Txileko Santiago hirian hil da Narciso Irureta “El Vasco”

Txileko Santiago hirian, gaur goizean zendu da 81 urte zituela Narciso Irureta Aburto Frei presidentearen Garraio eta Telekomunikazio ministro ohia izan zena. Azkoitian jatorria zuen familiakoa zen Irureta eta entzute oso ona zuen Txileko hiritarren artean. ”El Vasco“ ezizenez ezagutzen zuten bertan.

Txileko Santiago hirian hil da Narciso Irureta “El Vasco” 26Abenduak
2005
2005 AbenduaK 26 |
Berria

PARTEKATU

Txileko ordezkaria izan zen Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Batzordean, irakaslea ere izan zen eta Nekazal Heziketarako Institutuko Sustapen eta Ikasketa zuzendaria, besteak beste. Narciso Iruretak bere ibilbide politiko eta profesionalean beti azpimarratu zuen Diasporako euskaldun jatorria zela berea. Sabino Arana Kultur Elkargoak bere lana saritu zuen 1994 urtean “Euskaldunak Munduan“  Sabino Arana Saria eman zionean.
 
Bere aita Azkoititik irten zen Miarritzera joateko Lehen Mundu Gerra zela eta. Bordeletik Montevideora joan zen eta handik Buenos Aires hirira. Argentinako hiriburuan urte bi eman ondoren 1918 urtean Txileko Valdivia hirira iritsi zen. Instituzioetan izan dituen karguetan Narciso Iruretak Txile eta Euskadiren arteko harremanak indartzearen aldeko agertu izan da beti, eta hainbat  lankidetza hitzarmen sinatu izan dira bere lanari esker.
 
Diputatua eta senataria izan zen hainbat legegintzalditan eta Pinochet jeneralaren erregimenaren arerio sutsuenetarikoa izan zen. Demokraziaren aldeko borrokak eta diktaduraren aurkako “Ezetzaren Komandoak” laguntasun eta buruzagitza handia izan zuten Narciso Iruretarekin.

Interesatu Zaitez