Gobernu Kontseiluak jaiegun izendatu du 2027ko urriaren 7a, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena ospatzeko
09Ekainak Imanol Pradales Lehendakariak gaur goizean aurkeztu du Ajuria Enea Jauregiko Elkargunean, gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren instituzionalizazioan mugarri garrantzitsua izan zen lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrena ospatzeko diseinatu den programazioa. Programazio hori ekainetik aurrera gauzatuko da, eta berrogei ekimen baino gehiago izango ditu, Jose Antonio Agirre lehendakariak gidatutako Euskadiko lehen Jaurlaritzaren ondarea gogora ekartzeko eta gobernu haren sorreran inspirazio izan ziren demokraziaren, askatasunaren eta gizarte-justiziaren balioak etorkizunerantz proiektatzeko.
Testuinguru honetan, eta gaur goizean Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, 2027ko urriaren 7a jaieguna izango da, 90 urte lehenago, 1936ko urriaren 7an, Gernikako Batzar Etxe historiko eta sinbolikoan historiako lehen Eusko Jaurlaritza, Euskadiko lehen subjektu instituzional eta politiko komuna, eratu zela ospatzeko.
Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek gogoratu du Agirre lehendakariaren lehen gobernu hura ezohikoa izan zela ezohiko egoera batean, frankismoaren mehatxupean itxaropen, humanismo eta elkartasun proiektu bat eraikitzeko gai izan baitzen, eta “gaur egun, 90 urte geroago, distira betean dago”, esan du.
Horrela, lehendakariaren ustez, “erradikaltasunaren aurrean moderazioaren irudia izan zen” lehen Exekutibo haren ereduak gaur egun interpelatu egiten gaitu “blokeen eta blokeoen, populismo eta autoritarismo modu berrien, eta klima-aldaketa, migrazioak edo desberdintasuna bezalako erronken mundu batean”.
“90 urte bete dira, eta bere ondarea berritzea eta ohoratzea dagokigu. Iparrorratz moral eta politiko horri heltzea dagokigu: pertsona –ez gizabanakoa– eta bere duintasuna beste guztiaren gainetik; askatasuna besteekiko erantzukizunaren eta konpromisoaren ideal gisa; eta, elkarrizketatik eta akordiotik abiatuta, herri eta mundu justuagoa eta aurreratuagoa eraikitzen jarraitzeko borondatea. Gure esku dago iragana etorkizunaren hazi eta eraldaketaren eragile bihurtzea. Urteurren hau, ospakizunerako, oroimenerako eta aitortzarako ez ezik, ekintzarako gonbidapena ere izan dadila”, esan du amaitzeko.
Lehendakariaren hausnarketak hartu dituen ekitaldian mahai-inguru bat ere egin da, eta bertan Mikel Aizpurua, Leyre Arrieta eta Roldán Jimeno historialariek parte hartu dute, lehen Eusko Jaurlaritzaren eta haren ondarearen garrantzi historikoa eta politikoa bere testuinguruan kokatzen laguntzeko. Aurkezpenean entitate, erakunde eta urteurrenaren programazioko eragile laguntzaileetako Ehun ordezkari inguru izan dira.
90.urteurrena ospatzeko ekitaldiak gonbidapen bat dira, euskal herritarrek aukera izan dezaten lehen Jaurlaritza hura posible egin zutenen oroimena ohoratzeko, autogobernuaren esperientzia aitortzeko eta, gaur egungo munduan, Agirre lehendakariaren Exekutibo hark lehenengo egunetik defendatu zituen eta gaur egun oraindik indarrean jarraitzen duten balioak zabaltzen laguntzeko.
Horrela, programazioa –ez dago itxita, urte osoan berritasunetara irekita egongo baita– bost atal nagusiren inguruan egituratuko da: memoria historikoa eta sozializazioa: dimentsio kulturala; nazioarteko proiekzioa; entretenimendua eta elementu herrikoiak; eta gaur egungo eta etorkizuneko eztabaidak. Programazio osoa 90urte.euskadi.eus atarian ikusi ahal izango da.
Memoria historikoa eta sozializazioa
Memoria historikoaren eta sozializazioaren ataleko ekitaldi garrantzitsuenen artean honako hauek daude: “Lehen Eusko Jaurlaritza. Eusko Lur gainean zutunik” dokumentalaren, irudi historikoen, elkarrizketen eta testigantzen bidez Exekutibo hark garatu zuen gobernu-ekintza kontatzen duenaren, estreinaldia eta zabalkundea; lehen Eusko Jaurlaritzari, bertako kideei, politika publikoei eta laurogeita hamar urteko historiako mugarri nagusiei buruzko erakusketa dibulgatzailea; eta ikurrinaren ofizialtasunaren 90. urteurrenaren ospakizuna, 2026ko urriaren 28an Gasteizen egingo dena.
Bestalde, 2027ko martxoaren 28an, Jesús Maria Leizaolak 1960ko egun berean lehendakari gisa, Agirre lehendakariaren hilkutxaren aurrean, Donibane Lohizuneko hilerrian, egindako zina oroituko da; 2027ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrena gogoratuko da; ekainaren 21ean, Agirre lehendakariak eta Euzkadiko Gobernu Kontseiluak erbestera abiatu aurretik onartutako “Turtziozko Manifestua” gogoratzeko ekitaldi bat egingo da; eta 2026ko azaroaren 14an, omenaldia egingo zaio autogobernuaren zutabe eta ikur den Ertzaintzari, eta aitortza egingo zaie lehen Ertzaña hartako kideei.
Programazioaren barruan Obras Completas de José Antonio Agirre y Lecube berrargitaratuko da, José Antonio Agirre, historiador del derecho vasco liburua argitaratuko da, De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín berrargitaratuko da eta lehen lehendakariaren irudiari buruzko dibulgazio-jardunaldien ziklo bat izango da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Manuel de Irujo saria berreskuratuko du justiziarekin, demokraziarekin, askatasunekin eta Zuzenbide Estatuarekin konprometitutako ibilbideak aitortzeko.
Beste proposamen aipagarri batzuk
Dimentsio kulturalari dagokionez, 2027ko martxotik maiatzera bitartean, Gernika Anabasa ikuskizun musikala, Xabier Irujok eta Garikoitz Mendizabalek Gernikako Bonbardaketaren memoriari eta bakearen eta askatasunaren defentsari eskainitakoa, estreinatuko da. Gainera, Euskadiko Orkestrak Jesus Guridiren Hamar euskal melodien interpretazioa sartuko du 2026-2027ko bere denboraldian.
Era berean, nazioarteko proiekzioaren epigrafearen barruan, 2026ko irailaren 8ak, Euskal Diasporaren Egunak, garrantzi berezia izango du, Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenari eta Euskadiko historia instituzionalaren eta munduan zehar banatuta dauden euskal komunitateen arteko harreman estuari eskainita egongo baita. Era berean, 2027ko apirilean, Frantziako hiriburua askatu eta Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Agirre lehendakaria eta bere Gobernua Avenue Marceauko egoitzara itzuli zirela oroitzeko ekitaldia egingo da Parisen.
Entretenimendua eta elementu herrikoiak atalaren barruan, 2026ko uztailaren 26an, ACT Ligako Getxoko Estropadak bat egingo du ospakizunarekin Agirre Lehendakariaren Omenezko XXII. Banderaren bidez; eta urri-azaroan Futboleko Euskal Selekzioak 90. urteurrena ospatzeko partida bat jokatuko du.
Azkenik, egungo eta etorkizuneko eztabaiden atalean, 2026ko uztailaren 14an, Nazio Batuen High-Level Political Forumaren esparruan, Agirre Lehendakari Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak Jose Antonio Agirre lehendakariari eskainitako jardunaldi bat antolatuko dute, demokraziari, nazioarteko zuzenbideari eta multilateralismoari buruz hausnartzeko. Era berean, datorren uztailaren 13an eta 14an, Miramar Jauregiak “Euskal autogobernua 90 urteren ondoren. Tradizioa, berrikuntza eta europar jomuga” uda-ikastaroa hartuko du, euskal autogobernuaren azken hamarkadetako bilakaerari eta indartzeari buruzko hausnarketa egiteko.
Iturria: Irekia