Errenteriako EAJ-PNVk administrazio publiko euskalduna babesten du, udaleko EPEaren aurkako inpugnazioaren aurrean

Errenteriako EAJ-PNVren udal taldeak irmoki berretsi du administrazio publiko euskaldun baten aldeko konpromisoa, herritar batek Udalak administrari lanpostuetarako deitutako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren (EPE) aurka jarritako demanda ezagutu ondoren. Deialdi horren bidez 25 lanpostu bete nahi dira; hautaketa-prozesuan 800 lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta euskararen C1 hizkuntza-eskakizuna ezarri da.

Errenteriako EAJ-PNVk administrazio publiko euskalduna babesten du, udaleko EPEaren aurkako inpugnazioaren aurrean 10Martxoak
MartxoaK 10 |
ERRENTERIA

PARTEKATU

Alderdi jeltzalearen arabera, herritarrek hizkuntza ofizial bietan harremanak izateko aukera bermatzea ez da aukera politiko bat, ezta kontzesio bat ere; eskubide aitortua da, eta administrazio publikoek betebehar hori bermatu behar dute. Ildo horretan, nabarmendu dute zentzuzkoa dela herritarrekin harreman zuzena eta egunerokoa duten administrazio-lanpostuetan euskara eskakizuna betetzea, arreta egokia eskaintzeko.

EAJ-PNVren ustez, halako baldintzak zalantzan jartzeak, administrazioak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duen gaitasuna auzitan jartzea dakarrela. Gainera, jeltzaleek ohartarazi dute ezin dela benetan elebiduna den administraziorik eraiki, bertan lan egiten dutenek euskaraz herritarrei normaltasunez arreta emateko gaitasunik ez badute.

Halaber, Udal taldeak gogorarazi du Errenteria euskararen presentzia handia duen udalerria dela esparru sozialean, kulturalean eta komunitatean.  Horregatik, erakunde publikoek ezin dute errealitate horretatik aldendu, ezta hizkuntza-normalizazioaren prozesuan atzera egin ere. “Euskaraz normaltasunez artatzeko gai ez den administrazioak ez luke herritarrekiko duen betebeharra beteko”, adierazi dute.

Elixabete Murua bozeramaileak azpimarratu du euskararen defentsa alderdiaren konpromiso politikoa eta historikoa dela, herriarekin eta bere izaerarekin. “EAJ-PNV alderdi abertzalea da, eta gure hizkuntzaren defentsa proiektu politikoaren parte da. Guk herri honen nortasuna eta eskubideen defentsan sinesten dugu, eta horregatik hizkuntzaren erabateko normalizazioa dugu xede”.

Ildo berean, Muruak ohartarazi du EAJ-PNVk ez duela onartuko atzerapausorik hizkuntza-eskubideen bermean, ezta administrazio publikoetan euskararen normalizazioan. Aitzitik, EAJ-PNVk irmo jarraituko du lanean benetako hizkuntza-berdintasuna lortzeko, administrazio publiko erabat euskalduna sendotzeko helburu.

Azkenik, EAJ-PNVk berriro adierazi du bere konpromisoa “administrazio publiko hurbil, moderno eta euskaldun baten alde, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskara, herri honen berezko hizkuntza den heinean, indartzeko”.

Interesatu Zaitez