Euskadin inork ez lioke bere bizitza proiektuari uko egin behar, etxebizitza bat eskuratzeko ezintasunak bultzatuta. Familia bat sortzeaz edo proiektu profesionala garatzeaz ari gara. Etxebizitza duina eskuratzea egiturazko arazo bihurtu da, eta zuzen-zuzenean eragiten die gazteei, langileei eta berton bizi eta bizimodua egin nahi duten pertsonei.
EAJ-PNVn argi baino argiago daukagu Herri erronka bat dugula gai horretan, eta horrek eskatzen digula konponbide serio eta iraunkorrak abiaraztea. Erronka handia da, hori bai, gizarte kohesioa mehatxatzen duena, baina frustrazioaren eta blokeo sentsazioaren aurrean, errealismotik eta erantzukizunetik lan egitea proposatzen dugu, ezinezkoak hitzematen dituzten diskurtsoetatik urrun.
Arazo konplexuek ezin dute konponbide magikorik izan. Ez dira konpontzen, ez eslogan errazekin ezta demagogiarekin ere. Hori dela eta, asmo handiko politikak garatzen ari gara, politika eraginkorrak, Euskadin etxebizitza eskuratzea errazagoa izan dadin.
Euskadiko etxebizitza etorkizunerako berme izan behar da berriz, eta ez desberdintasun iturri. Gai honekin arduratuta dauden pertsona guztioi esan nahi dizuegu etxebizitza alorrean konponbidea egon badagoela- eta dagoeneko lantzen ari garela.
Etxebizitza propioa izateko ereduaren alde egiten dugu, eredu orekatu eta eraginkorra, sektore pribatuarekiko lankidetzan eta konpromiso soziala helburu. Gure asmoa argia da: etxebizitza gehiago eraikitzea eta arinago egin ahal izatea, jakin dakigulako ezin zarela betiko zain egon.
Eusko Legebiltzarrean bultzatu dugun Etxebizitza Legea, esandakoa egiteko tresnarik eraginkorrenetakoa izango da. Etxebizitza gehiago egingo ditugu, sozialak eta askeak, alokatzeko etxebizitzen eta etxebizitza tasatuen eraikuntza arinduz. Gainera, burokrazia murriztuko dugu eta hirigintzako kudeaketa erraztuko dugu.
Eta ez gara ahaztuko hutsik dauden etxebizitzak merkaturatu beharraz, jabeei pizgarriak emanez, alokairuan jar ditzaten eta merkatu orekatuagoa ahalbidetuz. Lurzoruaren erreserba estrategikoa sortzen ari gara, udalekin are lankidetza handiagoa garatuz. Azken finean, nola eta non bizi nahi duzun erabaki ahal izan dezazun.
Euskadiko erakundeetan, EAJ-PNVren lidergopean, hainbat ekimen jarri ditugu martxan etxebizitzaren erronkari irtenbidea emateko.
Etxebizitza-eskubidea segurtasun juridikoarekin eta erantzunkidetasunarekin uztartzen duen eredu bat defendatzen dugu.