako eta Europako Konstituzioak hesi eta mehatxu gisa nola erabiltzen dituzten elkarbitzarako eta bakoitzaren nortasunaren garapenerako zelai zabal bezala erabiltzeko ordez.