Azpiegitura honek nabarmen handituko du salgaien trafikoa Bizkaia eta Arabako hainbat udalerrietatik igarotzen den trenbide sare konbentzionalean, eta herri horietako ordezkari jeltzaleak Nerea Renteria diputatuarekin eta Igotz López senatariarekin izan dira gaur Kongresuan Legez besteko Proposamen bat erregistratzeko, zeinaren bidez Garraio Ministerioari eskatzen baitzaio erasanak arintzeko eta salgaien trafikoaren jarraitutasuna euskal Y trenbidetik mesetaraino gaitzeko
Euskal Taldeak, gaur bertan, osteguna, Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du Kongresuan Hegoaldeko Tren Saihesbideari buruz, salgaiak euskal Y trenbidetik garraiatzeko eta udal mailan erasanak arintzeko proposamena planteatuz. Proposamena Kongresuan erregistratu da ekimena Osoko Bilkuran aztertua izan dadin. Ekimen hau Nerea Renteria diputatu jeltzaleak eta Igotz López talde bereko senatariak aurkeztu dute eta bertan izan dira, euren babesa adierazteko, Bizkaia eta Arabako EAJ-PNVko bederatzi alkate eta ordezkari. Hala, Madrilera joan dira denak Espainiako gobernuari exijitzeko jarduketa plan bat abian jar dezala hegoaldeko trenbide saihesbide berriak beren udalerrietan eragin ditzaketen eragozpenak, hala nola zaratak, bibrazioak eta bestelakoak, arintzeko. Hegoaldeko trenbide saihesbide berri hau eraikuntza fasean dago une honetan eta Bilboko Portua lotuko du Europako eta Penintsulako beste trenbide korridore batzuekin. Ildo beretik Garraio Ministerioari erreklamatu diote salgaien garraioari abiadura handiko bidetik jarraipena ematea mesetaraino, etorkizunera begira zama astunak eragindako udalerri horietatik kanpo eramateko aukera egon dadin.
Legez besteko Proposamen honetan jasotzen denez, azpiegitura honek salgaien trafikoa murriztuko du Bilboko inguru metropolitanoko eta ezkerraldeko hiriguneetako aldirietako lineetan. Hala ere, saihesbideari jarraipena ematera begira Garraio Ministerioak aurreikusten duen alternatibaren arabera by-pass hau C-3 lineak zeharkatzen dituen udalerriekin konektatzea. Ondorioz, “Arrigorriagan, Ugao-Miraballesen, Arrankudiaga-Zollon, Laudion, Aiara (Luiaondo), Amurrion eta Urduñan ia hirukoiztu egingo lirateke merkantzia-trenen joan-etorriak, gehienak hiri-inguruneetatik eta etxebizitza ugaritatik oso hurbil igaroz”.
“Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea babesten dugu, ulertzen dugulako behar-beharrezko dugun azpiegitura dela Bilboko Portua, gure industria eta trenbideko salgaien garraioa indartzeko. Baina, haren garapenak ez luke ondorio negatiborik ekarri behar gure herrientzat eta gaur egun aldiriko linearen trenbide ondoan bizi diren herritarrentzat.
Alternatiba ezin da izan zarata arintzeko neurriak aplikatzea edo udalerri bakoitzean tunel bat eraikitzea, baizik eta abiadura handiko saretik salgaien trafikoa ahalbidetzea eta sarea egokitzea, Mesetaraino Europako zabalerako hirugarren hari bat eramanez”, aldarrikatu du EAJ-PNVk Arrigorriagako udalean duen ordezkari Alberto Ruiz de Azuak. Arrigorriagako ordezkariarekin joan dira Jonatan Moreno Carranza (ABB), Ekaitz Mentxaka Corral (BBB eta Ugao-Miraballes), Urtzi Vergara Belausteguigoitia (Arrakundiagoa-Zollo), Txerra Molinuevo Laña (Amurrio), Gentza Alamillo Udaeta (Aiala), Asier Iragorri Basaguren (Basauri), Ander Añibarro Maestre (Laudio), Iñaki Lauzurika Sousa (Iruña Oka), Iker Santocildes Pérez (Orduña) eta Jon Xarles Idirin Gorrochategui (Zeberio).
“Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea martxan jartzen denean, korridore horretan salgaien trafikoa nabarmen handituko dela aurreikusten da” eta “kontsolidatutako udalerrietatik igaroko dira trenak, hau da etxebizitza, ikastetxe, osasun-zentro eta espazio publikoen ondotik”, azaldu du Ruiz de Azuak. Horrek eragozpenak ekar ditzake herritarren bizi kalitatea kaltetuz. Edozein kasutan ordezkari jeltzaleek argi utzi dute “saihestu ahal den” zerbait dela eta hori egitea dela, hain zuzen Espainiako gobernuaren erantzukizuna.
Horregatik, LBP horren bidez, zeinaren edukia mozio gisa eragindako udalerri bakoitzean aurkeztuko baita, jeltzaleek eskatu dute berma dadila "Korridore Atlantikoaren jarraipena UIC zabaleran, euskal Y-aren eta mesetaren artean salgaiak garraiatzeko", lehenets dadila euskal Y-a "trafiko-azpiegitura misto gisa", ADIFek, eragindako administrazio autonomikoekin eta udalekin batera, "trenbideak arintzeko eta integratzeko neurrien plan bat", "salgaien trenbide-trafikoaren hazkundearen" eragina murrizteko, eta neurriak har daitezen salgaien garraioaren hazkundea bateragarria izan dadin "bidaiarien trenbide-zerbitzuaren kalitatearekin". Era berean, obren koordinaziorako eta jarraipenerako mahai bat eskatu da inplikatutako administrazioen artean.