Bizkaiko hautagaiak esan du pankartetatik harago joan behar dela, hauteskunde osteko egunean lau urteko legegintzaldia hasiko dela, eta proposamen zehatzekin defendatu beharko direla hiritarren ongizatea, Euskal Ekonomia Ituna eta autogobernua, horietan hiruretan atzera pausurik eman ez dezagun
03Azaroak EAJ-PNVk Bizkaian Kongresurako proposatzen duen hautagaiak gaur azaldu du hauteskundeen ostean parlamentuko taldeek eztabaidatu eta legeak egin beharko dituztela hiritarren ongizatea baldintzatuko duten kontu zehatzen inguruan, eta defendatu du EAJ-PNV dela Kongresuan Euskadiren etorkizuna defendatzeko bermea, kanpainako aldarrikapenetara mugatzen ez delako “Ibilbide bat egina dugu Madrilen, gure etxea defendatu dugu, gure autogobernua, eta askotariko hobekuntzak lortu ditugu hainbat arlotan”, eta gaineratu duenez “irabaztera atera gara”.
Aitortu egin du hauteskunde orokor batzuetan polarizazioak ez diola EAJ-PNVri mesede egiten, talde jeltzalea ez delako eskuman, ezkerrean edo Espainiako muturreko ezkerrean kokatzen “non une honetan Bildu ere kokatuta baita”. “Gu erdian gaude”, ziurtatu du, eta toki horretatik talde jeltzaleak planto egingo dio faszismoari, “baina ez hori bakarrik”: “Ez gara hor geratuko, harago joango gara, ongizatea hobetzeko, enpresen lehiakortasunean sakontzeko, kalitatezko enpleguak lortzeko, pentsioak hobetzeko, gure autogobernua eta gure Ekonomia Ituna defendatzeko. Gure eskuduntzak, azken finean. Horixe da buruan daukaguna, A29a, helmuga izan beharrean, abiapuntua delako. Horretarako nahi dugu talde sendo bat Madrilen”.
Ertzaintza
EH Bilduk gobernatzen dituen udaletako udaltzainak, Ertzaintzara jo beharrean Intxaurrondon Guardia Zibilaren egoitzetan jasotzen ari diren prestakuntzaren inguruan sortu den polemikaz galdetuta, Sagastizabal oso kritiko agertu da.
“Batzuek esango dute Euskadi defendatzen dutela, baina hori, hitzekin baino, egintzekin erakusten da. Tolosan edo Andoainen gertatutakoa “gure eskuduntzen eta gure autogobernuaren kontra doa”, Euskadin gure polizia daukagulako, Ertzaintza, azaldu du, eta herri horietako udaltzainak egiten ari direnekin “Guardia Zibilaren jarduna” sustatzen da Euskadin.
Berriz ere, Euskadin dugun polizia propioa onartzen ez dutela erakusten duen datua, “sistema hau onartzen ez dutela” argi utziz, “oso kezkagarri” jo duen zerbait; inkoherentzia argia esaten eta egiten dutenaren artean”. Sagastizabalek ildo beretik planteatu du honek agerian uzten duen paradigma aldaketa: “Bai aldatu direla gauzak, kamarada”.