Durangon egin duen ekitaldi jendetsuan Euskadirekin konprometitu da EAJ-PNV, udal eta foru hauteskundeetarako 365 egunetara gaudela

2500 lagun baino gehiagoren aurrean, Estebanek, Pradales Lehendakariak eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Herrialde Batzarren presidenteek Euskadiren eraikuntzan EAJ-PNVk erakutsi dituen lidergoa, herri ikuspegia eta balioak defendatu dituzte, gainerako alderdi politikoak zaratan, lubaki- politikan eta, inkoherentzian tematuta daudela ikusita

Durangon egin duen ekitaldi jendetsuan Euskadirekin konprometitu da EAJ-PNV, udal eta foru hauteskundeetarako 365 egunetara gaudela 24Maiatzak
MaiatzaK 24 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Jeltzaleen buruak bere aldetik “oso larri eta kezkagarri” jo du Zapateroren kontra ezagutu den auzipetze-autoa, eta Sánchezi ohartarazi dionez “arduragabekeria litzateke 2026tik aurrera norabiderik, Aurrekonturik gabe jarraitzea, gehiengo egonkorrik gabe eta agenda deskontrolatu eta judizializatuarekin”.

“Gaur bertan, konpromiso bat hartuko dugu Euskadirekin. Gutako bakoitzak, oro har, baina bereziki herriaren ordezkari garenok: konforme ez geratzeko konpromisoa. Ez garelako konformatzen ondo kudeatzearekin. Albo batera begira ez geratzeko konpromisoa; kalera ateratzeko, entzuteko eta eraikitzeko konpromisoa. Herri hau egunero defendatzeko konpromisoa. (…) Euskadik merezi du berarengan sinetsiko duen jendea. Zainduko duena. Aurrera eramango duena. Bere etorkizunaren alde dena emango duena. Hori da gure zeregina. EAJri esker Euskadi gaur da Herri fidagarria. (…) Merezi duen herria dugu, bai eta bere onena emateko prest dagoen Alderdia ere. Eta, hori dena martxan jartzen denean, ez dago gu geldituko gaituenik”. Hori da Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Durangoko Landako Gunean zabaldu duen mezu nagusia, gaur egin duen ekitaldian EAJ-PNVk 2500 lagun baino gehiago batu dituela.

'ADI' akronimoarekin ezagutzera eman delarik, 'Aurrera Diharduen Indarra' goiburupean egin da ekitaldi nagusi hau, datozen udal eta foru hauteskundeetarako 365 egun falta direnean. Estebanekin batera, ekitaldian hitza hartu dute Imanol Pradales Lehendakariak, Iñigo Ansola BBBren presidenteak; Euge Arrizabalaga GBBren presidenteak; Jone Berriozabal ABBren presidenteak eta Unai Hualde, NBBren presidenteak. Ordezkari jeltzaleek bertan defendatu dituzte EAJ-PNVren lidergoa, Herri ikuspegia eta baloreak, gainerako alderdi politiken aldetik ematen ari diren “zarata, lubaki-politika, aldakortasuna eta inkoherentziak” ikusita. EBBren presidenteak alderdikideei eskatu die “etxerako egingo genukeen bezala kudeatzea. Gehiegikeriarik gabe, errealitatea azalduz, jendeari argi hitz eginez”. “Politika baloreak dira, artez jokatuz, akatsak eginez edo ez, baina zintzoak izanez”, esan du.

Eguneroko bizimoduari dagokion kudeaketa politiko eta instituzionalari dagokionez, Estebanek ziurtatu duenez “guk argi dugu: jendeak konponbideak eskatzen ditu. Ez zaratarik ezta hitz hutsik ere. Erantzunak”. Hala, etxebizitzaz, segurtasunaz, osasunaz, hizkuntza eskubideez eta migrazioaz hitz egin du jarraian. “Jendearen bizimodua hobetzea, hori da gure helburua. Errealismo, zintzotasun eta konbentzimendu osoz”, esan du, “alferreko hitz hutsetan” geratzen direnen aurrean. “EH Bilduk EAJ-PNVk etxebizitza arloan abian jarri nahi dituen neurriak ez babesteaz gain, lezio emaile dator”, esan du, "2016tik Gipuzkoan etxebizitzarako lurzoru gutxien laga duen alderdia izan arren". "Horretarako nahi al duzue udal-boterea? Besoak gurutzatu eta ezer ez egiteko?", galdetu du, EH Bilduk gobernatutako hainbat udalerrik azken zazpi urteetan etxebizitza berrien proiekturik sustatu ez dutela gogoratu ostean. PSE-EEri dagokionez, "ematen du profil politikoa markatu eta hedabideetan etengabe egon behar dutela. Askotan daturik gabe hitz eginez. Baina Euskadi ezin da besteen eztabaiden oihartzun iraunkor bihurtu". Eta "galdurik ibiltzea" eta politika "lubakitik" egitea leporatu dio PPri.

EBBren presidenteak Estatuko politika ere izan du hizpide, eta gogora ekarri du Auzitegi Nazionalak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren aurka ireki duen autoa: "Espainiako Gobernuak inguruan dituen eskandalu judizial guztiak guztiz kaltegarriak dira politikaren izen onerako eta gobernuaren egonkortasunerako. Eta oso argi esan nahi dut: hemen ez du denak balio. Bederatzi kasu ireki dira. Orain, Zapatero. Eta Sanchezek Zapaterori emandako babesa erabatekoa izan da. Instrukzioaren zantzu-fasean gaude, baina autoan irakurri duguna oso larria eta oso kezkagarria da. Eta Espainiako Gobernuak ezin du auzia argitu ‘lawfare’ dela eta ez dela esanez. Hori oso serioa da eta azalpen asko behar dira". Horren harira, ohartarazpen bat egin nahi izan dio Espainiako Gobernuari: "Gai honi gertutik egingo diogu jarraipena, PSOEk auzitegietan dituen besteei bezala. Panorama horrek oso zail egiten du Sanchezek legegintzaldia amaitzeko aukera izatea. Areago, esango nuke arduragabekeria litzatekeela 2026tik aurrera norabiderik gabe jarraitzea, Aurrekonturik gabe, gehiengo egonkorrik gabe eta agenda kontrolik gabe eta judizializatuta".

Bestalde, Imanol Pradales Lehendakariak eskatu du, garai nahasi eta zurrunbilotsuetan, kudeaketan eredugarritasuna, gardentasuna eta zintzotasuna izan behar direla nagusi. Ildo horretan, Madrildik datorren showarekin "ez despistatzeko" eta duela 90 urte eratutako lehen Eusko Jaurlaritza gidatu zuten printzipioak eta balioak "inoiz baino indar handiagoz defendatzeko" deia egin du. "Nahiz eta korrontearen kontra joan. Nahiz eta M-30ean, Silicon Valleyn edo Pekin-en modan ez egon. Euskadin: Iparrorratz Politiko eta morala", berretsi du.

Era berean, Lehendakariak gogorarazi du "aurrera eraman beharreko Herri bat" dugula, eta erronka garrantzitsuei egin behar diela aurre, hala nola, etxebizitza, euskara biziberritzeko bultzada, ongizate emozionala bermatzea, migrazioaren fenomenoari arreta eta erantzuna ematea, eta autogobernuaren defentsa, "askatasunaren bidean urrats sendoak ematen jarraitu behar dugulako". Horren harira, ohar batekin amaitu du: "Ez gara geldituko 1979tik Legez eta Erreferendumez dagokiguna lortu arte: Gernikako Estatutua osorik betetzea".

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarraren presidenteak "Landakoko espiritua" aldarrikatu du Pradales lehendakariaren hautagaitza aurkezteko egin zen ekitaldiari erreferentzia eginez. Ansolak gogorarazi duenez, "guztiok ilusionatu eta indartu gintuen eta hauteskundeetan emaitza onak izan genituen". Ansolak berretsi egin du EAJ-PNVk gizarte hau "aurrerabiderako, justiziarako eta askatasunerako bidean" gidatzeko duen konpromisoa, eta bertaratutako guztiak animatu ditu "espiritu horrekin berarekin ateratzera, Landakoko espirituarekin".

Euge Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik adierazi duenez, "Euzko Alderdi Jeltzalea gara. Alderdi Abertzalea. Arazoak konpontzeko -txikiak eta handiak- eta ez interes pertsonalen zerbitzura egoteko. Gure helburu nagusia da Herriaren nahia eta gogoa gidatzea: euskal nazioa egituratzea eta garatzea". Ildo beretik nabarmendu duenez "guk uste dugu Euskadiren etorkizuneko Estatus Politikoari buruzko erabaki demokratikoek errespetatuak izateko eskubidea dutela".

Jone Berriozabal Araba Buru Batzarraren presidenteak esan duenez EAJ-PNV da "euskal gizartearen zerbitzura dagoen tresna". Tresna bat “orain arte lortutako bizi-kalitatea sakontzen jarraitzeko, euskal osasun- eta hezkuntza-sistemak indartzeko, Aiaraldean eta Euskadi osoan industria eta kalitatezko enplegua suspertzeko, gazteak beren herrian bizitzen geratzea ahalbidetzeko, Arabako Errioxako ardoak mundu osoan ezagutarazteko, euskararen etorkizunean jauzi kualitatiboa emateko, Forondatik Europarekin eta munduarekin konektatzeko aukerak sustatzeko, Trebiñu ofizialtasun osoz Araba izatea lortzeko eta autogobernuak eskaintzen dituen aukerak identifikatzeko eta gauzatzeko, lurraldeen arteko elkarlanetik eta elkarren osagarri izanez”. "Ondo baino hobeto dakigu gure Herriarentzat zer nahi dugun. eta horren bila goaz", baieztatu du Jone Berriozabalek.

Unai Hualde Napar Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik azpimarratu du EAJ-PNVk Nafarroan "gobernu pluralak ahalbidetzeko" orduan bete behar duen zeregin erabakigarria: "Hamaika urte igaro dira Nafarroak norabide aldaketa eman zuenetik, hainbat hamarkadatan UPNren gobernuek euskaran eta gizarte arloan atzerapausoak eragin ondoren, frankismoaren biktimak erakundeen aldetik ahaztuak izan ondoren, edo gainerako euskal lurraldeei bizkarra emanda bizi ondoren". Horrela, "beste era batera goberna daitekeela erakutsi dugu, ekonomikoki ere haziz eta gure industria indartuz", eta "EAJ-PNV beti sendo egongo da euskara, kultura edo gure Herriaren autogobernua jokoan dagoenean, sinesten dugun horren alde inplikatzeko eta bustitzeko beldurrik izan gabe", adierazi du.

Interesatu Zaitez