Hiru Lurralde Historikoen eskuduntza fiskal propioari esker, foru aldundiek Irango gatazkak eragin ditzakeen ondorioak arintzeko adostu dituzten zerga neurriak aurkeztu dituzte gaur goizean. Helburua da Ekialde Hurbileko gerraren ondorioek eta ziurgabetasunak hiru lurraldeetako ekonomian, inbertsioan eta enpleguan izan dezakeen eragina arintzea. Neurri horiek, nagusiki, hauek dira: zerga zorrak geroratzea, PFEZaren ordainketa zatikatua egitetik salbuestea, eskuratutako aktibo berrien ezohiko amortizazio azeleratua, enplegua sortzearen kenkari gehitua. Era berean, aldundiek konpromisoa hartu dute BEZaren itzulketen tramiteak arintzeko, hartara enpresek finantzaketa handiagoa izan dezaten
01Apirilak Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi dute neurri horien helburua dela ehun ekonomikoa babestea eta laguntzea, arreta berezia jarriz sektore enpresa txikietan, mikroenpresetan eta langile autonomoengan, COVID-19aren pandemiaren krisian edo Ukrainako gerran egin zen bezala.
Adostutako neurriak:
Proposatzen da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen, mikroenpresen eta enpresa txikien zerga zorrak atzeratzea, bermerik eta berandutze interesik sortu gabe, baldin eta borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea Foru Dekretu Araua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabetean amaitzen bada. Adierazi behar da geroratze horiek ez dutela eraginik izango zergen aurkezpen arrunteko kanpainen ondoriozko zerga zorretan.
Orobat planteatzen da geroratutako zor horiek bi hilabetez etetea, aitorpena egiteko eta ordaintzeko borondatezko aldia amaitzen denetik aurrera. Epe horretatik aurrera, zenbateko bera ingresatu beharko da hileko 4 kuotatan zatikatuta.
Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak salbuetsita egongo dira PFEZren konturako ordainketa zatikatuak egitetik, baldin eta borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epea foru dekretu araua indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabetean amaitzen bada.
2026ko ekitaldian, fiskalki amortizazio azeleratu bat egiteko eskubidea aitortzen da (zenbateko arruntaren % 150) sozietateen gaineko zergaren zergadunek eskuratzen dituzten aktibo berrientzat; horrela, jarduera ekonomikoaren berraktibatzea bultzatzeko behar dituzten inbertsioak egiten laguntzen da.
2026ko ekitaldian, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat, malgutu eta handitu egin da enplegua sortzearen kenkariaren zenbatekoa sozietateen gaineko zergan eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, hartara enplegua sortzea errazteko. Bai enplegu orokorra sortzeagatiko kenkariak, bai gazteak eta emakumeak kontratatzeagatiko kenkari espezifiko berriak, %10ko igoera izango dute.
EAEko hiru foru aldundiek konpromisoa hartu dute, halaber, BEZaren itzulketen tramiteak arintzeko, epeak laburtuz, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko, aurreko krisialdietan egin zen bezala.
Aurreikuspenen arabera, neurri sorta honek epe laburrean likidezian egingo duen eragina honako hau da: 282 milioiko eragina Bizkaian, 103,5 Araban eta 155 Gipuzkoan. Beraz, adierazitako neurri horien eragin potentziala 540,5 miloi eurokoa da EAE osora begira.
Elektrizitatearen alorreko zerga murrizketa:
Arestian aipatutako guztiari, gainera, gehitu behar zaio energia eta energiaren sorkuntza kargatzen duten zergen pisua murriztearen eragina (BEZa eta zerga bereziak). Murrizketa hori Kongresuan onartu zen, 7/2026 Errege Lege Dekretuaren bidez, eta aplikagarri da Euskadin 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 20ra, 232 milioiko eragin negatiboa izango duelarik foru ogasunen bilketan.
Neurriak berehala indarrean jarri ahal izateko, aldundi bakoitzak presazko bere foru dekretu araua garatuko du, apirilean neurri horiek indarrean sar daitezen.
Foru Aldundien balorazioak:
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izan da hitza hartu duen lehena. Mendozak azpimarratu du neurri horiek oso garrantzitsuak direla lurraldeko ekonomia "babesteko eta indartzeko, gero eta handiagoa den ezegonkortasun geopolitikoaren aurrean". Azaldu duenez, "Indarrak batu eta erabateko babesa eta konfiantza helarazi nahi diogu industria eta enpresa sare osoari, batez ere enpresa txiki eta ertainei, nahiz autonomoei, gure lurraldearen ongizatearen oinarri direlako. COVIDaren pandemia edo Ukrainako gerraren hasieran egin genuen bezala, gure eskumenak ustiatu eta gure fiskalitatea egokitzen dugu, gure enpresei eta autonomoei laguntzeko helburuarekin. Iragarri dugun neurri sortak helburu du gure ehun ekonomikoa babestea, une zailetan oxigenoa ematea eta gerra egoeran sendotasunari eustea, ez baitakigu zenbat iraungo duen".
Ramiro Gonzalezek, Arabako diputatu nagusiak, azpimarratu duenez, "neurri fiskal horiek erantzun pragmatiko, proaktibo, arin eta osagarria dira egungo ziurgabetasun geopolitiko eta energetikoaren aurrean. Jarduera horiek zuzenean eragiten dute gure enpresen diru kontuetan eta likidezian, haien finantza presioa murriztuz eta jarduera ekonomiko eta produktiboari eusteko funtsezko beste ordainketa batzuk lehenestea ahalbidetuz”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, "ahal dugun guztia egiten ari gara Arabako produkzio-sareari egoera horri aurre egiten laguntzeko, enpleguari eusteko eta gizarte-kohesioa bermatzeko. Beste krisi batzuen kudeaketan sendotasuna erakutsi dugu eta orain berriz ere ekimena hartzen dugu, gure eredu industrialaren biziraupena eta gure enpleguen babesa bermatzea ahalbidetzen diguten tresna eta mekanismoen bitartez".
Bere aldetik, Bizkaiko diputatu nagusiak, Elixabete Etxanobek "hiru foru ogasunen arteko koordinazioaren emaitza" diren neurri hauek nabarmendu nahi izan ditu, "borondate eta gaitasun argiz lankidetzan aritzeko prest” dauden erakundeak garela azpimarratuz. Bizkaiko diputatu nagusiak gaineratu duenez, "erakunde bakoitzaren gaitasun anitzak koordinatzeko eta osatzeko unea da, foru-aldundiek gaitasun bereizgarria dugulako eta herrialdearen zerbitzura jartzen dugulako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa eta langile autonomoek abantaila dute egoera horri aurre egiteko, Estatuko gainerako lurraldeetakoen aldean; izan ere, foru-aldundiek gaitasun fiskala eta kontzertu ekonomikoa Euskadiko enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren zerbitzura jartzea erabaki dugu. Ez dira neurri teorikoak, enpresa-ehunarekin kontrastatuta daude, positiboki baloratzen ditu eta une honetarako eskatzen ditu, funtzionatzen dutelako, berehalako eragina dutelako eta ez direlako karga burokratikoa".
Iturria: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak