Espainiar Estatuko ikerketa saria eman diote Pedro Migel Etxenikeri

Nazioarteko beste sari bat jaso du Pedro Migel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitatearen Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunak. Max Planck saria jaso zuen 1998an, eta Blas Cabrera ikerketa saria eman zion atzo Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak.
 

Espainiar Estatuko ikerketa saria eman diote Pedro Migel Etxenikeri 26Urriak
2005
2005 UrriaK 26 |
Berria

PARTEKATU

Bi urtetik behin baino ez dute ematen Blas Cabrera saria. Euren ikerketekin zientzia, giza zientziak, gizarte zientziak, teknologia, osasun zientziak edo teknologiaren gizarteratzea nabarmen bultzatzen dituzten zientzialariak saritzen dituzte, ikerketa zein herrialdetan egin duten kontuan hartu gabe.«Saria kalitatearen erakusle da», esan zuen atzo Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak. Saria unibertsitate osoarentzat pozgarria dela gaineratu zuen eta fisikari nafarrak zientzia zabaltzeko eginiko ahalegina nabarmendu zuen. «Horrek esan nahi du hemen kalitate handiko ikertzaileak ditugula. Etxenike irakaslearen lana EHUko hainbat ikertzailek egiten duten lanaren muturra da», gaineratu zuen Perezek.
Partikulak eta gainazalak
Partikulen eta gainazalen arteko interakzioen ikerketan eginiko lana aipatu du epaimahaiak saria Etxenikeri emateko arrazoibide gisa. Izan ere, ioiek solido eta likidoekin duten interakzioari loturiko efektu askoren deskribapen teoriko asko egin du zientzialariak, tartean Etxenike-Pendry ekuazioa. Formula hori gainazal batetik gertu mugimenduan diren elektroiek zenbat energia galduko duten aurresateko erabiltzen da. Horrez gain, plasmoiak aurkitu ditu berriki. Gainazal metalikoetan gertatzen den kitzikadura kolektibo mota berezia.
Etxenike Izaban jaio zen (Nafarroa), 1950ean. Cambridgeko Unibertsitatean fisikan doktore bihurtu zen. Hainbat sari irabazi ditu orain arteko ibilbidean. Euskadi Ikerketa Saria eman zioten 1996an. Ameriketako Estatu Batuetako Zientziaren Aurrerapenerako Ameriketako Elkarteak (AAAS) kidetzat hartu zuen 2001ean. Asturiasko Printzea saria eman zioten 1998an, bere ikerketa lanengatik, eta, urte berean, Max Planck fisika saria ere bereganatu zuen. Horrez gain, 23 doktorego tesi zuzendu ditu eta 250 lan baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko hainbat liburu eta ikerketa aldizkari espezializatutan.
.

Interesatu Zaitez