Iñigo Urkullu
15Urria
2012
15 |
Hitzaldia

Iñigo Urkullu Miramonen

Iñigo Urkullu
Urria 15 | 2012 |
Hitzaldia

Gaur bertan,kanpainako azken astean sartu gara.

Aste benetan erabakigarria, igandeko hauteskundeei begira.

Erabakigarria, datorren igandean, jokoan izango dugulako Euskadin krisitik irteteko modua.

Hauteskunde kanpaina hau, ke gortina bilakatu da.

Alderdi Popularrak eta Bilduk, krisia ez den beste gaietaz hitz egitea nahi dute.

Ez dute benetako egoera ekonomikoaz edo orain dugun krisitik ateratzeko bideez hitz egiterik nahi.

PP alderdiak asko du ezkutatzeko. Ez daki krisiari nola aurre egin, eta murrizketen errezeta baino ez du aplikatzen. Bere “ ke gortina” da independentzia mehatxu gisa erabiltzea.

Bilduk asko du ezkutatzeko, bere eredu sozialak ez baitu krisitik ateratzea bermatzen, eta bere kudeaketaren balantzea ezereza delako.  Bere “ke gortina” da independentzia agintzea.

Aste honetarako dugun atazik nagusiena da, gure egitasmo ekonomikoa aurkeztea.

Lehentasuna, krisitik irtetea, ekonomia berrabiatzea eta enplegua sortzea dela azaltzea.

Zoruan ditugu oinak, ezagun dugu une honetan dugun zailtasuna; eta, jakin badakigu, oraingoa ekonomiaren momentua dela. Merkatu eta dendetan esan digute, tailerretan, enpresa txikietan. Eta, hemen ere esan digute, industria eta teknologi parkeetan.

Euskal hiritarren gehiengoa da, EAJ krisi honetatik irteteko alternatibarik onena dela sinesten duena.

Gehiengo zabala da, gure esperientzia eta egitasmoaz fidatzen dena. Konfiantza dute EAJren lan taldeen gaitasunean.

Euskal hiritarren gehiengoa da, hurrengo Eusko Jaurlaritzan EAJ egotea nahi duena.

Gure egitekoa da pertsona horiek guztiak konbentzitzea. Euskadin krisitik irteteko ekimena EAJk zuzentzea nahi badute, datorren igandean EAJren ereduaren aldeko botoa eman behar dutela.

Gure egitekoa da, botoa eman behar dutela konbentzitzea.

Nahi duzuna  lortzeko modu bakarra da, nahi duzun hori egitea.

Eusko Jaurlaritzan EAJ egotea lortzeko modu bakarra da, botoa EAJri ematea.

Gure gaurko konpromisoa da euskal enpresei laguntasuna eskaintzea, munduan aukera berriak aurki ditzaten.

Konpainia handiak munduan daude jadanik.

Gure laguntasuna enpresa txiki eta ertainei emango diegu.

- Gure enpresak dira, euskal enpresa sektorearen % 95a ordezkatzen dute.

- Jakin badakite, jakin badakigu, esportatzeko eta gehiago saltzeko aukerak dituztela.

- Jakin badakite, jakin badakigu, kanpora irtenda, ikasi egiten dela bertan produzitzen, orain inportatzeko beharra duguna.

Gure helburua da, Euskadi nazioartean kokatzeko estrategia .

Estrategia integrala, euskal enpresa txiki eta ertainei begira.

Estrategia bat, gehiago esportatzeko, eta gutxiago inportatzeko.

Estrategia bat, Euskadin gehiago produzitzeko, enplegu aukera gehiago sortzeko.

Eta, estrategia horretan, ardatz nagusi bat badugu:

“Euskal Enpresa Txiki eta Ertainei merkatu berriak bilatzen laguntzea”

PYME asko eta asko bisitatu ditut, eta horixe bera eskatu didate.

Foru Aldundi eta Merkataritza Ganberekin adostutako ekimena eskatu didate. Barne aliantzak, kanpora irteteko tamaina egokia izateko.

Egin egingo dugu.

Euskal produkzio sarearen ondoan egongo gara, bere beharrizanen ondoan, bere eskariei erantzunez. Erantzuna emango diogu, telefonoa hartuko diogu, laguntasun eta lankidetza eske datorkigunari .

EAJk krisitik irteteko duen eredua da industria, berrikuntza eta kanpora irtetea.

Gure ahalmen, gaitasun, lantalde guztiak jarriko ditugu egiazko ekonomiaren zerbitzura, euskal produkzio sarearen zerbitzura, hori baita enplegua sortzen duena.

Ezagun ditugu Euskadi krisitik ateratzeko tresnak, enplegua berriz sortzen hasteko tresnak.

Ezagun ditugu tresnak, eta lanean jarriko ditugu.

Begirada, etorkizunean jarri behar dugu.

Ekonomia da gure lehentasuna. Krisi egoera honetatik irtetea. Gobernu on batekin, Euskadi ondo kudeatzea.

Eskerrik asko.

PARTEKATU