Elur eta hotz denboralea bere gorenean da EAE eta Nafarroan. Gauean zehar, gogotik bota du elurra eta euskal hiriburuak zurituta daude. Gainera, hotz handia egin dezakeela aurreikusita, edadetuak eta umeak bereziki zaintzea aholkatu dute agintariek.
22Otsailak Goizean goiz, baina, leiak eragingo ditu arazo eta traba gehien. Hori horrela, Ertzaintzak eta Foruzaingoak arretaz gidatzeko gomendatu dute bidean izotz guneak izan daitezkeelako eta autoa erabat beharrezkoa bada bakarrik hartzeko.
Denboralea ostegunean baretuko da; asteazkeneko goizaldea baina, azken egunetako hotzena izango da. Gaurko iragarpenen arabera, 100 metrora egingo du elurra, baita itsas mailan ere. Zerua hodeitsu egongo da eta tarteka zaparrada trumoitsuak eta txingorra egin dezake. Arratsaldean, hodeiak gutxitu egingo dira, batez ere barnealdean. Tenperaturei dagokionez, hotz egingo du zinez, gehienez 7 ºC izango da eta leku askotan 5 gradu zero azpitik izango dituzte bakarrik.
Errepideen egoera
EAEko errepide sare nagusian, A-8 autobidea, Donostia eta Irun artean, itxita dago izotza dela eta. Kamioiek ezin dute ibili N-240 errepidetik, Barazarreko gainetik, Bizkaia eta Araba artean, elurra dagoelako. Beste bideak zabalik daude, hori bai, elurra tarteko, A-8 eta A-68 errepideetako tarte batzuk zuri-zuri daude; dena dela, elur-makinek bideak garbitzen eman dute gaua.
Bigarren mailako errepideetan dago arazo gehien, batez ere Bizkaia aldean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Amorebieta-Etxano eta Gernika arteko Autzagane Gaina (BI-635) eta Unbeko Gaina itxita daude, elurra dela eta. Trabakua, Urkiola, Dima eta Sollubeko mendateak zabalik daude baina autoek kateak behar dituzte, kamioek, ordea, ez dute bertatik ibiltzerik. Bilbaoko Jesús María eta Trueba ikastetxeak itxita daude, baita ikastetxe frantsesa eta Loiuko La Merced ere.
Gipuzkoan, bestalde, Deskargako mendatea (GI-632) itxita daukate kamioiek eta autoek zabalik, kateak eramanez gero. A-15ean elur eta leia ugari dago bidean eta errei batetik ari dira ibilgailuak.
Araban, Urduñako gaina itxita dago eta Herrera eta Opakua zabalik daude, baina ibilgailuek kateak behar dituzte ibiltzeko.
Nafarroan, azkenik, errepide sare nagusia zabalik da baina Foruzaingoak arretaz ibiltzeko gomendioa eman du elurra, lei-tokiak edo haize gogorra egon daitekeelako.
Bigarren mailako errepideetan, Izaba-Frantzia arteko errepidea (NA-1370) itxita dago 12. kilometrotik aurrera.
Ondorengo errepideetan kateak behar dituzte ibilgailuek:
NA-174, Irurita-Eugi, Artesiagako mendatea.
NA-718, Lizarra-Olazagutia, Urbasako mendatea.
NA-7510, Aralar.