EBBren presidente Aitor Esteban buru izan duen ordezkaritza jeltzale zabala izan da gaur “Herri osoan orban sakona utzi zuten” gertakariak gogoratuz urtero egin ohi den lore eskaintzan. “Benetako erreparazio batek eskatuko luke Estatuak Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta gertakari hauekin zerikusia duten agiri guztiak desklasifikatzea”, nabarmendu du Estebanek.
03Martxoak EAJ-PNVk omenaldi hunkigarria eskaini die gaur 1976ko martxoaren 3ko sarraskiko biktimei, Polizia Armatuaren bortxazko jardunaren ondorioz bost pertsona hil baitzituzten eta dozenaka zauritu.
Gertakari haien 50. urteurrena bete dela, ordezkari jeltzaleek biktimenganako elkartasuna adierazi dute eta haientzat eskatu dituzte “egia eta erreparazioa”. Ohiko lore eskaintzan parte hartu ondoren, EAJ-PNVren EBBko presidenteak gogora ekarri du gure Herrian “orban sakona” utzi zuten gertakarien biktimentzako benetako erreparazioa soilik eman ahal izango dela “gertakari horiekin zerikusia duten agiri guztiak desklasifikatzean egia osoa ezagutzean”. “Ez da nahikoa parte batetik aukeratutakoa desklasifikatzearekin. Baldin eta benetako erreparazioa eman nahi bada eta biktimak benetan omendu nahi badira, estatuko instantzietik egin behar dena da Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta den-dena desklasifikatzea”.
EAJ-PNVren Arabako buru Jone Berriozabal, lurraldeko ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Eudel-en presidente Esther Apraiz, hiriko alkateorde Beatriz Artolazabal, Arabako Batzar Nagusietako presidente Irma Basterra eta beste hainbat ordezkari ondoan izan dituela, Estebanek ildo beretik aipatu nahi izan du aurreko astean Eusko Legebiltzarrean PSE-EErekin adostutako akordioa, eta “etsituta” agertu da Espainiako gobernuak gai honen inguruan gaur bertan onetsi duen adierazpenarekin. “Ministroen Kontseiluak gaur adostu duen agiriaren edukia ez dator bat duela egun batzuk PSEk Eusko Legebiltzarrean eman zuen pausuarekin, gertakari horietan Estatuaren erantzukizuna aitortuz eta orduko Gobernuak egin zuena salatuz”, deitoratu du Estebanek. “Jakina Estatuko gobernuak beste urrats bat eman behar duela”, gaineratu du.