Txileko 2004ko sukaldaribururik onenaren saria eman diote Xavier Zabala Gipuzkoako sukaldariari

Txileko Gastronomia Kronikalarien Elkarteak 2004ko chefik onenaren saria eman dio Xavier Zabala gipuzkoarrari eta, horren haritik, elkarrizketa luzea egin dio La Nación Txileko egunkariak. Belauntzan jaio zen Zabala orain 46 urte, baina 20 urte daramatza Txilen.

Txileko 2004ko sukaldaribururik onenaren saria eman diote Xavier Zabala Gipuzkoako sukaldariari 17Otsailak
2005
2005 OtsailaK 17 |
Berria

PARTEKATU

Infante 51 jatetxeko sukaldaririk ezagunena da Xavier Zabala. Santiago ekialdean dago jatetxe hori, eta arrakasta handia izaten ari da, "lehenengo produktua, gero teknika eta, azkenik, artea da sukaldaritza" sukaldari maisuen leloa hartzen baitute ardatz.

Jakiei dagokienez, "Txileko itsasoan, guztiz ezezagunak diren altxorrak" daudela adierazi du Zabalak. "Jatetxeetan itsas aingira, arrano-berrugeta eta izokina baino ez dituzte prestatzen. Gainera, sukaldari gehienek larregi egosi eta oso olio txarrarekin egiten dituzte. Arrantzale batzuek deitu izan didate sareetan meroa ematen duen arraina daukatela eta ea ekartzea nahi dudan galdetzeko. Nik beti baietz esaten diet; ona bada, nik aprobetxatuko dudala eta ordainduko diedala".

Hainbat lan egin ditu Zabalak Txilen: ospe handiko taberna baten zein hainbat jatetxeren jabe izan da eta catering zerbitzua eskaini die enpresa zinematografikoei. Egun, oso kementsu dabil eta hamaika gauza egiteko irrikan dago. Adibidez, itsasoak balio handiko produktuak dituela irakatsi nahi die txiletarrei. Horixe da, hain zuzen, Infante 51 jatetxeko eskaintza nagusia.

Interesatu Zaitez