Aitor Esteban, EAJ-PNVren 131. urteurrenean: "Lehentasun bakarra dugu: Euskadi bere jende guztiarekin eraikitzea"

Alderdia 1895ko uztailaren 31n sortu zela gogoratzeko egin den ekitaldian, EBBren presidenteak nabarmendu du alderdi jeltzaleak hamahiru hamarkada daramatzala Herri hau eraikitzen “adreiluz adreilu, akordioz akordio, erakundez erakunde”, eta ziurtatu duenez “arrazoiak baditugu ospatzeko, arrazoiak exijitzeko eta arrazoiak ilusioz beteta egoteko”

Aitor Esteban, EAJ-PNVren 131. urteurrenean: 27Uztailak
UztailaK 27 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk urteroko ospakizuna egin du Bilbon, Alderdia 1895eko uztailaren 31n sortu zela gogoratzeko eta ospatzeko. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek hitza hartu du Sabin Etxe aurrean mezu argi eta sendoa helarazteko: “131 urte daramatzagu aberrigintzan eta herrigintzan. Sekula ez da izan gauza bat edo bestea. Elkarren osagai izan dira beti. Guretzat, aberrigintza betidanik izan da ongizatea eraikitzea. Autogobernua ez da domeketan entretenitzeko moduko kapritxo bat, Herri hau proiektatzen duten gizarte zerbitzuei eta osasun publikoari eusteko tresna izan da, gaurko hezkuntza sarea eraiki duena. Autogobernurik gabe ez dago Osakidetzarik; ez dago azpiegiturarik; ez dago erabakitzeko gaitasunik, denon artean sortzen dugun aberastasuna nola banatuko dugun esateko. Hemen ez dira lehentasun bi. Bakar bat dago: Euskadi bere jende guztiarekin eraikitzea”. EAJ-PNVren 131. urteurrenean “Alderdiak historiari begiratzen dio aurrez aurre, eta konplexu eta aitzakiarik gabe esaten dio: hementxe gaude. Hamahiru hamarkada daramatzagu Euskadi eraikitzen, adreiluz adreilu, akordioz akordio, erakundez erakunde. Euskadi eraikitzea delako behar besteko baldintzak sortzea hobeto bizi ahal izan gaitezen, askeago eta aukera gehiagorekin”.

Sabin Etxean egin den ekitaldiari hasiera emateko, ohorezko aurreskua eta lore eskaintza egin dira EAJ-PNVren fundatzaile Sabino Aranak Albian duen estatuaren aurrean. Ordezkaritza jeltzale zabal bat izan da bertan, Euzkadi Buru Batzarreko burukideekin, Imanol Pradales Lehendakariarekin eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko erakundeetako kargudun eta ordezkariekin. Haiekin batera, dozenaka alderdikide eta alderdizale.

EBBren buruak hitza hartu du eta gogora ekarri duenez “Sabino Aranak Alderdi hau 1895. urtean sortu zuzenean, Euskadik ez zeukan legebiltzar propiorik. Ez zuen Lehendakaririk. Ez zuen Ertzaintzarik, ez Ogasunik, ezta unibertsitate publikorik ere, are gutxiago euskaraz. Ez zegoen gaur ziurtzat ematen dugun hori guztia. Ez zegoen hamarkadaz hamarkada jendearen bizimodua hobetzen lagundu duen guztia. Nor izan zen erakundeen burutzan hori dena eraiki zenean? Nork abiarazi zuen, legea eskuan zuela baina baten baino gehiagotan oztopo guztiak gaindituz? EAJ-PNVk”.

Zentzu berean, Estebanek azaldu duenez “gure ibilbidea hain da sendoa, non orain baten bat dabilen duela gutxira arte iraindu, gutxietsi edo zuzenean borrokatzen zuen jendearen dominak beretzat hartu nahian” . Jeltzaleen erreferente nagusietako batzuk aipatu ondoren, horien artean euskal abertzaletasunaren lider izan ziren Lauaxeta, Koldo Mitxelena, Juan Ajuriagerra, Xabier Arzalluz, Tere Mujika, Álava Sareko emakumeak, Manuel Irujo, Mikel Estabillo eta Agirre, Ardanza eta Ibarretxe, Estebanek ondorengoa aldarrikatu du “emakume eta gizon horietako bakoitzak Euskadi eraiki, sufritu edo amestu zuen Alderdi honen barru-barrutik lan eginez, eta ez kanpoko hesitik begira jarrita. Eta, atzo bertan, horiek denak gutxiesten zituenak, gaur ez du haien txapela janzteko eskubiderik. Ez, ez dauka!”.

Ildo beretik, eta orain aldira itzuliz, Estebanek zera gaineratu du “arrazoiak baditugu ospatzeko, arrazoiak exijitzeko eta arrazoiak ilusioz beteta egoteko”. Ospatzeko arrazoiak ditugu “euskal autogobernuak, horrenbestetan lurperatu nahi izan zutenak, bizirik dirauelako eta hazten ari delako. Lehendakari bat dugu, Imanol Pradales, seriotasun eta zorroztasun osoz gobernatzen duena, begirada epe luzean jarrita. Funtzionatzen duten erakundeak ditugu, egonkortasuna ematen dutenak eta hiritargoaren aurrean erantzuten dutenak. Eta hori, gaur bizi dugun mundu nahaspilatsu honetan, ez da garrantzirik gabeko gauza: ahalegin handiz irabazi dugu”. Gainera, EBBren buruak ildo beretik azaldu duenez “euskal ekonomiak ez zuen kasualitate hutsagatik funtzionatu, ezta zori onak bultzatuta ere, jakinik zailtasunak ere egon direla. Funtzionatzen du hemen egon badagoelako sen onez kudeatzen duenik, urtez urte aurrera eginez, mutur batetik bestera joan gabe. Beste toki batzuetan inprobisazioaren bidetik doazen bitartean, hemen planifikatu egiten da. Kalitatezko enpleguak eta aukerak sortzeko, ongizatea bermatzeko”. Estebanek era berean gogoratu nahi izan du ospatzeko arrazoiak ere badirela “inbestidura-akordioaren hiru laurden baino gehiago aurrera ateratzea lortu dugu Madrilen”.

EAJ-PNVk exijitzeko arrazoiak ere baditu, Estatutuak urte gehiegi baitaramatza osatu gabe, transferitu gabe jarraitzen duten eskuduntzak daudelako eta izenpetuta dauden akordio batzuk “paper errean” geratu direlako: “Gurea dena, guretzat nahi dugu. Eta lortu arte ez gara geldituko. Ustezko `zailtasun teknikoak´ baliatzen dituzte aitzakiatzat, baina gertatzen dena da borondate politikorik ez dagoela horiek eztabaidatzen hasteko. Madrilgo gobernuan ez dago borondate politikorik gai batzuk negoziatzeko. Argi eta garbi”.

Azkenik, talde jeltzaleak arrazoiak baditu ilusioz beteta egoteko: “Harrotasunez diot, nostalgiarik barik: Alderdi honek bere historia osoa darama erantzukizunetan berritzen, hurrengoei lekukoa pasatzen, inoiz ez baitugu ulertu inoren ondare pertsonal gisa. Alderdi honetako ahots berriak hemetxe daude, bultzaka, euren burua prestatzen, erantzukizuna hartzen. Ikusten ari zarete eta ikusiko duzue hurrengo hauteskundeetarako taldeetan. Berdin izaten jarraituko du aurrerantzean”. “EAJ-PNV ez zen sortu iragana administratzeko. Etorkizuna eraikitzeko jaio zen. Etorkizun bat non Euskadik autogobernu zabalagoa izango duen, eta ez txikiagoa. Burujabetza handiagoa, eta ez txikiagoa. Ahots sendoagoa Europan, erabakitzeko gaitasun handiagoa, gure jendea zaintzeko, aukerak sortzeko eta gure etorkizun propioa eraikitzeko tresna gehiago. Alderdi hau etorkizuna eraikitzeko sortu zelako. Eta, 131 urte geroago, gure historiarik onena da oraindik idazteko daukaguna”, esan du jeltzaleen buruak.

Estebanek gaurko ospakizuna baliatu nahi izan du beste behin ere euskara defendatzeko. “Gure hizkuntza ez da folklorearen apaingarri hutsa: aurreko belaunaldiekin lotzen gaituen lokarria da. Bere hizkuntza galtzen duen herriak, bere burua ezagutzeko eta mundu osoari begiratzeko era berezia galtzen du, eta Alderdi honek 131 urte daramatza ulertzen euskararik gabe ezin dela Euskadi osoa izan, eta gure hizkuntza etorkizunerako hizkuntza dela. Horregatik defendatzen dugu euskara hitzetik hortzera erabiltzea, ikastea, kalean eta administrazioan erabiltzea, enpresan eta zientzia munduan, konplexurik gabe, eta inork ez dezala erabiltzeagatik barkamena eskatu behar. Atzerako urrats bakar bat ere horretan”.

Amaitzeko, EBBren buruak berrikitan ospatu den Futbol Mundialaz hitz egin du: “Hedabide guztietan zorabiatu nahi izan gaituzte Espainiako selekzioa gorabehera. Ez zegoen besterik. Eta batzuek nahi zuten guk hari ohore egitea, uztarripetik igarotzea. Argi eta garbi : denak errespetatzen ditugu, baina Euskadi nazioa dela esaten dugunean, ez dugu soilik bulegoetan esaten: guk harmailetan sentitzen dugu. Eta kirola bizitzeko era berezi bat duen nazioak, Estatu izan zein ez, eskubide berbera du bere selekzioak, dela futbolekoa, saskibaloikoa edo beste diziplina batekoa izan, selekzio gisa parte har dezan, bere elastiko eta izen propioarekin, beste selekzioen baldintza berberekin. Ez dugu pribilejiorik eskatzen, baizik eta normaltasuna. Bere burua Herritzat daukan edozein Herritan normala den hori baino ez dugu eskatzen: Euskadiko elastikoa jantzi nahi duenak maila goreneko lehiaketan egin ahal izan dezala. Eta, horretan, besteetan bezala, ez dugu amore emango. Gora Euskal Selekzioa!”.

Interesatu Zaitez