Iñigo Ansolak garai demokratikoaren hasiera eta Eusko Alderdi Jeltzaleak egungo Euskadiren eraikuntzan izan duen papera gogoraipatu ditu. VOX presente dagoen edozein ekuazio politiko errefusatu du, eta EH Bilduri buruz esan du, "printzipioez, gardentasunaz eta eredugarritasunaz hitz egiten dutenek” aukera dutela “hitzetatik ekintzetara pasatzeko".
Uribe Kostako Uri Batzarrek Alderdikide Eguna ospatuko dute gaur Urdulizen. Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ehunka pertsona bildu dituen ekitaldi politikoan parte hartu du eta eskerrak eman dizkie egiten ari diren lanagatik, balioengatik eta konpromisoagatik, "gaur egun dugun eta etorkizunari begira lidergoan jarraitu behar dugun ongizatearen Euskadi indartzen” laguntzen dutelako.
BBBko presidenteak duintasuna, adostasunaren kultura eta bizikidetza aldarrikatu ditu EAJ-PNVren ideien zutabe gisa. Ildo horretan, VOXek parte hartzen duen edozein alternatiba politiko errefusatu du. "Ez dugu inoiz parte hartuko VOX dagoen inongo alternatibatan... printzipioengatik, balioengatik, gure Herriarekiko errespetuagatik: Voxekin inoiz ez, ezer ez" esan du.
Hain zuzen ere, Ansolak gogora ekarri nahi izan ditu diktaduraren ondoren, Franco hil ondoren, lehen udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik ia 50 urte bete direnean, Euskadirekin konpromisoa hartu zuten guztiak. "Gaur, ekitaldi hau 1979an eta ordutik gaur arte Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkari onenak izan direnei egindako omenaldia da", esan du. Berariaz aipatu ditu Uribe Kostako demokraziako lehen alkateak: Jose Mª Ezpeleta (Barrika), Carlos Iza eta Rafa Etxegarai (Berango), Patxi Ibarzabal (Gorliz), Jesus Javier Agirre (Getxo), Txomin Aresti, eta Iñaki San Juan (Leioa), Jose Bilbao (Lemoiz), Jose Arriola (Plentzia), Karlos Basterretxea (Sopela) eta Sabin Unibaso (Urduliz). "Eredu eta erreferentzia zarete gure belaunaldiarentzat" amaitu du.
Hitzak eta ekintzak
Iñigo Ansolak datorren urteko udaberriko hauteskundeak arte geratzen den denboraz hitz egin du. Afiliazioa eta Alderdia ordezkatzen duten pertsonak "despistatu gabe lan egitera" deitu ditu, "persona erabakien muinean jarrita, lankidetzan, inbertsioak, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatuz, gizarte-kohesioa bermatuz, inor atzean utzi gabe ".
"Emandako hitza betetzearen" garrantziaz jabetuta, eskualdeko Alderdiko arduradunei dei egin die "gure Herriarentzako etorkizuneko proposamen baten buru izateko... gure proiektua berritzeko eta gure taldeak indartzeko".
EAJren kudeaketa politikoari eta balioei kontrajarrita, EH Bilduri buruz esan du, "printzipioez, gardentasunaz eta eredugarritasunaz hitz egiten dutenek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera ederra" dutela. "EH Bilduk gardentasun handiena eskatzen dio mundu guztiari, eta gertaera oso larriak ezkutatu nahi izan ditu", salatu du EH Bildu agintean duen Errenteriako Udalak isilarazi dituen adingabeei egindako ustezko abusuen kasuari erreferentzia eginez.