Salatu du Estatuak "zaharkituta" dauden arauak aplikatzen dituela, zorpetze-arazoak dituzten administrazioak eta saneatuta daudenak bereizten ez dituztenak, zerbitzu publikoetan edo inbertsioan egiten duten gastua mugatuz
EAJ-PNVko Maria Dolores Etxano senatariak gastu-araua malgutzeko eskatu dio Maria Jesus Monterori, administrazio publikoek baliabideak herritarren beharretara bideratu ahal izateko, are gehiago ziurgabetasun garai honetan. Gobernuko lehen presidenteorde eta Ogasun ministroak Senatuan egindako agerraldian, Etxanok deitoratu egin du Estatuak egonkortasun arau "zaharkituak" aplikatzea, "zorpetze arazoak dituzten administrazioak eta finantza egoera onbideratua duten administrazioak bereizten ez dituztenak", eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa aldatzea eskatu dio. "Ez dirudi arrazoizkoa denik baliabideak metatzen dituzten superabita duten administrazioek hauek ezin erabiltzea. Betiere erantzukizun fiskala eta aurrekontukoa duten administrazioak badira ", defendatu du.
Senatari abertzaleak gastu araua malgutzeari buruzko Estatuko araudia egokitzea eskatu du, Europako zerga esparru berriarekin lerrokatzeko, "Europak estatuekin duen malgutasuna Estatuaren arkitektura deszentralizatura eramateko". Etxanok deitoratu egin du Espainiako Estatuak 2012an despalanka-efektua maximizatzeko diseinatutako gastu-arau batean "ainguratuta jarraitzea", baita zorpetze arazorik ez duten administrazioetan ere. "Esperientziak erakusten du, hain zuzen ere, administrazio onbideratuenetan eragin handiagoa izan duela", adierazi du. "Superabit errepikariak eta zor-maila oso baxuak dituzten udalak ditugu, baina ezin dute zerbitzu publikoetan edo inbertsioan egiten duten gastua erreferentziazko tasatik haratago handitu".
2025eko superabitak malgutzea zein arautan aurreikusten duen ere galdetu dio Etxanok Monterori, mahai gainean jarriz "aurrekonturik edo gehiengorik ez izateak zaildu egiten du edozein akordio lortzea orain aurreikus zitezkeen malgutze horiek onartu ahal izateko". "Gobernuak superabit horiei aplika dakiekeen esparru juridikoa argitu beharko luke", eskatu du.
Ministroaren agerraldian, Segurtasun eta Defentsa Planerako aurreikusitako gastuen finantzaketari buruz ere eztabaidatu da, eta neurri horiei gerra-gatazkek Europako ekonomietan duten eragin zuzenari aurre egiteko behar direnak gehitu dizkie EAJ-PNVko senatariak, baita horiei lotutako giza dimentsioa ere. "Administrazio publiko guztiek malgutasuna beharko dute egoera horiei erantzun ahal izateko", eta "Estatuko Aurrekontu Orokor eguneraturik ez izateak kezkatzen gaitu; izan ere, gobernuen erantzuteko gaitasuna handiagoa da beti aurrekontu-esparru argi bat dagoenean, eta Espainiak ez du halakorik; horrek, ezinbestean, zaildu egiten du Gobernuaren jokabidea horrelako neurriak azkar diseinatzeko eta hedatzeko orduan".