Aurrera doa Gardentasun Legearen izapidetzea, kalitate demokratikoa, lankidetzazko gobernantza eta erakundeekiko konfiantza indartzea ahalbidetuko duena

EAJ-PNVk eta PSE-EEk nabarmendu dute, behin betiko testua ponentzian itxi ondoren, “funtsezkotzat” jotzen duten arau baten desblokeoa eta legearen izapidetzean zehar erakutsitako elkarrizketarako gaitasuna; talde guztien zuzenketak jasoko baititu

Aurrera doa Gardentasun Legearen izapidetzea, kalitate demokratikoa, lankidetzazko gobernantza eta erakundeekiko konfiantza indartzea ahalbidetuko duena  01Apirilak
ApirilaK 01 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Eusko Legebiltzarrak gaur beste urrats bat egin du etorkizuneko Gardentasun Legearen izapidetzean, testua ponentzian onartu ostean. Horrela, sendotu egin da arau honen aurrera egitea, kalitate demokratikoa eta herritarrek erakundeengan duten konfiantza indartzeko “estrategikotzat” jotzen dena. Datorren apirilaren 22an, testua batzordean onartuko da, egungo bilkura-aldia amaitu aurretik osoko bilkurara eramateko helburuarekin.

EAJ-PNV eta PSE-EE talde parlamentarioek mugarri honen garrantzia azpimarratu dute, “aspalditik espero zen” lege bat dela nabarmenduz, eta haren desblokeoa pausu garrantzitsutzat jo dute. Talde jeltzalearen izenean, Xabier Barandiaran legebiltzarkideak azpimarratu du “legearen izapidetzean, ponentzian, erakutsi den adostasun-gaitasuna”. Izan ere, behin betiko testuak talde parlamentario guztien zuzenketak jasoko ditu, eta horrek, EAJ-PNVren iritziz, “legearen zilegitasuna indartzen du eta adostasunetik politika erabilgarria egitea posible dela erakusten du”. 30 zuzenketa inguru onartu dira.

PSE-EEren aldetik, Pau Blasi legebiltzarkide sozialistak balioan jarri du arau hau, zeinak “administrazio irekiago, adimentsuago eta gardenago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duen, bere kudeaketaren kontuak emango dituena”. Nabarmendu du herritarren parte-hartzearen aldeko apustua, “haien inplikaziorako bide berriak irekiz, herritarren ahalduntzea deitu dezakegun horretan”.

Zentzu horretan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk bereziki azpimarratu dute SUMARrekin lortutako akordioa, Gardena erakundeko presidentetzaren izendapena Eusko Legebiltzarraren esku gera dadin, eta horrela kontrol demokratikoko mekanismoak indartu daitezen.

Gardentasun Legeak “jauzi kualitatiboa” ekarriko du gardentasunaren, informazioa eskuratzeko eskubidearen eta gobernu onaren arloan. Helburua da kontrol-mekanismoak indartzea, kontu-ematea hobetzea eta herritarrei administrazio irekiago eta arduratsuagoa eskatzeko tresnak eskaintzea. Era berean, lankidetzazko eta deliberaziozko gobernantza-prozesuak sustatuko dira, politika publikoen zilegitasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna indartzera bideratuak. Prozesu horiek parte-hartze inklusiboaren, gardentasunaren, elkarrizketa irekiaren, erantzunkidetasunaren, elkarrekiko konfiantzaren, partekatutako kontu-ematearen, emaitza kolektiboetarako orientazioaren, malgutasunaren eta egokitzeko gaitasunaren printzipioetan oinarrituko dira.

Azken batean, araudiaren helburua da Euskadi gardentasunaren eta kalitate demokratikoaren arloan estandar aurreratuenen mailan den arau-esparru moderno batez hornitzea.

Interesatu Zaitez