Ortuzar: “I-27ko hauteskundeen gakoa da catalunyar hiritarrek etorkizunean izan nahi dutena erabaki ahal izatea"

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak azpimarratu duenez garrantzizkoena da EAJ-PNVk "Madrilen ordezkaritza indartsua izatea", Espainiar estatu mailan bigarren Trantsizioaz hitz egiten ari den aldi honetan, Euskadiren interesak defendatzeko.

Andoni Ortuzar eta Javier Vizcaino 07Irailak
2015
2015 IrailaK 07 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Catalunya izan dadila catalunyar emakume eta gizonek nahi dutena. Horrela ikusten du EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek irailaren 27an Catalunyan ospatuko diren hauteskundeak. "Kontua da egun horretan ( Irailaren 27an) catalunyar herritargoaren gehiengoak nahi duena egin ahal izatea. Hori da catalunyar hauteskundeen eta prozesu osoaren gakoa: erabakitzeko eskubidea aitortua izan dadila defendatzea. Catalunyar hiritarrek izan dezatela etorkizunean izan nahi dutena erabakitzeko aukera" esan du jeltzaleen buruak gaur goizean Onda Vasca Irratiko ‘Euskadi Hoy’ saioan. Ortuzar oso kritiko agertu da espainiar gobernu ezberdinek azken urteotan `catalunyar auzia´ kudeatu izan duten moldea aztertzerakoan. "Mariano Rajoyk eta Madrilgo kasta politikoak aldi honetan osoan egin izan nahi ez dutena izan da hitz egitea, eta horixe egin beharko dute hilaren 28az geroztik etorriko den emaitzaren aurrean, dela zentzu batean dela bestean. Catalunyarekin hitz egiteko bidea ireki beharko dute , ezer ezingo baita `manu militari´ eta elkarrizketarik gabe egin. Rajoyk urteotan egon den eta mehatxuetarako erabili izan duen pulpitutik jaitsi beharko du eta eskukada bete boto irabazteko estrategiak egiteari utzi beharko dio" iragarri du EBBren presidenteak".

Jeltzaleen buruak azaldu duenez "Euskadi eta Catalunya gehiengo handi batez aldarri bat partekatzen dugun herri bi gara, hau da, gure geroa erabaki ahal izatea" baina zentzu berean argitu duenez "egoera ekonomiko,politiko,sozial eta ekonomiko ezberdinak bizi ditugu,eta gomendagarriena da bakoitzak bere bidea erabiltzea". Ezberdintasun hauetaz galdetuta, Ortuzarrek gogoratu du euskal herritarrok gure bide propioa dugula. "Ez dut uste atzetik edo aurretik joateagatik konplexurik izan behar dugunik. Autogobernurako euskal bidea 1978an hasi zen. Urte hartan catalunyar nazionalistek Konstituzioa idazteko prozesuan parte hartu zuten eta bozkatu egin zuten. Gu prozesu hartatik kanporatu gintuzten eta ez genuen bozkatu. Une hartan hasi zen autogobernu bide ezberdina, bere alderdi on eta ez hain onekin. Euskadirentzat badago alderdi on bat, eta hori da gure Hitzarmen Ekonomikoa, hala edo nola nolabaiteko independentzia finantzarioa ematen diguna, eta hori da catalunyarrek zapatan daramaten harritxoa, finantzaketarik ezarena,alegia. Krisian egonda ere, argi geratu da gure autogobernu ekonomikoak gauzak hobeto kudeatzen laguntzen digula. Catalunya baino egoera ekonomiko hobean gaude. Beraiek azeleragailua zapaldu behar izan dute eta guk denbora tarte luzetxoagoa daukagu gauzak bestela egiteko, ez hobeto ezta okerrago ere" azaldu du Ortuzarrek.

EBBren presidenteak aitortu du itxaropenak badituela eta hurrengo hauteskunde orokorren ondoren, gehiengorik ezaren ondorioz Madrilen "jarrerak malgutu ahal direla" nortasun eta lurralde gaien inguruan. Baina iragarri du gai horretan "PPren gobernua PSOEren gobernuaren antzekoa" dela. "Ministro sozialista batzuk oso ezagunak izan dira beren zentralismo eta murrizketengatik. Ez gara inozoak, ez da aldaketa erradikalik emango, baina espero dugu gehiengorik ezak eta aldi berria zabaltzeak jarrerak malgutzea eta jendeak oinak zoru gainean jartzea ekarri ahal izatea . Eta espero dut konturatu daitezela Espainiaren auzia ez garela soilik euskaldunak eta catalunyarrak, arazoa Estatu eredu barruan dagoela, Estatuaren dimentsionamendu eta egituran. Espero dut azkenean ikustea arazoaren giltza ez dagoela ez Bartzelonan ezta Gasteizen ere, baizik eta Madrilen bertan" . Zentzu horretan, Ortuzarrek gogoratu nahi izan du Espainiar estatu mailan `bigarren Trantsizio´ izenekoaz hitz egiten ari den bitartean, hurrengo hauteskunde orokorretan ere jokoan egongo direla euskal hiritarren interesak. Horregatik, hain zuzen "Euskadik ordezkaritza indartsua izan behar du Madrilen, eta onena litzateke ordezkaritza hori EAJren eskuetan egotea".

Interesatu Zaitez