Idoia Sagastizabalek defendatzen du Administrazioak jabe txikiak konpentsatu beharko lituzkeela alokairua ordaindu gabe uzten direnean: “Behar duenari etxebizitza bermatzea erantzukizun politikoa da, ezin da soilik jabe txikien ardurapean jarri”
18Azaroak Idoia Sagastizabal Kongresurako EAJ-PNVren Bizkaiko hautagaiak asteazken honetan defendatu duenez, beharrezkoa da etxebizitzaren arloan politika integrala egitea, jabeak eta maizterrak elkarren kontra jarri gabe eta betorik jarri gabe eta inor deabrutu gabe.
Leioan jeltzaleen Bizkaiko hautagaitzako gainerako kideekin egin den ekitaldi batean, Sagastizabalek azaldu duenez, "etxebizitzaren arazoak arrazoi ugari ditu: biztanleriak gora egin du, familiak gero eta txikiagoak dira, babes ofizialeko etxebizitzen parkea ez da nahikoa eta etxebizitza falta da enplegua eta biztanleria biltzen diren lekuetan. Horri gehitzen zaizkio prezio altuak eta hile akabura iristen ez diren soldatak. Horregatik, kausak askotarikoak direnean, erantzun askotarikoak behar dira".
EAJ-PNVk azken legegintzaldi honetan Kongresuan lortutakoa aldarrikatu du Sagastizabalek, hala nola, maizter kalteberak babestea eta jabe txikiari segurtasuna ematea, etxebizitza nahikorik ez dagoen bitartean, "bien beharrei erantzun behar diegula" azalduz. Hau da, gizarte-babesaren kostua ezin zaie egotzi etxebizitza alokairuan jartzen dutenei. "Lortu dugu dagoeneko Administrazioa izan dadila maizter kalteberari etxebizitza bilatu beharko diona, eta, bitartean, alokairua ordaindu gabe uzteagatik jabeari konpentsatuko diona. Izan ere, etxebizitzaren beharra duenari bizitokia bermatzea erantzukizun publikoa da, eta ezin zaie jabe txikiei bakarrik egotzi”. Gaineratu duenez, EAJ-PNVk lortu egin du "putre funtsek etxebizitzak erosteari mugak jartzea".
Hala ere, berretsi du beharrezkoa dela etxebizitza-eskaintza, publikoa zein pribatua, zabaltzeko lanean jarraitzea, eta, horretarako, jeltzaleek "Lurzoruaren Legea aldatzea" proposatu dute, "azkarrago eta gehiago eraikitzeko" eta "etxebizitza gehiago merkaturatzen laguntzeko". "Konponbidea eskubideak orekatzea da, eta ez elkarren kontra jartzea", amaitu du.