Euskal Taldeak Espainiako gobernuari helarazi dizkio etxebizitza alorrean egiten dituen proposamenak

Maribel Vaquero bozeramaile jeltzaleak eskatu du hurrengo dekretuak Lurzoruaren Legea alda dezala, plangintzak arintzeko eta blokeoak saihesteko, denboraldiko alokairua arautzeko, iruzurrari aurre egiteko eta autonomia-erkidegoen eskumenekiko errespetua bermatzeko: "Proposamen errealistak egin ditugu, bizitegi-krisiari aurre egiten lagunduko dutenak"

Euskal Taldeak Espainiako gobernuari helarazi dizkio etxebizitza alorrean egiten dituen proposamenak 22Juilletk
JuilletK 22 |
Kongresua

PARTEKATU

Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari helarazi dizkio Espainiako Gobernuak laster onartuko duen etxebizitza-dekreturako proposamenak. Legegintzaldi osoan Kongresuan egin dituen aldarrikapenen ildo beretik, alderdi jeltzaleak oinarrizko hiru arlotan zentratu ditu etxebizitzaren arloko proposamenak: Lurzoruaren Legearen aldaketa, udal-kudeatzaileen beharrei erantzungo diena; sasoiko alokairurako erregulazio zehatza, iruzurra saihesteko eta, gainera, erabilera turistikotik bereizteko; eta eskumen autonomikoen mugaketa argia, etxebizitza-politikak berriro zentralizatu ez daitezen, eta atzerapausorik eman ez dadin etxebizitzaren euskal ereduan.

Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legeari dagokionez, Euskal Taldeak ezinbestekotzat jotzen du hirigintza-plangintzei are segurtasun juridiko eta arintasun handiagoa ematea. Eskaera hori kolore politiko ezberdineko udalek eskatu dute, eta etxebizitza dinamismo handiagoz eraikitzeko beharrari erantzuten dio. Alderdi jeltzaleak legegintzaldiaren hasieran proposatu zuen neurri hori, Ganberak atzera bota zuen lege-proposamen batekin, baina hirigintzako izapide batzuen zurruntasuna murrizteko beharra berresten jarraitu du, alkateek eta udal-taldeek urteetan egin duten  lana baliogabetu baitezakete. "Urteetako lanaren ondoren zuzendu daitekeen akats bat badago, zuzendu egin behar da, ez plangintza osoa bota eta berriro hasi", azaldu du. Orain, gainera, Vaquerok eskatu du Estatuak ez ditzala bere gain hartu autonomia-erkidegoei dagozkien eskumenak.

Sasoiko alokairuari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak uste du horixe dela "Etxebizitza Legearen zulo beltzetako bat", eta kasu jakin batzuetan ohiko etxebizitzari aplikatu beharreko araudia saihesteko erabiltzen dela, lege-iruzurra, segurtasunik eza eta prezioen gaineko presioa eraginez. Horregatik, Euskal Taldeak erregulazio zehatz bat eskatzen du, ohiko alokairua, aldi baterakoa eta turistikoa argi eta garbi bereizteko: "Kontratu baten etiketa aldatzeak ezin du balio ohiko etxebizitzaren alokairu-arauak saihesteko".

Horri lotuta, EAJ-PNVk defendatu egiten du alokairu turistikoa jarduera ekonomikotzat hartzea eta, beraz, ostatuari dagokion %10eko BEZa aplika dakion: "Jarduera ekonomikoa bada, jarduera ekonomiko gisa ordaindu behar du zerga. Ez gehiago, eta ez gutxiago ".

Euskal Taldearen proposamenek ohiko etxebizitzaren alokairuaren luzapenari ere heltzen diote, eta jeltzaleak neurri hori abalatzeko prest agertu dira, betiere denboran mugatuta badago eta maizterrak ordainketa egunean badu eta eskaera egin aurreko hamabi hilabeteetan ordaindu badu. Helburua da bere betebeharrak erregulartasunez betetzen dituenari egonkortasuna bermatzea eta, aldi berean, alokairuan etxebizitza bat jartzen duenari segurtasun juridikoa bermatzea: "Betetzen duenarentzako babesa eta alokatzen duenarentzako segurtasuna".

"Etxebizitzaren krisiak akordio eta irtenbide zehatzak eskatzen ditu. Etxebizitza batzuk ditugu eraikitzeko, baina  proiektatuta dauden etxebizitzak ere badaude egiteko,  nahiko atzeratuta, planeamenduak, txostenak edo koordinaziorik eza dela-eta, denbora gehiegi behar baitute gauzatzeko. Gure proposamena da benetako arazo horiek konpontzea, iruzur-guneak ixtea eta arau argiak bermatzea. Burokrazia ez-produktibo gutxiago, koordinazio gehiago, blokeo gutxiago, segurtasun juridiko gehiago eta Euskadiren eskumenekiko errespetu osoa. Etxebizitza behar dutenengana lehenago iristea lortu behar dugu ", esan du Vaquerok.

"Euskadin ere, etxebizitzari dagokionez, jabetuta gaude zer egoeratan gauden eta gizartean zein kezka handia dagoen. Erantzukizunez jardun dugu eta proaktiboak izan gara, bizitegi-krisiari ahal den neurrian erantzuteko. Hala ere ulertu egiten dugu Diputatuen Kongresuan akordioetara iristeko arazo handiak ematen ari direla, oro har, batez ere jarrera ideologizatuak nagusitu direlako, bai eta konponbide populistak eta jarrera maximalistak ere”, amaitu du Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaile jeltzaleak.

 

Interesatu Zaitez