Aldaiturriaga: “Lege txarra da ez dielako aurre egiten Euskadiko benetako etxebizitza arazoei”

Norberto Aldaiturriaga legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi du onartutako testuan ez direla zuzenbideko ondorioak kontuan hartzen, ezta ondorio ekonomikoak ere.
Aldaiturriaga: “Lege txarra da ez dielako aurre egiten Euskadiko benetako etxebizitza arazoei”
18 Ekaina | Eusko Legebiltzarra

Euzko Abertzaleak Lgebiltzar taldeak oposizioan dauden taldeen Etxebizitza Legearen aurka bozkatu du; izan ere, “lege txarra da eta ez die erantzuten Euskadiko benetako etxebizitza arazoei”. Gainera, Norberto Aldaiturriaga legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi du onartutako testuak ez dituela zuzenbideko ondorioak kontuan hartzen, ezta ondorio ekonomikoak ere; beraz, zalantza handiagoa sortuko du.

Aldaiturriagak gogorarazi duenez, aurreko Jaurlaritzak egin zuen Etxebizita Lege Proiektuan dago gaur Legebiltzarrean onartu den ekimenaren jatorria. Ekimen hori ez zen onartu hauteskundeak aurreratu zirelako. Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu jeltzaleak bere karguaz jabetu ostean, Etxebizitza Legea bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, baina hiru hilabeteko epean, PSE-EEk Etxebizitza Legearen Proposamena aurkeztu zuen Jaurlaritzan zegoenean lortu ez zuen testuaren tramitazioa amaitzeko.

EAJ-PNVren legebiltzar taldea lanean aritu da hilabetez Legebiltzarrean eratutako lantaldean, eta jarrera eraikitzailearekin egin du. Horren seinale da testua hobetzeko 216 emendakin proposatu izana. Hala ere, oposizioaren ekimenak aurrera egin du, eta EAJ-PNVko legebiltzarkideek aurka egin behar izan dute gaurko bozketan.

Aldaiturriagak argudiatu du gaur onarturiko testuak ez duela etxebizitza politika orokorrean bere gain hartzen, eta etxebizitzaren gizarte funtzioan zentratzen da soilik, beste gai batzuk albo batean utzita. Gai horiek adibidez honako hauek dira: lurraren erabilera egokia, etxebizitzaren gizarte funtzioaren helburuak lortzeko; oinarrizko baldintza eraikitzaileak edo kontsumitzaileen babesa, maila pribatuago batetik.

Lege Proposamenaren edukiari dagokionez, berritasun batzuk nabarmendu ditu, horien artean, etxebizitza eskubide subjektiboa. Eskubide hori ezarriko da etxebizitza duina ez dutenen alde, eta hori lortzeko baliabiderik ez dutenek auzitegietara jo ahal izango dute eskubide hori betetzeko. “EAJ-PNV eta Jaurlaritza ez daude horren aurka, etxebizitza eskubide subjektua bermatzen delako Etxebizitza Prestazio Osagarriaren bitartez, hartzaileek jasotzen baitute Diru-sarrerak Bermatzeko Errentatik”, azaldu du, eta zehaztu du, gaur egun, 29.000 pertsonek jasotzen dutela laguntza hori.

Legebiltzarkide jeltzaleak Etxebizitzaren Lege Proposamenaren Erredakzioa kritikatu du, uste baitu “ez duela bete beharko lukeen helburu soziala betetzen, eta demagogikoa eta koherentzia gabekoa dela Euskadiko gainerako babes sistemarekin”. “Demagogikoa da ez duelako aztertzen zenbat kostako den berau ezartzea. Gainera, herritarrei sinestarazten die edonork eskatu ahal izango duela etxebizitza bat, baliabideak amaiezinak balira bezala”. 

EAJ-PNVk legearen aurka egitearen beste arrazoietako bat da Legebiltzarreko tramitazioaren ondorioz zenbait berrikuntza txertatu zaizkiola Legeari, eta, horiek guztiek, definizio eta seguritate falta handiagoa sortu dutela. Organismo Autonomoaren adibidea jarri du, etxebizitzaren inguruan lan egiten duten enpresa publiko eta erakundeak batuko dituena. Izan ere, Legeak ez du azaltzen Euskadiri bakarrik eragingo dion edota beste administrazioren bati ere bai.

Antzerako zerbait gertatzen da alokairuko politikekin. Izan ere, Lege proposamenak zehazten du baliabideen %80 erabiliko dela alokairua sustatzeko, eta kopuru hori %100era iritsiko dela bost urtetan, “baina ez du argi uzten etxebizitza sustatzeko baliabideez ari den edota etxebizitza programaren aurrekontuari buruz”. Puntu honetan, nabarmendu du Etxebizitza Sailburuordetzaren aurrekontuaren %60 alokairua sustatzeko erabiltzen dela.

Aldaiturriaga Legean aurreikusten diren aldi baterako desjabetzeei buruz ere mintzatu da. Azaldu duenez, lehen exekuzio hipotekarioetan bakarrik aurreikusten zen egoera hau, eta, hemendik aurrera, etxea alokatu eta maizterrek ordaintzen ez dieten jabeei ere eragingo die modu desproportzionatuan.

Legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi du onartutako testua Estatuko oinarrizko legeen aurkakoa izan daitekeela. Izan ere, Legearen zazpigarren kapituluak eraikinetan jardutea arautzen du, eta araudi hori zaharkituta gelditu da Birgaitze, Birsorkuntza eta Berritze Urbanoen Legea onartu zenetik. 

“Arrazoi horiengatik guztiengatik uste dugu lege txarra dela gaur onartutakoa. Izan ere, ez du herritarren seguritate juridikoa bermatzen. Ez da testu aurrerakoi edo atzerakoia, baizik eta testu txarra da. Ez dauka koherentziarik eta nahasmena sortzen du”, ondorioztatu du.

PARTEKATU