Patxi Salaberri euskaltzain izendatu dute

 

Euskaltzaindiak Patxi Salaberri euskaltzain izendatu du Bilboko egoitzan egin den osoko bilkuran, Patxi Ondarra zenaren hutsunea betetzeko. Akademiaren arauek agintzen duten legez, Salaberrik gehiengo osoa lortu du.

 


Patxi Salaberri euskaltzain izendatu dute 17Abenduak
2005
2005 AbenduaK 17 |
Berria

PARTEKATU

Hautagaiak aurkezteko epea joan den azaroaren 25ean Euskaltzaindiak Donostian egin zuen bileran amaitu zen. Bi hautagai aurkeztu zituzten, eta azkenean, Andres Iñigok, Patxi Zabaletak eta Henrike Knörrek aurkeztutako hautagaia aukeratu dute.

Ondarraren tokia betetzeko beste hautagaia Rosa Miren Pagola zen, Patxi Goenagak, Beñat Oihartzabalek, Pello Salaburuk eta Piarres Xarritonek proposatutakoa.

Patxi Salaberri Zaratiegi Uxuen (Nafarroa) jaio zen 1959an. 1982an Filologia Hispanikoan lizentziatu zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Euskal Filologian 1985ean, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bestalde, Ikerketa sari berezia eman zion, 1994an, Jimeno Juriorekin batera egindako Toponimia de la Cuenca de Pamplona lanagatik.

Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra da, 1990etik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, eta 2003tik Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria ere bada.


 

 

Interesatu Zaitez