Javi Ollo burukideak eta Maider Irujo EGIkideak euskal hiritargoa deitu dute Aberri Eguna ospatzera, eta egun honen kariaz Euzkadi Buru Batzarrak prestatu duen adierazpena eman dute ezagutzera
'Aberria bizi' goiburua da EAJ-PNVk Aberri Egunaren 94. edizioa ospatzeko aukeratu duen goiburua. Euskal Aberriaren egun handia 1932. urtean ospatu zen lehen aldiz, talde jeltzalearen ekimenez. EBBko Lurraldearen Antolamendu gaietarako burukide Javi Ollok eta Maider Irujo Euzko Gaztediren Aberri Kontseiluan Euskara eta Kultura gaietarako arduradunak gaur aurkeztu dute EAJ-PNVk igandean, Bilboko Plaza Barrian, 2026ko Aberri Eguna ospatzeko egingo duen ekitaldia.
Domekan gainezka betetzea espero duten Bilboko Plaza Barrian instalatu den eszenatokitik, Ollok bertaratu diren hedabideei adierazi die Aberri Eguna dela “garena gogoratzeko, ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna, gure egutegian gorriz markatuta daukagun eguna da, bizitzeko eguna”. Ildo beretik baieztatu duenez “Euskadi lurralde bat edo izen bat baino gehiago da. Bertan bizi den eta Euskadi bere baitan sentitzen duen pertsona bakoitzaren taupadan dago, dagoen lekuan dagoela”, eta herritar guztiak gonbidatu ditu igandean Aberri Eguna bizi dezatela, eta ilusioz egin dezatela”.
Aurtengo ediziorako aukeratutako goiburuari dagokionez, Maider Irujok, jeltzaleen presidente Aitor Estebanekin eta Imanol Pradales Lehendakariarekin batera EAJ-PNVk egingo duen ekitaldi politikoan hitza hartuko duenak, azaldu duenez, “gogora ekartzen digu Herri gisa Historian zehar eman diren gertakariak nola sentitu ditugun. Aurretik daukagun etorkizunaz ere hitz egiten digu, Herri bizia etorkizuna duen herria delako”. Irujok ildo beretik aldarrikatu duenez “Aberri bizia gara, denboran biziraun duen hizkuntza zaharra duena. Ziurgabetasuna nagusi den egoera honetan ere, norabidea ezartzen dakien Herria, bai eta bere hiritargoa gidatzen eta inguru fidagarri izaten ere. Euskadi gehiago izan nahi du, Herri gehiago eta Nazio gehiago. Horixe da igande honetan aldarrikatu duguna, Aberri bizia garela eta Aberria egunero bizi dugula”.
Erantsita bidaltzen da 2026ko Aberri Egunaren kariaz Euzkadi Buru Batzarrak prestatu duen adierazpena.