2026ko Europaren Eguneko Adierazpena

Nortasuna, demokrazia eta bokazio europazalea

2026ko Europaren Eguneko Adierazpena 08Maiatzak
MaiatzaK 08 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Gaur, 2026ko maiatzaren 9an, Euzkadi Buru Batzarrak bat egiten du Europaren Eguneko ospakizunarekin, emozio bikoiztuarekin, gainera. Schumanen ametsaren sorrera gogoratzen dugu, gure memoriaren argitan egin ere, laurogeita hamar urte bete baitira lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik. 1936ko urrian, Gernikako haritzaren gerizpean eta haren babesean, José Antonio Agirre Lehendakariak, gerra betean zegoen nazio baten lidergoa ez ezik, betirako konpromiso bat hartu zuen bere gain: Euskadi izatea gaur Europar Batasuna definitzen duten balore demokratikoen gotorleku.

Kontzentrazio-gobernu hura aitzindaria izan zen. Totalitarismoa kontinentean gero eta urrats handiagoak ematen ari zen bitartean, euskal abertzaletasunak gizalege eta justizia sozialaren ahotsa altxatu zuen. Erbestealdiko ordu mingotsetan ere, gure emakume eta gizonak ez ziren nostalgiaren babesean gotortu, etorkizuneko Europa Batuaren oinarriak lantzeari ekin baitzioten. Paris, Londres eta Nueva York-etik Eusko Jaurlaritzak ozen aldarrikatu zuen Euskadiren askatasuna Europaren askatasunetik banaezina zela. Gaur gu gara ondorengo ikuspegiaren oinordeko: europazaletasun aktibo etengabea, zeinak eskubide propioarekin proiektu komunaren abangoardian kokatzen gaituen.

Baina, ikuskera hori ez zen kasualitate hutsez sortu, Euzko Alderdi Jeltzalearen kultura politikoaren emaitza izan baitzen. Duela 80 urte historia horrek eraman gintuen Nouvelles Équipes Internationales deiturikoaren sorreraren protagonista izatera. Izan ere, Europar Batasunaren ernamuin haren sorlekua Parisko Avenue Marceauko eraikina izan zen; EAJren eraikin bat,  demokraziaren kausaren zerbitzura jarri genuena eta europar eraikuntzaren itsasargi bilakatu zena. Hantxe, erbestean izan genuen etxean, herrien Europa eraikitzen lagundu genuen Europaren sortzaileekin batera. Hala erakusten dugu etorri berriak baino, proiektu komun horren arkitekto izan garela.

Laurogei urte geroago, munduak antzeko bidegurutze baten aurrean kokatzen gaitu. Mundu mailako zatiketaren aurrean aurkitzen gara eta, populismoen gorakadaren eta XIX. mendeko egituraketa zurrunen aurrean, Euskadik berrikuntza politikoa proposatzen du, egoera global honek dituen erronkei erantzungo diena.

2026ko Europar Batasunak "Herrien Europa" izan behar du. Euskal Herriaren berezko subiranotasuna aitortzea eskatzen dugu, Europako arkitektura federal baten subiranotasun partekatuaren esparruan, eta, Europar Batasuna handitzeko eta Tratatuak aldatzeko orduan, Europar Batasunaren araudiari Europako Argitasunari buruzko Zuzentaraua eranstea proposatzen dugu, Kanadakoaren eta Quebecekoaren antzekoa, estaturik gabeko nazioei barne-zabalkunderako aukera ireki ahal izateko, baldin eta, borondate politikoaz gain, Kopenhageko Irizpideetan atxikitzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

Europaren Egun honetan, beraz, biharko erronkei ere begiratzen diegu. EB bere autonomia estrategikoaren eta lehiakortasun globalaren aldeko borrokaldian dago murgilduta. Euskadik, bere sare industrial sendoarekin eta berrikuntzaren alde egiten duen apustuarekin, etapa berri honetarako eragile nagusi izan nahi du. Hala ere, ohartarazpen bat egin nahi dugu: eraldaketa teknologikoa eta trantsizio berdea arrakastatsuak izango dira baldin eta biak ala biak bidezkoak badira.

Gure ereduak, sustraiak 1936ko Gobernuak defendatu zuen justizia sozialean dituen euskal ereduak, defendatzen du lehiakortasuna ezin dela kohesioaren kontura joan.

Bere industria babestuko duen Europa nahi dugu, bere energia bermatu eta adimen artifiziala lideratuko duena, baina pertsonak babestuz egitea nahi dugu. Horretarako, estatu-tresnak behar ditugu Europan. Gure ahotsa Europan entzun dadila eta gure errealitate ekonomiko eta soziala aintzat hartua izan dadila, gure jardunbidea distortsionatuko duten iragazkirik gabe.

Etorkizuneko Europak adoretsua izan behar du. Batasuna giza eskubideen munduko erreferente izango bada, hasierako urratsa izan behar da bere barne mugak demokratizatzen hastea: gure Gobernuaren sorreraren 90. urteurrena betetzen den urte honetan, berriro mahaigaineratu nahi dugu Europan behar dugula segurtasun juridiko eta demokratikorako marko bat. Tresna instituzional bat, boto eskubidea baliatzearen bidez beren etorkizuna erabaki nahi duten nazio errealitateen asmoak bakean eta legeen bidez bideratzea ahalbidetuko duena: demokrazia ezin da batasunerako oztopo izan; haren oinarria izan behar da.

Agirre Lehendakaria eta 1936ko lehen Jaurlaritza hura gogoratzean, iragana ohoratzeaz gain, etorkizuna argiztatzen dugu. Euskadi ez da europar batasunaren eraikuntzaren ikusle, haren sortzaile moraletako bat ere badelako. 2026ko maiatzaren 9 honetan, Batasunarekiko hitzarmena berritzen dugu gure hizkuntzak, euskarak, eta kulturak nazioartean toki bat dutela jakinik.

Euzkadi, nazio Europan. Atzo, gaur eta bihar.

 

Interesatu Zaitez