Joan den abuztuaren 3an 100 urte bete ziren, euskal literaturako zein Euskadin izandako Gerra Zibilaren historiako funtsezko figura izan den Estepan Urkiaga “Lauaxeta” euskal olerkari eta idazlea jaio zenetik. Horren kariz, Mungiako Udalak eta Sabino Arana Kultur Elkargoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak “Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada” erakusketa antolatu dute, eta helburu nagusi batekin: bisitariari euskal poesiaren berritzaile handietako baten figura hurragotik ezagutzen laguntzea eta 30eko urteetakoa bezalako belaunaldi garrantzitsu bat, margolariak, idazleak, olerkariak, etab. barnean hartzen zituena, mugiarazi zuten indarrak eta helburuak erakustea.
07Urriak “Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada” erakusketa Mungiako Olalde erakustaretoan ikusi ahalko da datorren abenduaren 11ra arte: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30etara; larunbatetan 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.
Lauaxetari buruz inoiz egin den erakusketarik handiena da eta gauzaki, dokumentu, panel, argazki ugari, dokumental historiko bat, ikus-entzunezko bitartekoak, etab. biltzea lortu du.
Hori egin ahal izan da, zenbait erakunde eta instituzioren laguntzari esker, zeintzuek erakusketa batean lehenengo bider ipintzen diren materialak laga baitituzte, hala nola: Lauxetaren epaiketa eta fusilamenduaren espedientearen kopia bat, El Ferrol-eko Artxiboan gordea; Federico Garcia Lorca Fundazioaren eskutitz bat; edo argazki orain arte ezezagun bat, Markinako “Karmel” aldizkariaren artxiboak lagatakoa. Euren lagapenekin lagundu dutenen artean aipatzekoak dira Bilboko Arte Eder Museoa, Bilboko Euskal Museoa, Azpeitiko Trenbide Museoa, Federico Garcia Lorca Fundazioa, Gasteizko Karmeldar Oinutsen Probintzi Artxiboa, Loiolako Santutegiko Agiritegi Historikoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, “Karmel” aldizkariaren Artxiboa, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia eta Museoa.
Lauaxetaren bizitzako lau aldi
Poetak idatzi bezala, “bizitza bide baten modukoa da” eta, zehazki, erakusketa lau tren-geltokitan dago egituratuta: lau leku Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poetaren bizi-bidean. Lau geltokiak Mungia, Bilbo, Gernika eta Gasteiz dira. Guztietan gauzakiak, dokumentuak, panelak, argazkiak eta besterik konbinatuta, ibilbidea eginez “Lauaxeta”ren bizitzan zehar.
Lizardiren kasuan legez, “Lauaxeta”ren (1905-1937) obra ez da olerkiaren arlora mugatzen, ezpada ze, gehien bat kazetaritza-artikulua eta, ez hainbeste, antzerkia lantzen ditu eta, noizean behin, saiakera ere bai.
Esteban Urkiaga modernotasunetik hur dagoen poeta gisa agertzen zaigu, batzuetan garaiko europar korronteen eta egileen mendekoegi, izan ere haiengandik sarri hartzen ditu oso zuzenean ideiak eta esaldiak.
“Lauaxeta”k, bere argitasuna medio, baliabide erraza eskaintzen du modernotasuna Euskadin zelan agertu zen aztertzeko. Europako mugimendu modernisten euskal bertsioa da. “Lauaxeta”rengan eta beraren obran modernotasunaren eta egile garaikideen arteko lotura mozorrorik gabe agertzen da eta europar poetikek euskal hizkuntzan duten presentziaren lorratzari zalantza barik jarraitzea ahalbidetzen du.
Mungiako lehenengo urte haiek
Hasteko, Mungiako geltokian Lauaxetaren bizitzako lehenengo urteak jasotzen dira. Laukizen jaioa 1905eko abuztuaren 3an, lau urte zituela Mungiako “Lauaxeta” baserrira joan zen bizi izatera; hain zuzen ere, gerora, bere idazlanetan izen hori hartuko zuen izengoititzat.
1921 eta 1928 bitartean josulagunekin ikasi zuen, lehenengo Loiolan eta gero Oñan. Loiolan ohartu zen Euskaraz. Estebanen kontzientziazio euskaltzalerako pertsona giltzarrietako bat Jokin Zaitegi izan zen.
Komentua utzi ostean, soldadutza egin zuen eta Euzkadi egunkarian hasi zen lanean. Euskarazko orrialdearen ardura zuen, ordura arte Nikolas Ormaetxea “Orixe”k kudeatu zuen bera. Haren kazetaritzarekiko lanbide-jaidura sasoi hartako olerkari ingelesak eta frantsesak itzultzearekin bateratzen zuen; horrek hurbildu zuen Europako abangoardiako poesiara.
1930ean Euskaltzaleakek Errenterian antolatutako Olerti Eguneko lehenengo saria irabazi zuen Maitale Kutuna poemarekin, Orixeren eta Lizardiren aurretik. Garaiko jostailuak, Markinako “Karmel” aldizkariak lagatako argazki ezezagun bat, Jose Ariztimuño “Aitzol”i idatzitako gutun bat, Jesusen konpainian sartzeko ohar txikiak eta botoa berritzeko bertso-koaderno bat (1925-1927) dira haren bizitzako aldi honen lekuko.
Bigarren erakusketa-gunean, Bilboko geltokian, Lauaxeta idazle eta kazetaria aurkituko dugu, euskara-irakaskuntzari eta bere sasoiko kultura-bizitzari emana. Aldizkarietan eta egunkarietan argitaraturiko artikulu ugariez gain, 1931n “Bide barrijak” poema-bilduma argitaratu zuen. Hizkera eta gai aldetik lan berritzailea zen. Urte batzuk iraun zuen tarte baten ondoren bere bigarren liburua, “Arrats beran” argitaratu zuen, hizkera pixka bat errazagoarekin. Bietan ukitu zuen heriotzaren gaia. “Olerkiak” ere idatzi zuen; liburu hori 1974an argitaratu zen. Bere garaiko poeten artean, Lauaxetak egin zuen ahaleginik gehien euskal lirika Europa osora hedatzen ari zen korronte modernoenetara hurbiltzen.
Sasoi hartatik bildu dira, besteak beste, Lauaxetak Garcia Lorcari idatzitako gutun bat, beraren poema batzuk euskarara itzultzeko baimena eskatuz, baita horietako hiru jadanik euskaratuta ere. Euzkadi aldizkariaren errotatibako giroak 24 minutuko ikus-entzunezko ekarriko du.
Euskadirekiko konpromisoa
Lauaxetaren kazetaritza-lanak eta euskararekiko konpromisoak harik eta, 1936ko gerra etorri zelarik, Euskadiko Gudarostean izena eman zuen arte iraun zuten; hor komandantea izatera iritsi zen. Gernikako geltokian gaude. 1937ko apirilaren 29an, Lauaxeta foru-urira abiatu zen La Petite Gironde egunkari frantseseko kazetari bati hilaren 26an alemanek egindako bonbardaketak eragindako hondamendia erakusteko. Gidaritza-zereginetan ziharduela frankistek harrapatu zuten. Ikus-entzunezkoa “Lauaxeta. Herri antzerkia” antzezlanerako egin zen eta bertan Euskadiko paisaia-irudiak erakusten dira eta ondoren, gerrako eta erbestaldiko beste batzuk.
Azkenik, Gasteizko geltokira helduko gara. Poeta eta gudaria espetxera daramate. Espetxe-gelaren erreprodukzio bat, non grabazio batek Lauaxetaren azken bizi-orduen lekukotasuna ematen duen; azken poemaren eta haren testamentu ideologikoaren ostean, Gasteizko Santa Isabel hilerriaren horma, non ekainaren 25ean fusilatu baitzuten 32 urte zituela.
Gainera, ibilbidean zehar bisitariak XX. mendearen lehenengo hereneko aldizkari zenbaiten azalak ikus ditzake, hala nola: Jainkozale, Jagi-jagi, Euzkadi, The Times, Eguna, etab. Nabarmentzekoak dira, halaber, ipini diren multimedia-guneak; haietan bisitariak Lauaxetaren olerkien hautapen bat, eta artista garaikideen pintura batzuk lagun, ikus dezake.
“Lauaxeta. Lau haize hamaika begirada” erakusketaren osagarri, Lehen Hezkuntzako (7-11 urte) eta Bigarren Hezkuntzako (12-16 urte) ikasleentzako zenbait tailer. Lehenengo kasuan xedea da, ikasleak, Lauaxetaren olerkietan oinarrituta, arte-lan bat sortu dezaten motibatzea, eta bigarrenean, bisitan jasotako informazioa birbegiratzea eta ikasleak kazetari-lana ezagutaraztea.