Esteban: "Otegirentzat dena da taktika, baina EAJ-PNVk gauza zehatzei begiratzen die, Herri hau aurrera eramateko"

EBBren presidenteak Radio Euskadin adierazi duenez “zail egiten da Bilduren idazkari nagusia bere proposamenekin zer esan nahi duen jakitea”, “gauza asko esaten dituelako, ezer zehaztu gabe” eta eskuin muturrak Europan egin duen gorakadari dagokionez pozik esan du gure Herrian presentzia eskasa duela: “Euskadi ezberdina da eta `ultraeskuina dator´ ohartarazpena nahiko mugatuta dago hemen”

Esteban: 22Irailak
IrailaK 22 |
EBB

PARTEKATU

“Hitz bat dago Otegik elkarrizketetan askotan esaten duena: `taktikoa´. Berarentzat dena da taktikoa. Eta, jakina, izan liteke berarentzat eta bere erakunde politikoarentzat den-dena taktikoa izatea, baina taktika hori baino ez da, taktika hutsa. Ez da harago joatea, ez da ezer estrategikoa eta sakoneko ezer ere ez da. Eta, jakina, berak ez du hitz egiten ez etxebizitzaz, ez energiaz ezta osasunaz ere, ez du hitz egiten hiritargoari zuzenean eragiten dioten gai zehatzen inguruan. Gu beste gauza batzuei begira gaude. Gauza zehatzak aurkezteko eta Herri hau aurrera eramateko”. Hala erantzun du EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik talde jeltzaleari behin eta berriz eginiko proposamenaz. “Zail gertatzen da Otegik zer esan nahi duen jakitea, gauza asko esaten dituelako baina ezer zehaztu barik”, esan du Estebanek.

EH Bildurekin jarraituz, EBBren buruak deitoratu duenez “aurrera egiteko orduan edo Otegik esaten duen batasun hori egiterako orduan”, Bilduk `ezetza´ ematen du Etxebizitza legearen bozketan, `ezetza´ inbertsioak errazteko  eta izapideak errazteko bideari, `ez ´Arartekoari, `ez´ Ertzaintzari, `ez´ Osasun hitzarmenari, `ez´ aurrekontuei, `ez´ energia gaiei, `ez´ zerga arloko gaiei. Herri hau aurrera eroateko gaiak direnean, erantzun bakarra `ez´ da.

Estebanek ildo beretik hitz egin du gainean dugun hauteskunde zikloari buruz eta esan du EAJ-PNVk “bi hauteskunde dituen ziklo bakartzat” hartzen duela. Hala, azaldu egin du Sánchezek Aurrekontuak ateratzerik ez badu, “urte bukaera baino lehen deialdia egin behar litzateke  eta Gorteetarako hauteskundeak udal hauteskundeak baino lehenago egin”. Ildo beretik, PSErekiko harremanaz gogoratu du talde biek “gehiengoa” osatzen dutela erakunde askotan eta horrek “ondo funtzionatu” izan duela: “Ez nik ezta nire Alderdiak ere ez dugu akordio hori auzitan jarri”.

Azkenik, igandean egingo den Alderdi Egunari dagokionez, Estebanek adierazi du EAJ-PNV bere jai nagusiaren 50. Ediziora iristen dela “Herri honen erreferente izaten jarraitzeko asmoarekin”. “Belaunaldi berrientzako mezu bat zabalduko dugu, ekitaldian protagonismo berezia izango baitute. Ordezkari politikoak saiatzen gara belaunaldi berriek gaur dituzten arazo nagusiei konponbideak ematen, eta Euskadik etorkizun distiratsua du aurrean, belaunaldi berri hauei esker”, amaitu du. 

Interesatu Zaitez